• Erakundeak 13 ikerketa proiektu europar berri eskuratu zituen 2018an, guztira 5,8 milioi eurorekin.

IKERLAN euskal zentro teknologikoak gero eta presentzia handiagoa dauka nazioarteko ikerketa eremuan. 2018an, 13 proiektu europar berri esleitu zitzaizkion erakundeari, bere arrakasta tasa % 27 izanik. Programa horretan, erakundeak 5,8 milioi euro eskuratu zituen 2018an.

Proiektu europarrak lehiarako ekimenak dira eta Europako Batzordeak finantzatuta daude, nagusiki bere H2020 esparru programaren bitartez. Europako zentro teknologikorik ospetsuenak lehiatzen dira Europako Batzordeak gidatzen dituen ikerketa eta berrikuntza teknologikoko proiektu horietan parte hartzeko aukera eskuratzeko.   Horregatik, agente eta zentro teknologikoen arteko lehia oso handia da, beraz, bikaintasun maila handia behar da proiektuetan parte hartzeko aukera edukitzeko.

Arrakasta tasa edo, beste era batera esanda, azkenean finantzatzen diren proiektuen eta zentro bakoitzak aurkeztutako proiektu kopuru osoaren arteko portzentajea da lehia handi horren adierazle nagusia.  

Proiektu europarren prestaketak ahalegin handia eskatzen du eta, beraz, arrakasta tasa zentro baten efizientzia, profesionaltasun eta bikaintasunaren adierazle bat da.

2007az geroztik, IKERLANek 69 proiektu europar finantzatzea lortu du (39 proiektu 2014-2018 aldian H2020 programarekin, eta 30 2007-2013 aldian FP7 programarekin). IKERLANen 2018an proiektu europarretan lortu duen arrakasta tasa % 27koa izan da. Hau da, 2014tik 2016ra bitarteko aldian Espainian lortu zen  batez besteko arrakasta tasaren bikoitza, hura % 14koa izan baitzen, eta aldi horretan bertan Euskadik lortutako indizea  baino handiagoa ere, % 17ko tasa lortu baitzuen. Europako tasa, berriz, %1 2,6koa izan zen.

“2018an lortutako emaitzak ez dira kasualitatez lortu, eta hala erakusten du 2007tik proiektu europarretan egin dugun ibilbideak, ziurtatu du Ana Martinez Esnaolak, IKERLANeko Ezagutza zuzendariak.

Ibilbide horrek frogatzen du IKERLANek proiektu europarrekin eduki duen estrategia, izan ere, zuzendariak argudiatu duenez, “soilik gure ikerketarekin bat datozen eta gure inguruko industrien erronkei erantzuten dien teknologia garatzen laguntzen diguten proiektuetan lehiatzen gara”. “Guretzat, Europa bitarteko bat da eta ez xede bat: horregatik, selektiboak gara proiektuak aukeratzean  eta kasu batzuetan ezetz esan behar diegu jasotzen ditugun gonbidapenei gure enpresek behar dituzten teknologiekin bat ez badatoz”, zehaztu du Ana Martinezek.

Proiektu europarrek ez dute soilik ezagutzak bereganatzen eta teknologia garatzen uzten: “Europan egin dugun lanak nazioartean erreferentzia diren partnerrekin aliantzak ezartzeko duten gaitasuna ere erakusten du”, azpimarratu du Chris Merveillek, IKERLANeko Nazioarteko arduradunak.

Zentzu horretan, euskal zentroak bazkide erreferenteak ditu Europan, hala nola Alemaniako Fraunhofer Gesellschaft zentroa (20 proiektu lankidetzan) edo Finlandiako VTT ikerketa teknikoko zentroa (9 proiektu lankidetzan).

Horrez gain, euskal enpresen interesekin bat datozen gaietan parte hartzea ez ezik –esaterako, aeronautika, sistema elektronikoak, energia, digitalizazio industriala edo elektromugikortasuna– IKERLAN partner garrantzitsua da  euskal enpresa askorentzat, izan ere, horiekin elkarlanean aritu dira Europan elkarren intereseko proiektuetan.

“Urtero hainbat nazioarteko proiektutan hartzen dugu parte gure bezeroekin, eta haientzat funtsezkoa da proiektuak beren intereseko teknologiekin bat etortzea eta arrakasta tasa handia lortzea, egindako ahaleginei ahalik eta probetxu handien ateratzeko”, esan du bukatzeko  Chris Merveillek.

IKERLANi buruz

IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentzian eta enpresari balio lehiakorra ematen, besteak beste bere ikertzaileen espezializazioagatik. Soluzio integralak eskaintzen ditu, hiru arlo nagusi hauetako hainbat eremu teknologiko uztartuz: Elektronika, informazio eta komunikazioko teknologiak (EIKT), Energia eta Potentziako Elektronika, eta Fabrikazio Aurreratua. 2018an, IKERLANek AENORen egiaztagiria lortu zuen, bere kudeaketa sistema integralagatik (UNE-EN ISO 9001:2015 eta UNE 166002:2014), zeinarekin zentroak I+G+B alorrean duen bikaintasun maila aitortzen baita. Gaur egun, 300 pertsonak baino gehiagok osatutako langile taldea dauka.

Miniatura
2018an, Europako Batzordeak finantzatutako ikerketa programetan zentro teknologikoaren arrakasta tasa Estatukoaren eta Europakoaren bikoitza izan da, %27ko tasarekin
Miniatura
seo-url
proiektu-europarrek-estatu-mailan-eta-europan-duten-arrakasta-maila-bikoiztea-lortu-du-ikerlanek
Id Externo
NOTA-198