IKERLAN zentro teknologikoak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU/UPV) lankidetza hitzarmena sinatu dute honako helburu honekin: heziketa, prestakuntza, ikerketa, zientzia eta teknologia garapena eta berrikuntza sendotzea, fokua euskal industriaren beharretan jarrita. Hitzarmena IKERLANen egoitza nagusian sinatu da, Arrasaten, eta alde biek poztasuna adierazi dute lankidetza esparru berria sortu dutelako.

Hitzarmen berri horrek IKERLANi ahalbidetuko dio, ikertzaile berriak prestatu eta erakartzeaz gain, bere trebetasun teknologikoa handitzea eta industriak dituen erronka teknologikoen aurrean bere balio ekarpena hobetzea; izan ere, Unibertsitatearekin lankidetzan arituta, bere Espezializazio Teknologikoko Planean zehaztutako ikerketa estrategikoko lerroak indartuko baititu. EHU/UPVri dagokionean, hitzarmenak batez ere teknologia transferitzeko jarduera sendotzea ekarriko du, industriarentzat estrategikoak diren esparruetan, digitalizazioan, energian edo garraioan, esate baterako, Unibertsitateko hainbat ikerketa talderen ezagutzak eta garapenak aplikatuz.

Hitzarmenak azken urteotako erakunde bien arteko lankidetza sendotuko du. Gaur egun IKERLANek 15 doktoregai ditu unibertsitatearekin lankidetzan dihardutela eta, gainera, urtero unibertsitateko 20 ikasle inguru joaten dira Arrasateko zentro teknologikora karrera bukaerako lanak egitera.

Elkarrekin garatutako ikerketa proiektu berriez gain, nabarmentzekoa da lankidetzaren alderdietako bat izango dela EHU/UPVko ikertzaile seniorrek egonaldiak egitea IKERLANen, programa berezi bat tarteko. Ikertzaile horiek IKERLANeko taldeetan sartuko dira eta uztartu egingo dituzte EHU/UPVko irakasle lanak eta ikastekoak zentro teknologikoaren ikerketa lerroetan parte hartzearekin. Programa berri horrek jada eman ditu lehen urratsak, eta IKERLANen egonaldia egin du EHU/UPV-ko Seinale eta Irrati bidezko komunikazioen Tratamendurako Taldeko kide eta katedradun Pablo Angueirak, zeina zentroak garatzen dituen komunikazio industrialen esparruko proiektuetan parte hartzen ari den.

Horren harira, IKERLANeko zuzendari nagusi Marcelino Caballerok adierazi duenez, “hitzarmena palanka oso ona da bi aldeen espezializazio teknologikoa osatzeko; EHU/UPVk talde oso sendoak ditu IKERLAN Espezializazio Planarekin bat datozen ikerketa teknologikoaren esparruetan, esate baterako komunikazioetan, elektronikan edo kontrolean eta, indarrak batuta, askoz gehiago lor dezakegu elkarrekin”.

Bestalde, EHU/UPVko Zientzia Garapen eta Transferentziako errektoreorde Fernando Tapiak adierazi duenez, “IKERLAN zentro erreferentea da industrian aplikatutako ikerketan eta EHU/UPV berarekin lankidetzan aritzeak erakusten du gure unibertsitatea erakunde irekia eta berritzailea dela, lurraldeko eragileekin lankidetzaren kultura sustatzen duena eta horrek baieztatzen digu bide onean goazela ikerketaren eta transferentziaren alde egin dugun apustuan”.

IKERLANi buruz

IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentzian eta enpresari balio lehiakorra ematen, besteak beste bere ikertzaileen espezializazioagatik. Soluzio integralak eskaintzen ditu, hiru arlo nagusi hauetako hainbat eremu teknologiko uztartuz: Elektronika, Informazio eta Komunikazioko Teknologiak (EIKT); Energia eta Potentziako Elektronika; eta Fabrikazio Aurreratua. 2018an, IKERLANek AENORen egiaztagiria lortu zuen, bere kudeaketa sistema integralagatik (UNE-EN ISO 9001:2015 eta UNE 166002:2014), zeinarekin zentroak I+G+B alorrean duen bikaintasun maila aitortzen baita. Gaur egun, 300 pertsonak baino gehiagok osatutako langile taldea dauka.

EHU/UPVri buruz

Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU/UPV) Euskal Autonomia Erkidegoko goi mailako hezkuntzako erakunde nagusiena  da eta Espainiako garrantzitsuenetakoa, irakaskuntza emaitza, ikerketa, eta berrikuntza eta garapen teknologikoari dagokienez. Gaur egun, munduko 500 unibertsitate onenen artean sailkatuta dago, Shangaiko rankingaren arabera. Unibertsitate gisa, EHU/UPV Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza eta ikerketa erakunde garrantzitsuena da, bertan gauzatzen baita aipatu lurralde esparruko ikerketa guztiaren % 60. Gaur egun, finkatutako 280 ikerketa talde baino gehiago ditu. Astero zortzi doktore tesi egiten dira bertan, eta horietako lau nazioartekoak dira eta bat inguruko eragile sozioekonomikoekin lankidetzan burutzen da.

Hitzarmen berriak bi erakundeen arteko lankidetza sendotuko du hainbat jardueraren bitartez. Esate baterako, EHU/UPVko ikertzaileek egonaldiak egingo dituzte IKERLANen edo proiektu berriak garatuko dituzte elkarrekin