- Zentroa produktuei ahalmen berritzaileak ematen dizkieten teknologia horien ikerketa eta garapenaren eragile nabarmena da
- "Smart Systems Integration"ak askotariko sektoreetan aplikatu daitezke, horien artean garraioa, energia, ekipo-ondasun industrialak eta osasuna eta elikadura egonik, besteak beste
Arazo finantzarioak, inbertitzeko arrisku handia eta hornitzaileen gaineko ezagutza falta dira enpresa txiki eta ertainek lehiakortasuna handitu ahal izateko teknologia berriak eskuratzeko orduan aurkitzen dituzten oztopo nagusiak. "Smart Systems Integration"ek ildo horretan jauzi garrantzitsua ematen lagundu diezaiekete enpresa txiki eta ertainei, produktuei prestazio berritzaileak emateko gai direlako, eta hori abantaila da lehiakideei dagokienez; gainera, sektore askotan aplikatu daitezke.
Orain dela gutxi, Europar Batasunak (EB) bi ikerketa proiektu onartu ditu, eta IK4-IKERLAN euskal zentro teknologikoak arlo horretan duen ezagutza eskainiko du. Ekimen horiek Gateone eta Smarter-SI dute izena, eta guztira 9,8 milioi euroko aurrekontua dute. Izan ere, Zentroak esperientzia handia dauka "Smart Systems Integration"en ikerketan eta garapenean, eta arlo horretan gero eta apustu handiagoa egiten ari da euskal industriaren sareari balioa eransteko.
IK4-IKERLAN erreferentzia da Euskadin horrelako teknologietan eta, inguruneko enpresekin duen hurbiltasunaren ondorioz, eragile garrantzitsua da da teknologia horiek enpresetan ezartzea sustatzeko.
"Smart Systems Integration"ek produktuei funtzio “adimendunak” emateko ahalmena dute, eta sektore askotan aplikatu daitezke, baina batez ere lau nabarmentzen dira, beren bolumenagatik: garraioa, energia, ekipo-ondasun industrialak eta, azkenik, osasuna eta elikadura. Lehendabiziko hirurek oso ezarpen zabala dute dagoeneko Euskadin, eta azkena, hain jarduera nabarmena ez badu ere, aukeretarako nitxo garrantzitsua da, merkatuan eskaria izaten ari den bilakaeraren ondorioz.
Baina, "Smart Systems Integration"ek zer adibide zehatzetan gertatu daitezke erabilgarriak enpresentzat? Adibideak kontaezinak dira, baina, batzuk aipatzearren, makina batek egiten dituen prozesuak kontrolatzeko erabili daitezke, elementu kritikoek garraiobide batean duten desgastea monitorizatzeko, edo pertsonenagan edo animaliengan infekzioak azkar detektatzeko ekipo eramangarriak garatzeko.
EBren babesa
Enpresa txiki eta ertainak berrikuntza horiek eskuratzen laguntzeko, EBk bi ikerketa proiektu jarri berri ditu martxan, 9,8 milioi eurorekin finantzatuta, eta helburua da enpresa txikiei sistema adimendunetarako sarbidea ematea; hain zuzen ere, IK4-IKERLANek "Smart Systems Integration"en arloan duen esperientzia eskaintzen du.
Azken urteetan zehar, EBk hainbat aldiz jarri du bere konfiantza IK4-IKERLANengan, zenbait proiektu onartuz, eta arlo horretako teknologia eta ezagutza garatu ahal izan du. Proiektu horietako batzuetan Zentroak partzuergoa gidatu du, eta beste batzuetan erreferentziazko partner teknologikoaren rola jokatu du. “Teknologia enpresa txiki eta ertainetara helarazteko bokazio argia duten bi proiektu berriak onartuta, EBk IK4-IKERLANen bi alderdi funtsezko aitortzen ditu: "Smart Systems Integration"en esparruan duen lidergo teknologikoa eta enpresa sarearekiko hurbiltasuna, batez ere enpresa txiki eta ertainekiko”, adierazi du Aitor Ezkerra IK4-IKERLANeko ikertzaileak.
Gateone eta Smarter-SI europar proiektuen iraupena 36 hilabete da guztira, eta Europako enpresa txiki eta ertainek sistema adimendunak barneratzeko eta komertzializatzeko asmoarekin diseinatu dira, hau da, ingurunea monitorizatzeko, erabiltzaileari informazioa emateko edo are erabakiak hartzeko eta erantzunak sortzeko ahalmena izango duten sistemak, prozesatutako datuetatik abiatuta.
"Smart Systems Integration"ak funtsezko elementuak dira sistema horien garapenari dagokionez, informazio lortzeko ahalmena handitzen, datuen lehen prozesamendua egiten eta gailu adimendunak ingurunearekin harremanetan jartzen laguntzen dutelako. Proiektu horien barruan, mikroteknologien pisua bereziki garrantzitsua da, funtsezko rola jokatzen dutelako azken erakusleari berezitasuna eta abantaila lehiakorra emateari dagokionez.
“Proiektu hauen helburua enpresa txiki eta ertainak berrikuntza teknologikotik bereizten dituen distantzia deuseztatzea da, eta enpresa horien, hornitzaile teknologikoen eta finantzatzeko bideen arteko topagune bat eskaintzea, produktuak elkarrekin garatu ahal izateko”, azaldu du Ezkerrak.
Zentro teknologikoak rol garrantzitsua jokatzen du bi proiektuetan, eta bertan faktoria lehiakorraren eta manufakturaren katearen kontzeptua ebaluatzeaz arduratuko da, batez ere polimeroko mikrofluidikari, elektronika malguari, kapsulatzeari eta interkonexioari eta integrazioari dagokienez.
Gainera, Europako enpresa txiki eta ertainen multzo batekin industri prototipo bat garatzeaz arduratuko da, eta marketin eta interakzio ekintzak egingo ditu eragile enpresarialekin, sistema adimendunek produktu errealetan dituzten aukera erakusteko asmoarekin.
Ezkerraren iritziz, ekimenen bereizgarri nagusietako bat enpresekin batera "produktu salgarriak eta merkatua dutenak” garatzen direla da, hau da, “kontua ez da merkatutik urruti dauden edo esplorazio moduan lantzen diren teknologiak diseinatzea”.
Proiektuak
Zehazki, Smarter-SI ekimena Alemaniako HSG-IMIT mikroelektronikako institutuak gidatzen du, 4,5 milioi euroko aurrekontua dauka, eta helburua da lankidetza bidezko fabrikazio plataforma europar bat ezartzea, sistema adimenduak diseinatu, prototipatu eta egiteko, gaur egun manufakturan baino oinarritzen ez den eredua ordezteko.
Gateone proiektua, berriz, Frantziako Yole Développement konpainiak gidatzen du eta, 5,3 milioi euroko aurrekontuarekin, bere helburua da Europako enpresa txiki eta ertainei erakustea teknologia lehiarako bereizgarri iturria dela, eta enpresak berritzen ausartzeko aukerak sortu nahi dira, beren inbertsioen arriskua murriztuz eta hornitzaile teknologikoen eta enpresa txiki eta ertainen arteko elkarrizketa sortzen saiatuz.
IK4-IKERLANi buruz
IK4-IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentziari eta enpresei balio lehiakorra emateari dagokionez, hainbat domeinu teknologiko konbinatuz soluzio integralak eskaintzeko ahalmena baitu. Hori posible izateko arrazoia da sei esparru handitan espezializazio maila handia duela: sistema txertatuak, potentziako elektronika, mikroteknologiak, energiaren eraginkortasuna eta biltegiratzea, mekatronika eta fabrikazio aurreratua.