- Silizio karburozko (SiC) eta galio nitrurozko (GaN) erdieroaleetan oinarritutako bihurgailuak dira, siliziozkoenak baino askoz prestazio handiagoekin
- Zentro teknologikoak energia, mugikortasun eta ekipamendu ondasunen sektoreetan liderrak diren enpresekin batera garatzen ditu bihurgailuak
Teknologia berriek potentzi bihurgailu konbentzionalak baino bihurgailu eraginkor, txiki eta arinagoak garatzeko aukera ematen dute dagoeneko. Ezaugarri horiek lehiakortasun handiagoa ematen diete produktuei, eta oso garrantzitsuak dira eraginkortasun energetikoari, garraio elektrifikatzeari eta energia berriztagarriak integratzeari dagokionez. IK4-IKERLAN erreferentzia da horrelako prestazioak eskaintzen dituzten bihurgailuen garapenaren aldeko apustuan, arlo hori irauliko duten bi teknologia berritan oinarrituta: silizio karburozko (SiC) eta galio nitrurozko (GaN) erdieroaleak.
CO2 igorpenak murriztu beharrak funtsezko arlo bateko ikerketa bultzatzen du, hau da, potentzi bihurgailuen arlokoa, horien eginkizuna izanik energia elektrikoa xede jakin baterako egokitzea eta eraldatzea.
Arlo horretan egiten ari diren aurrerapenak oinarrizkoak dira energia, mugikortasuna, industria, zerbitzuak eta kontsumoa bezalako sektoreetan. IK4-IKERLANek lankidetza du erdieroaleen belaunaldi berrian oinarritutako puntako aplikazioen garapenean liderrak diren enpresekin.
Azken belaunaldiko bihurgailuak
Potentzi bihurgailuek energia elektrikoak hainbat xedetarako egoki eta eraldatzeko balio dute, hala nola ekipamenduak elikatzeko, korronte zuzena korronte alterno bihurtzeko eta alderantziz, energia biltegiratzeko, motor eta sorgailu elektrikoen funtzionamendua eta abiadura kontrolatzeko…
Gailuak diseinatzean bilatzen den helburu nagusia da energia modu eraginkorrean erabiltzea. IK4-IKERLANek garatzen dituen silizio karburozko eta galio nitrurozko erdieroaleetan oinarritutako azken belaunaldiko bihurgailuek nabarmen hobetzen dituzte bihurgailu konbentzionalen prestazioak (siliziozko erdieroaleetan oinarrituta daude azken horiek), izan ere, %99ko errendimendua lortzen dute (bihurgailuek beroaren bitartez edukitzen dituzten galerak erdira murriztuz), eta pisua eta bolumena %50 murrizten dute
Onura horiek are garrantzitsuagoak dira faktore kritikoen artean pisuaren eta bolumenaren murrizketa behar duten aplikazioetan, esaterako, garraioaren edo aeronautikaren sektoreetara zuzendutakoetan.
IKR-IKERLANen ahalmenak
Erdieroaleen teknologia berrietan oinarrituta, IK4-IKERLANek eragin multisektorial handia begitantzen du, eraginkortasuna eta pisu eta bolumenaren prestazioak hobetzeari esker.
IK4-IKERLANek garatzen dituen erdieroaleek hainbat sektoretan dute eragina. Trenaren sektorerako, trakziorako, biltegiratzeko eta kontakturik gabeko energi kargagailuetarako bihurgailuak egiten ditu. Energiaren sektorerako, berriztagarriak integratzeko eta biltegiratze sistemak kudeatzeko bihurgailuak egiten ditu. Industriaren sektorean trakzioko motorrak kontrolatzeko bihurgailuak.
Trenari lotutako aplikazioetan, berriz, pisu eta neurri txikiagoak izatea abantaila lehiakor garrantzitsua da, aplikazio ontziratuak baitira.
