• DIGILABek aukera ematen du ikerketak eta saiakuntzak egiteko espazio ia industrial batean, eta zentroaren lidergoa indartu egiten du industriarentzat eta gizartearentzat eraldaketa digitaleko teknologietan.
  • Inaugurazio-ekitaldian izan dira Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako sailburua, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Iñigo Ucín MONDRAGON Korporazioko lehendakaria, María Ubarretxena Arrasateko alkatea eta Ion Etxeberria IKERLANeko zuzendari nagusia, eta 75 enpresa baino gehiagoko ordezkariak.
  • 1,5 milioi euroko inbertsioarekin, DIGILAB Eusko Jaurlaritzaren AZPITEK programaren bidez finantzatzen diren azpiegituren eta ekipamenduaren lehen inaugurazioa da.

IKERLAN zentro teknologikoak Estatuko lehen laborategi digital multiteknologikoa, DIGILAB, inauguratu du gaur Arrasaten: 2000 m2-ko eremua. Bertan, abangoardiako hainbat teknologia ikertzeko azken belaunaldiko azpiegitura aurki dezakegu, hala nola robotika kolaboratiboa, zibersegurtasuna, safety-a eta fidagarritasuna, 5G komunikazioak, adimen artifiziala eta konputazio kuantikoa. 2000 metro koadroko azalera du DIGILABek, eta beharrezko ekipamendua du euskal zentro teknologikoa digitalizazioaren arloan industria adimendunerako transferentzia teknologikoaren alorrean aitzindari izaten jarraitzeko. Laborategiak 1,5 milioi euroko inbertsioa izan du, eta Eusko Jaurlaritzaren AZPITEK programaren finantzazioa duen azpiegituren eta ekipamenduaren lehen inaugurazioa da.

IKERLANek erabiltzen dituen teknologia digitalek ia mugarik gabeko aukerak eskaintzen dizkiete aplikazio desberdinei. Industria-arloan, makinen eta prozesuen funtzionamendua optimizatzeko aukera ematen dute; horretarako, modu autonomoan (makinistarik gabe) ibiltzeko gai diren trenak, igogailuak edo energia eolikoa sortzeko sistema adimendunak garatzen dituzte, nork bere burua diagnostikatzeko eta akatsak aurreikusteko gai direnak, edo kontsumitzaileen nahiei aurrea hartzeko gai diren kontsumo-sistemak. IKERLANek aplikazio horietan guztietan lan egiten du munduko enpresa lokal eta multinazional aitzindariekin.

Inaugurazioan parte hartu dute Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Iñigo Ucín MONDRAGON Korporazioko lehendakariak, María Ubarretxena Arrasateko alkateak eta Ion Etxeberria IKERLANeko zuzendari nagusiak. Gainera, zentro teknologikoarekin lotutako enpresa eta erakunde ugarik parte hartu nahi izan dute ekitaldi horretan, eta bisita bat egin dute instalazioetara. Bisita horretan, ikertzaileek hainbat garapenen erakustaldiak egin dituzte. Zentroa garapen horiek  nazioarteko erreferentziazko bezeroentzat egiten ari da. Halaber, Telefónica Tech, Nestlé, Aldakin, Orona, Ingeteam eta CAF enpresetako zuzendariek ere parte hartu dute ekitaldian, eta hainbat elkarrizketa izan dituzte teknologia digitalen arloko erronkei eta DIGILABen espazioak enpresei eskaintzen dien ekarpenari buruz.

Ion Etxeberria IKERLANeko zuzendari nagusiaren hitzetan, “instalazio horiek IKERLANek etorkizuneko teknologia digitalen arloan dituen gaitasunak indartuko dituzte, plataforma multiteknologiko bat izateko aukera emango baitigu. DIGILABi esker, ezagutza berriak erakarri eta sortu ahal izango ditugu ingurune ia industrial batean, enpresei teknologia transferitzen dugun posizionamendu ona indartuz eta industriaren erronka errealei konponbide errealak eskainiz. Teknologia digitalen ekosistema berri horrek, gainera, prestakuntzarako eta ekintzailetzarako egokia den lankidetza-ingurunea sustatuko du”.

