• Ekimenak 6 milioi euroren aurrekontua du, eta ikerketa bultzatzeko Horizon 2020 europar programak finantzatzen du
  • Proiektuan Europako sei herrialdetako 14 bazkidek dihardute, eta produkzio katearen kontsumo ereduak aldatuko ditu, materialen eta energiaren kontsumoa eta CO2 igorpenak murrizteko asmoarekin
     

Baliabideen kontsumoan eraginkortasunik handiena bilatzea etengabeko kezka da industri sektoreko enpresentzat, baina orain arte energia eta lehengaiak optimizatzeko estrategiak prozesuaren eragile bakoitzaren behar indibidualetara mugatu da.

Sektore metal-mekanikoaren balio kate produktibo osoan baliabideak modu eraginkorrean erabiltzea ahalbidetuko duten jarduera ildoak zehazteko helburuarekin, Europar Batzordeak MEMAN proiektua abiarazi du (Integral Material and Energy flow MANagement in MANufacturing metal mechanic sector), eta IK4-IKERLAN zentro teknologikoak rol garrantzitsua jokatzen du bertan.
MEMAN proiektuaren xedea balio kate metalmekaniko osoaren kontsumo ereduak aldatzea da, material eta energiaren kontsumoa murriztea lortzeko, CO2 igorpenak gutxiagotzeko eta oraingo eta etorkizuneko produktuen bizi zikloaren kostuak urritzeko.
Zehazki, ekimenaren asmoa da diseinatutako teknologiek eta sinergiek amaierako produktuaren kontsumo energetikoa eta CO2 igorpenak % 20 - % 30 urritzea, manufakturaren prozesua hasten denetik amaitzen denera arte, eta % 30 - % 35eko murrizketa lortzea, produktuaren bizi zikloa ernamuintzen denetik amaitzen denera arte.

Etorkizuneko fabrikei buruzko ikerketa

MEMAN proiektuaren partzuergoa MONDRAGON Korporazioak gidatzen du, eta Europako sei herrialdetako 14 bazkideren partaidetza du, enpresa txiki eta ertainen ordezkaritza zabalarekin.

5,99 milioi euroren aurrekontuarekin, proiektua Europar Batzordeak finantzatzen du, I+Gari laguntzeko Horizon 2020 programaren bitartez, eta ‘Factories of the Future’ ekimenaren baitan kokatzen da, etorkizuneko fabrikak esaten zaienentzat balio erantsi handiko teknologiak garatzera zuzenduta.

Ekimenak 42 hilabeteko iraupena du, eta emaitzak merkatura transferitu nahi dira, bertan ustiatzeko.

“Proiektu estrategikoa europar ekonomiarentzat"
“Berotegi gasen igorpenen garrantzia kontuan hartuta, eta baliabide energetikoen eta lehengaien kostuak handitzen ari direla kontuan hartuta, proiektuak garrantzi estrategikoa du europar ekonomiarentzat”, ziurtatu du IK4-IKERLANeko ikertzaile Juan Maria Goenagak.
Adituak azaldu duenez, prozesuaren maila oso jakin batean erabakiak hartzen dira produktuaren diseinuari, erabilitako prozesuei eta elkartutako teknologiei buruz, baina erabaki horiek produkzio kate osoan dute eragina, eta inplikatuta dauden elementu guztien kontsumoaren eraginkortasuna baldintzatzen dute.

MEMAN proiektuak estrategiak sortu nahi ditu baliabideen optimizazio globala bilatzeko, lehiakortasuna areagotzeko helburuarekin, baina baita ingurumen inpaktua murrizteko helburuarekin ere.

IK4-IKERLANen zeregina

Zentro teknologikoa gaur egun erabiltzen diren prozesuen eraginkortasun mailaren ebaluazioa eginez ari da proiektuan parte hartzen, hobetzeko aukerak identifikatuz eta hobekuntzak ezarri eta balioztatzen lagunduz.

Gainera, IK4-IKERLAN balio kateei egokitutako negozio ereduen garapenari buruzko atala gidatzeaz arduratuko da, eta proiektuan parte hartzen duten klusterrak ere gidatuko ditu, lankidetzan oinarritutako perspektiba batetik, betiere kate globalean energia eta baliabideen kontsumoa murrizteko helburuarekin.

“Proiektuak IK4-IKERLANen diziplina askoko ezagutzak eraginkortasun energetikoaren eta negozio ereduen diseinuaren arloetan modu berritzailean uztartzea ahalbidetzen du, euskal industri sarearentzat garrantzi handia duen jokaleku batean: fundizioa, mekanizazioa eta gainazalen akabera”, adierazi du Goenagak.

IK4-IKERLANi buruz

IK4-IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentziari eta enpresei balio lehiakorra emateari dagokionez, hainbat domeinu teknologiko konbinatuz soluzio integralak eskaintzeko ahalmena baitu. Hori posible izateko arrazoia da sei esparru handitan espezializazio maila handia duela: sistema txertatuak, potentziako elektronika, mikroteknologiak, energiaren eraginkortasuna eta biltegiratzea, mekatronika eta fabrikazio aurreratua.

Proiektuaren fitxa
Izena: MEMAN (Integral Material and Energy flow MANagement in MANufacturing metal mechanic sector)
Erakunde finantzatzailea: Europar Batzordea
Programa: Horizon 2020-FoF-03-2014
Kontratu zenbakia: 636926
Proiektuaren gidaria: MONDRAGON Korporazioa
 

Miniatura
IK4-IKERLAN MEMAN proiektuan parte hartzen ari da, energia eta materialen erabilera optimizatzeko
Miniatura
seo-url
europako-proiektu-batek-sektore-metalmekanikoko-enpresen-eraginkortasuna-sustatuko-du
Id Externo
NOTA-71