Energia, ekipamendu ondasun, aplikazio industrial eta kontsumoaren sektoreetarako, abantaila lehiakor nagusia eraginkortasuna hobetzea da, horietan guztietan oso hobekuntza garrantzitsua izanik, energiaren kontsumoa murriztea ahalbidetzen duelako.
Automozioaren sektoreari dagokionez, bihurgailuen belaunaldi berriaren eragina ibilgailu elektrikoen ezarpen gero eta handiagora lotuta egongo da: kargatzeko estazioetarako bihurgailuak, ibilgailu hibrido eta elektrikoen trakzioa, sorgailuetarako bihurgailuak eta biltegiratzeko sistemak kudeatzeko bihurgailuak… autonomia handiagoa izango duten ibilgailu elektrikoak lortzeko.
Europako proiektuak
IK4-IKERLANek berriki aprobatu diren Europako bi proiektutan eskaintzen ditu bere ahalmenak, silizio karburoan eta galio nitruroan oinarritutako potentzi bihurgailuen arloan. Roll2Rail eta Powerbase proiektuak dira.
Europako Tren Industriaren Elkarteak (UNIFE) gidatzen duen Roll2Rail proiektua proiektuan, etorkizuneko trenetarako teknologiak ikertu eta garatuko dira. Proiektuak 16 milioi euroren aurrekontua izango du, kontinenteko fabrikatzaile nagusiek parte hartzen dute, eta espero da trenen ahalmena %15 eta puntualtasuna %50 handitzea, eta energiaren kontsumoa %30 eta fabrikazio kostuak %40 murriztea. Proiektu horretan, IK4-IKERLANek halaber partzuergoko kidea den CAFekin lankidetzan egingo ditu bere ikerketak.
Powerbase proiektuari dagokionez, Infineon enpresak gidatzen du, eta bere helburua da potentziako erdieroaleen garapenean Europaren kokapena indartzea, galio nitrurozko bihurgailuek hainbat aplikazioetan eskaintzen dituen hobekuntzak erakutsiz eta kuantifikatuz: LED argiztapena, fotovoltaikoa, telekomunikazioak, baterien kargagailuak edo automatizazio sistemetarako elikadura iturri trinkoak, adibidez. Proiektu horren esparruan, IK4-IKERLANek galio nitruroan oinarritutako bihurgailu trinkoen garapenari zuzendutako paketea gidatzen du.
“Enpresei lehiatzen lagunduko die”
"Gure ezagutzari eta silizio karburozko eta galio nitrurozko erdieroaleen teknologien aldeko apustuari esker, bihurgailu eraginkorragoak eta lehiakorragoak garatzen ari gara, eta horrek lagundu egingo digu produktu hobeak lortzen, eta gurekin lankidetzan diharduten enpresei lehiatzen lagunduko die eraginkortasun energetikoaren, garraioaren elektrifikazioaren eta berriztagarriak integratzearen aldeko lasterketan”, azaldu du IK4-IKERLANeko arloko arduraduna den Unai Viscarretek.
"IK4-IKERLANek arlo horretan duen ahalmenaren bermea herrialdeko puntako enpresekin dugun lankidetza da, eta Europako Roll2rail eta Powerbase proiektuetan parte hartzea ere beste errekonozimendu bat da ildo horretan", gehitu du.
IK4-IKERLANi buruz
IK4-IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentziari eta enpresei balio lehiakorra emateari dagokionez, hainbat domeinu teknologiko konbinatuz soluzio integralak eskaintzeko ahalmena baitu. Hori posible izateko arrazoia da sei esparru handitan espezializazio maila handia duela: sistema txertatuak, potentziako elektronika, mikroteknologiak, energiaren eraginkortasuna eta biltegiratzea, fidagarritasun estrukturala eta fabrikazio aurreratua, eta laguntzaile sare garrantzitsu bat duela, nazionala zein nazioartekoa, bezeroei soluziorik onena emateko eskaintza osatzen duena.