• Egitasmoak 4 milioi euroren aurrekontua du, eta zortzi erakundek parte hartzen dute, horien artean CAF Signalling euskal enpresak
  • Garatutako teknologiak sistema txertatuen kontsumo energetikoa %50 murriztea ahalbidetuko du 

Gure telefono mugikorrak bere konputazioko elementuetan teknologia aurreratua dauka, funtzionalitateak itzaltzeko edo murrizteko, bere ahalmen osoa erabili behar ez dugunean energiaren kontsumoa murrizteko. IK4-IKERLAN I+Gko Europako proiektu bat gidatzen ari da, SAFEPOWER izenekoa, sistema txertatuetan, hau da, industria eta garraioko hainbat aplikaziotan erabiltzen diren prozesagailu elektroniko txikietan, horrelako estrategiak eta teknologiak ezartzeko, efizientzia energetikoa %50 hobetzeko, segurtasunari kalterik egin gabe.

Smartphoneen eta beste industria multimedia batzuen fabrikatzaileek kontsumo energetikorako estrategia oso eboluzionatuak garatu dituzte, beraien produktuek funtzio kopuru handia eskaini dezaten, kanpoko elikadura iturri baten menpe egon gabe, hau da, bateria txiki batekin besterik gabe funtzionatzeko.

Europar Batzordea ohartu da industrian eta garraioan erabiltzen diren sistema txertatuak ez direla hain efizienteak (oso funtzionalitate zehatza duten prozesagailu informatiko txikiak dira, gailu handiagoetan txertatuta), eta proiektu hau bultzatzea erabaki du, kontsumoko elektronikan energia kudeatzeko erabiltzen diren estrategiak eta teknologia horiek aipatu sektoreetara eramaten laguntzeko.

SAFEPOWER proiektua urtarrilean abiatu da eta hiru urte iraungo du, lau milioi euroren aurrekontuarekin. Gainera, egitasmoaren liderra den IK4-IKERLANez gainera, oso enpresa garrantzitsuek parte hartuko dute, horien artean egonik bertako CAF Signalling, edo SAAB, fentISS, Imperas, OFFIS (Alemania) eta KTH (Suedia) institutu teknologikoak, eta Siegeneko Unibertsitatea (Alemania).

Sistema txertatuak 

Sistema txertatuen erabilera esponentzialki biderkatu da azken bi hamarkadetan. Prozesagailu informatiko txiki horiek integratzen duten elementuaren funtzio bat edo batzuk kontrolatzen dituzte (fabrikako makina batean edo ibilgailu batean, esaterako), eta ehunka aplikazio dituzte, horietako asko kritikoak, segurtasunaren ikuspegitik.

Europako industriaren erronka handienetako bat da gailu gutxiagoetan gero eta funtzio gehiago sartzea, eta energiari dagokionez efizienteagoak bihurtzea, fidagarritasunean ezertxo ere galdu gabe. Asmoa da sistemetan dauden gailuen kopurua murriztea, lehenago hainbat gailu behar zituzten funtzionalitateak gailu bakar batean sartuz.

Horretarako, gailu bakoitzak prozesamendurako duen ahalmena handitzea ari da lantzen gero eta gehiago. Horrenbestez, SAFEPOWERen prozesagailu anitzez hornitutako sistemak garatuko dira (multicore), prozesagailu bakarra dutenak ez bezalakoak (single-core). Horrek baliabideak eta energia aurreztea ahalbidetuko du, sistema txertatu bakar bat gai izango delako funtzio desberdinak gauzatzeko.

Aplikazioak 

SAFEPOWERen garatutako teknologiarekin bi erakusgailu egingo dira. Bietan estrategiak eta teknologiak esploratuko dira, funtzionamenduaren exijentzien arabera energiaren kontsumoa optimizatzeko, eta biek izaera kritikoa edukiko dute pertsonen eta ondasunen segurtasunari dagokionez.

Bat trenbideak seinaleztatzeko sistemaren parte izango da. Gailu horrek ezin du huts egin, bestela pertsona askoren bizia jarriko litzatekeelako arriskuan. Horregatik, erakusgailuak oso segurtasun baldintza zorrotzak bete beharko ditu, araudiak bete ahal izateko. Gainera, efizientzia energetikorako estrategiak ere garatuko dira.

Beste erakusgailua hegazkinetan hegaldia kontrolatzeko sistema bat izango da. Sistema horrek hainbat funtzio integratu ahal izango ditu, zeinak gaur egun zenbait prozesagailuk egin behar dituzten, eta, ondorioz, funtzio berberak espazio txikiago batean eta energia gutxiago gastatuta elkartu ahal izango dira; betekizun horiek bereziki interesgarriak dira garraiobide batean ontziratutako teknologiari dagokionez.

Erakunde ziurtatzaile independente batek ebaluatuko ditu SAFEPOWERen garatutako teknologiak. Azterketa horrek emaitza balioztatzeko balioko du, eta merkatura transferitzen lagunduko du, izan ere, erabilgarritasuna egiaztatzeaz gainera, segurtasunari buruz indarrean dauden estandarrekin egon daitezkeen bateraezintasunak aurreikusi ahal izango dira.

Ahalmen bereizgarriak

IK4-IKERLANek esperientzia zabal du industria eta garraiorako sistema txertatuen arloan, batez ere segurtasunerako kritikoak diren funtzio batzuk eta bestelako batzuk elkarrekin erabili ditzaketen aplikazioen eremuan. Zentroa Europa mailako erreferentzia da horrelako gailuen garapenari dagokionez, zeinei kritikotasun mistoko sistema esaten zaien.

"IK4-IKERLANen esperientzia handia dugu sistema txertatuekin lan egiten. Horren froga da arlo horretako Europako I+Gko lau proiektutan parte hartzen dugula, eta horietatik bi gidatzen ditugula”, adierazi du zentro ikertzaile Mikel Azkarate-Askasuak. “Sistema txertatuak oso baliagarriak dira enpresentzat, beraien produktuei ahalmen bereizgarriak ematen dizkietelako, esaterako, funtzionalitate gehiago eta efizientzia energetiko handiagoa”, gehitu du.

"SAFEPOWERen puntako teknologiak sartzen ditugu konputazio gailuen  kudeaketa energetikoari dagokionez; teknologia horiek orain arte kontsumoko elektronikako gailuetan erabili izan dira, industri aplikazio kritikoetan. Produktu bakoitzak eduki beharreko gailuen kopurua ere murriztuko dugu”, azaldu du proiektuaren arduradun Azkarate-Askasuak.

IK4-IKERLANi buruz

IK4-IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentziari eta enpresei balio lehiakorra emateari dagokionez, hainbat domeinu teknologiko konbinatuz soluzio integralak eskaintzeko ahalmena baitu. Hori posible izateko arrazoia da sei esparru handitan espezializazio maila handia duela: sistema txertatuak, potentziako elektronika, mikroteknologiak, energiaren eraginkortasuna eta biltegiratzea, mekatronika eta fabrikazio aurreratua.

 

Miniatura
IK4-IKERLANek berriki martxan jarri den Europako SAFEPOWER proiektua gidatzen du
Miniatura
seo-url
smartphone-teknologia-industri-sistema-elektronikoen-efizientzia-energetikoa-hobetzeko
Id Externo
NOTA-95