- Segurtasun funtzionalaren ikuspuntutik konplexuak eta zorrotzak diren kontrol sistemak garatzeko ingurune eta tresnak garatu dira
- Proiektua 2011ko irailean abiatu zen, eta 3,6 milioi euroko aurrekontua izan du
Sistema txertatuen eremuan I+G bultzatu eta horren bidez egiaztapen prozesuan efizientzia, segurtasun funtzional eta fidagarritasun handiagoa lortzea eta esfortzu txikiagoa egin behar izatea izan dira IK4-IKERLANen gidaritzapean aurrera eraman den eta berriki bukatu den MultiPARTES proiektu europarraren helburu nagusiak. Ekimen horrek, zati batean Europar Batzordearen Zazpigarren Esparru Programak finantzatuta egon denak, kontrolerako hainbat sistema txertatu elkartzeko gai diren plataformak garatzeko balio izan du.
Sistema horiek egunerokoan erabiltzen diren objektu ugaritan –esaterako, automobiletan edo telefono mugikorretan– integratutako prozesadore informatikoak dira. Zeregin espezifiko baterako diseinatuta daude eta ezinbestekoak dira energiaren eta garraioaren moduko sektore estrategikoetan.
Merkatuak gero eta produktu konplexuagoak eskatzen ditu, eta horretarako ezinbestekoak dira sistema txertatuak, produktuei prestazio gehiago ematen dizkietelako. Halere, harritzekoa da eskariaren gorakada hori teknologiak dituen mugapenak kontuan hartuta.
Adibidez: Edozein automobilek 70-100 sistema txertatu ditu hainbat alderdi kontrolatzeko, esaterako autoen beira garbigailuen funtzionamendua, GPSa edo frenoen fidagarritasuna. Kontrol sistema horiek denak prozesadore bakarra duten txipetan oinarrituta daude (monocore izenez ezagunak). Hau da, sistema bakoitzak bere plataforma erabiltzen du. Kontrol sistema horiek guztiek bolumen handia betetzen dute ibilgailuan, eta guztira 45 kg-ra ere iritsi daitezke.
MultiPARTES proiektuan segurtasun funtzionalaren ikuspuntutik konplexuak eta zorrotzak diren kontrol sistemak garatzeko ingurune eta tresnak garatu dira. Horrekin lortu da multicore plataforma bakarrean, hau da, prozesatze gune bat baino gehiago dituen plataforma bakarrean sistema bat baino gehiago integratzea. Horri esker asko murriztu daitezke sistemen pisua eta okupatzen duten bolumena, baita hardwarearen kostua eta kontsumitzen duten energia ere, %25 energia gutxiago ere kontsumituta.
Plataformak kritikotasun maila desberdinak dituzten kontrol sistema txertatu bat baino gehiago integratu ditzake. Hau da, pertsonen zein objektuen segurtasunerako funtsezkoak diren funtzioak eta zentzu horretan hain funtsezkoak ez diren beste batzuk integratzen ditu. Autoaren adibidearekin jarraituta, plataforma beretik frenoak eta beira garbigailuak kontrolatuko lirateke.
Proiektuaren funtsezko emaitzetako beste batek egiaztapen prozesuarekin du zerikusia. Kritikotasun maila desberdineko azpisistema horiek plataforma berean integratzeak egiaztapen prozesuan esfortzu itzela egitea eskatzen du, eta funtsezkoa da prozesu hori erraztea. Proiektuaren baitan garatutako teknikekin egiaztapen prozesu hori azkartu daiteke, eta hori garrantzitsua da sistema seguruen kasuan.
Emaitza teknologikoak ebaluatzeko, energia eolikoaren, bideozaintzaren eta garraio aeronautikoaren sektoreetako kasu praktikoak erabili dira.
IK4-IKERLANen zeregina
Proiektuaren koordinazioaz arduratzeaz gain, IK4-IKERLANek sistema txertatuen alorrean dituen gaitasunak eskaini ditu, alor horretan erreferentea baita nazioartean. Segurtasunaren eta fidagarritasunaren alorretan industriak dituen eskakizunak zehazten lagundu du teknologia zentroak. Kritikotasunaren aldetik eskakizun desberdinak dituzten sistema txertatuen neurrira diseinatutako multicore hardware plataforma berriaren garapenean ere egin du lan.
IK4-IKERLANek diseinu metodologia berri bat garatzen ere lagundu du, garapen prozesuan (zehaztapenak, diseinua, inplementazioa eta balioztapena) mota horretako sistemak diseinatu edo aldatzeko beharrezkoak diren tresnak txertatzen dituen metodologia bat, zehazki.
Proiektua
MultiPARTES proiektuak 40 hilabeteko iraupena izan du eta 3,6 milioi euroko aurrekontua. Aurrekontu horretatik, 2,8 milioi euro Europako Batzordearen Zazpigarren Esparru Programaren bitartez finantzatu dira.
IK4-IKERLANez gain, proiektuan erakunde hauek parte hartzen ari dira: Universitat Politecnica de Valencia, Technische Universitaet Wien (Austria), Madrilgo Universidad Politecnica, TRIALOG (Frantzia), FENTISS (Espainia), TELETEL (Grezia), Visual Tools (Espainia) eta ALSTOM Renovables (Espainia).
“Aukera iturria”
IK4-IKERLANerako proiektua aukera iturria izan da: alde batetik, sistema txertatu fidagarrien alorrean ditugun gaitasunak ezagutzera eman dizkiegu garrantzi handiko eragileei, eta, bestetik, MultiPARTESen ezagutza berriak sortu dira, eta horiekin gure bezeroei produktu eta zerbitzu hobeak eman ahal izango dizkiegu”, ziurtatu digu Salvador Trujillok, IK4-IKERLANeko proiektuaren arduradun eta koordinatzaileak.
IK4-IKERLANi buruz
IK4-IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentziari eta enpresei balio lehiakorra emateari dagokionez, hainbat domeinu teknologiko konbinatuz soluzio integralak eskaintzeko ahalmena baitu. Hori posible izateko arrazoia da sei esparru handitan espezializazio maila handia duela: sistema txertatuak, potentziako elektronika, mikroteknologiak, energiaren eraginkortasuna eta biltegiratzea, mekatronika eta fabrikazio aurreratua.
Proiektuaren fitxa
Izena: MultiPARTES (Multicores Partitioning for Trusted Embedded Systems)
Erakunde finantzatzailea: Europar Batasuna
Programa: FP7-ICT-2011.3.4
Kontratu zenbakia: 287702
Proiektuaren gidaria: IK4-IKERLAN