- Maintenance azoka ekainaren 4tik 6ra bitartean egingo da, Bilbao Exhibition Centren (BEC)
IKERLAN euskal zentro teknologikoak sektore pribatuarekin elkarlanean mantentze lanen eta 4.0 Serviceren eremuetan egin dituen azken aurrerapen teknologikoak aurkeztuko ditu Maintenance Bilbao azokan. Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKTak) aplikatuz garatu dituen zerbitzuen kontzeptu berritzailea da.
Maintenance ekitaldiaren hirugarren edizioa da, eta ekainaren 4tik 6ra bitartean egingo da Bilbao Exhibition Centren, Barakaldon. Arrasate-Mondragóneko zentroak stand propioa edukiko du han.
Mantentze lanak gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira industriaren barruan; izan ere, ekipoen bizitza luzatzea, fabrikazio prozesuen lehiakortasuna handitzea eta ekoizpen kostuak murriztea ahalbidetzen dute. Eremu horretan, IKERLANek mantentze lan aurreratuen zerbitzurako soluzio berriak garatzen ditu baliabidek optimizatzeko, produktuen fidagarritasuna hobetzeko eta negozioaren errentagarritasuna areagotzeko.
Bere ahalmenak aurkeztea ez ezik, azokan dagoela aprobetxatu eta industriako mantentze lanetan aplikatutako azken joera eta garapenak, aktiboen eta instalazioen kudeaketaren alorreko nobedadeak eta ekoizpenen fidagarritasunaren alorrean esperimentatutako aurrerapenak ezagutuko ditu zentro teknologikoak.
“Azoka honek aukera eskaintzen digu industriako mantentze lanen eremuan ditugun ahalmenak ezagutarazteko, baina, baita ere, sektorean erreferentziakoak diren enpresa eta agenteekin sinergiak sortzeko, salmenta osteko zerbitzu berrietan ezagutzen duguna haiei helarazteko eta ezagutzen trukea indartzeko”, azaldu du Jone Uribetxebarriak, Eragiketetako eta Mantentze lanetako Teknologien taldeko arduradunak.
Maintenance, non hitzaldi, solasaldi eta eztabaida panel ugari egongo baitira eta IKERLANek hitzaldi batekin presentzia aktiboa edukiko baitu, azken joerei irekitako erakusleiho bat da, eta sektorean nazioarteko erreferente diren agenteentzako topagunea ere bai.
IKERLANi buruz
IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentzian eta enpresari balio lehiakorra ematen, besteak beste bere ikertzaileen espezializazioagatik. Soluzio integralak eskaintzen ditu, hiru arlo nagusi hauetako hainbat eremu teknologiko uztartuz: Elektronika, informazio eta komunikazioko teknologiak (EIKT), Energia eta Potentziako Elektronika, eta Fabrikazio Aurreratua. 2018an, IKERLANek AENORen egiaztagiria lortu zuen, bere kudeaketa sistema integralagatik (UNE-EN ISO 9001:2015 eta UNE 166002:2014), zeinarekin zentroak I+G+B alorrean duen bikaintasun maila aitortzen baita. Gaur egun, 300 pertsonak baino gehiagok osatutako langile taldea dauka.