- Monitorizazio sistemari esker, RPK-k bere makinen ekoizpena zehatzago ezagutu eta fabrikazio estrategia optimizatuak ezarri ahal izango ditu.
- Sistema horrekin, RPK-k bere posizionamendua hobetu nahi du eta marka internazional berriak erakarri.
RPK kooperatiba arabarrak, zeinak malgukiak, erresorteak eta kobre bobinak fabrikatzen dituen munduko enpresa ospetsuetarako, hala nola Mercedes-Benz edo BMW enpresetarako, urrats sendoa eman du bere ekoizpen prozesuen digitalizaziorantz eta optimizaziorantz, bere makinen monitorizazio automatikoari esker.
IK4-IKERLAN zentro teknologikoak garatu du soluzioa, eta soluzio horri esker Vitoria-Gasteizen duen lantegian instalatuta dauden makinen ekoizpenari buruzko datu zehatzagoak lortu eta zentralizatu ahal izango ditu, bai eta bere fabrikazio prozesuen lehiakortasuna areagotzeko ondorioak atera ere.
“RPKn gure fabrikazio prozesuetan berrikuntza teknologikoak sartzearen alde egiten dugu, hazteko bidea den heinean. Monitorizazio plataforma berriarekin gure posizionamendua hobetu dezakegu, enpresa internazional berriak erakartzeko”, ziurtatu du Javier Gordok, RPKren Zentro Teknologikoko zuzendariak.
Datuen zentralizazio automatikoa
Balio teknologiko handiko soluzio hau ezarrita, RPK laugarren iraultza industrialean edo Industria 4.0 izenekoan barneratu da, orain arte eskuz egiten zen prozesu bat automatizatuta.
Monitorizazio plataformari esker, automatikoki eta zehaztasunez zentralizatu daitezke banaka kontrolatzen den makina bakoitzetik jasotako datuak, aurretik prozesu hori erregistro bakoitza sistema zentralera banan-banan irauliz egiten baitzen. Emaitza gisa, sarritan distortsioak gertatzen ziren sartutako datuen eta errealitatearen artean.
Garapenari esker, makina bakoitzak ematen dizkie bere datuak sistema zentralari, eta horrek egiten du errore marjina txikiagoa izatea.
Efizientzia hobetzeko datu gehigarriak
IK4-IKERLANek RPKrekin elkarlanean garatu duen monitorizazio sistemarekin jauzi kuantitatiboa eta kualitatiboa eman da enpresak bere ekoizpen prozesuaren gainean zuen informazioari dagokionez.
Plataformak, makinako datuak zehaztasunez zentralizatzea ez ezik, RPKri ekoizpena doitu eta era eraginkorragoan lan egiten ahalbidetuko dioten beste parametro gehigarri batzuk monitorizatzen ditu.
Makinako datu gehiago lortzeak makinaren egoera hobeto ezagutzen eta makinaren errendimendua hobetuko duten neurri proaktiboak hartzen ere lagunduko du.
IK4-IKERLANi buruz
IK4-IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentzian, ikertzaileen espezializazioan eta enpresari balio lehiakorra ematen, besteak beste bere ikertzaileen espezializazioagatik. Soluzio integralak eskaintzen ditu, hainbat eremu teknologiko uztartuz, hiru esparru handitan: Elektronika, informazio eta komunikazioko teknologiak (EIKT), Energia eta Potentzia Elektronika, eta Fabrikazio Aurreratua. 2017an AENORek, IK4-IKERLANeko kudeaketa integraleko sistema ziurtatu du (UNE-EN ISO 9001:2015 eta UNE 166002:2014), honek zentroari I+G+b alorrean duen bikaintasuna aitortzen dio. Gaur egun, langile taldea 300 pertsona inguruk osatzen dute.