IKERLANek eta JEMAk, potentzia-elektronikan espezializatutako Irizar Group-eko enpresak, energia kudeatzeko sistemen (EMS, ingelesezko siglen arabera) belaunaldi berri bat garatu dute, sorkuntza berriztagarriko eta energia biltegiratzeko planta handien eragiketa optimizatzeko.

Dagoeneko bi instalaziotan martxan dagoen soluzioari esker, 50 MW-ra arteko plantak kudea daitezke modu eraginkorrean. Bilakaera horrek nabarmen zabaltzen du JEMAren sistemen irismena, eta tamaina eta konplexutasun handiagoko proiektu berriztagarriei heltzeko aukera ematen dio enpresari.

IKERLANek biltegiratze-teknologietan duen ezagutza ekarri du, baita energia kudeatzeko eta optimizatzeko algoritmo aurreratuen garapena eta hardware- eta software-arkitektura sendo eta eskalagarrien diseinua ere.

Garapen honek energia-sektorearen bilakaerari erantzuten dio: gero eta instalazio handiagoak daude, eta horietan gero eta baliabide berriztagarri anitzagoak integratu behar dira, bai eta informazio-bolumen handiak denbora errealean modu adimentsuan kudeatu ere. Testuinguru horretan, IKERLANen eta JEMAren arteko lankidetzari esker, soluzio eskalagarri bat garatu da, instalazio bakoitzaren behar zehatzetara egokitzeko modukoa.

EMSak modu adimentsuan koordinatzen ditu plantaren sorkuntza- eta biltegiratze-baliabideak. Horretarako, potentziaren banaketa denbora errealean optimizatzen du eta eragiketa-seinaleei erantzun azkarra ematen zaiela bermatzen du. Horrela, instalazioaren eraginkortasuna, malgutasuna eta sare elektrikoarekin elkarreragiteko gaitasuna hobetzen ditu.

“Proiektu hau adibide ona da energia-kudeaketan dugun ezagutza merkatura nola transferitzen dugun erakusteko. Industria-behar zehatz batetik abiatu gara, eta JEMAri proiektu konplexuagoei heltzeko, merkatu-aukera berriak eskuratzeko eta bere lehiakortasuna indartzeko aukera ematen dion teknologia garatu dugu”, azaldu du Haizea Gaztañagak, IKERLANeko Energia Biltegiratze eta Kudeaketa taldeko arduradunak.

EMS sistemetan esperientzia egiaztatua

Garapen hau IKERLANek energia kudeatzeko sistema aurreratuen arloan bultzatzen ari den ikerketa-jardueran oinarritzen da. Gaur egun, zentroak hainbat ekimenetan parte hartzen du, hala nola RESINET+ (Elkartek 2025-2026), CC-BIDEA (Elkartek 2026-2027), R5DES (Cervera Programa 2026-2028), HAVEN (Europa Horizontea 2024-2027) eta Co4RES (Europa Horizontea 2026-2029). Gainera, ibilbide luzea du enpresekin egindako proiektuetan, energia berriztagarrien integrazioa errazteko, energia-sistemen erresilientzia handitzeko eta azpiegituren optimizaziorako eta kudeaketa adimentsurako tresna berriak garatzeko. Jarduera horri esker, IKERLANek ezagutza eta teknologiak sortzen ditu, eta, ondoren, industria-sarera transferitzen ditu, JEMArekin batera garatutakoa bezalako soluzioen bidez.

JEMA e IKERLAN impulsamos nueva generación de sistemas de gestión energética

Soluzioa dagoeneko ezarrita dago Espainiako bi sorkuntza berriztagarriko instalaziotan.

JEMA e IKERLAN impulsamos nueva generación de sistemas de gestión energética