Laborategiak 1,5 milioi euroko inbertsioa behar izan du, eta Azpitek-en esparruan garatu da. Azpitek Eusko Jaurlaritzak iaz I+Grako eta ekimenerako abian jarritako laguntza-programa da, eta Euskadiko zentro teknologikoen ekipamendu zientifiko-teknikoa eskuratzeko, instalatzeko eta eguneratzeko laguntza ematea du helburu.

DIGILAB izango da, halaber, ENACek UNE 17025 arauarekin bat akreditatutako Espainiako zibersegurtasun industrialeko lehen laborategia. Bertan, produktu elektronikoaren adostasuna ebaluatzeko saiakuntzak egin ahalko dira, IEC 62443 arau berriaren arabera. IKERLANek Europako eta Ameriketako erakunde nagusiekin (ISA SECURE, adibidez) erregistratutako eta egiaztatutako metodologia du.

IKERLANen historiako jauzi teknologiko berri bat da, etorkizuneko I+Gko espezializazioaren aldeko apustu estrategikoa egiten duena, eta zentroa teknologia-eremu digitalaren erreferente gisa kokatzen duena. Etxeko marka gisa, teknologia merkatura hurbiltzeko eta enpresa bezeroak lehiakorragoak izateko beste urrats garrantzitsu bat da. Lankidetza publiko eta pribatuaren adibide berri bat da” dio Iñigo Ucínek, MONDRAGON Korporazioko lehendakariak.

Arantxa Tapiak, bere aldetik,  IKERLAN zoriondu du azpiegitura berri honengatik, eta I+Gak euskal enpresa-sare eta ekonomia osorako duen garrantzia azpimarratu nahi izan du. “Erakundeok uste dugu gure ekonomiaren lehiakortasuna zentro teknologikoek egiten duten lanean datzala hein handi batean. Ondoren enpresari transmititzen zaion ikerketa eta garapena. AZPITEK programaren aurrekontua 5 milioi eurotik 12 milioi eurora handitu dugu, eta, egiaztatu ahal izan dugunez, tresna bikaina da aurrera egiteko.”

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak adierazi duenez, trantsizio teknologiko-digitalak “desafio handiak ekarri dizkio lurraldeko industriari, baina baita aukera eta leiho berriak ere”. “Erronka horiei guztiei aurre egiteko garaian, ahalmen garrantzitsuak dauzka gure lurraldeak. Zientzia- eta berrikuntza- sare indartsu bati esker, eraldatze digitalari sendotasunez eta izaera berritzaile batekin erantzuteko apustu garrantzitsuak egiten ari gara eta, ahalegin horretan, aitzindari izango dira Ikerlanen Arrasate Digilaben instalazioak”, azpimarratu du diputatu nagusiak, eta, era berean, erronka digitalari erantzuteko “enpresekin eta zentro teknologikoekin lankidetza estuan” jarraitzeko konpromisoa hartu du.

IKERLANI buruz

IKERLAN zentro aitzindaria da teknologia-transferentzian eta lehiakortasun-balioak industriari egiten dion ekarpenean. Soluzio integralak eskaintzen ditu bi arlo nagusitan arlo teknologiko desberdinak konbinatuz: Elektronika, Informazio eta Komunikazio Teknologiak (EIKT), eta Energia eta Mekatronika. Gaur egun, 380 lagunek osatzen dute zentro teknologikoko lantaldea. MONDRAGON Korporazioko eta Basque Research and Technology Allianceko (BRTA) kooperatiba kide den aldetik, IKERLANek enpresa-eredu jasangarria, lehiakorra eta etengabe aldatzen ari den alde egiten du. IKERLANek egiaztagiri hauek ditu gaur egun: ISO 9001:2015 Kalitatearen Kudeaketa Sistema, UNE 16600:2014 I+G+B Kudeatzeko Sistema eta ISO 27001:2013 Informazioaren Segurtasuna Kudeatzeko Sistema. Horrek adierazten du zentroaren bikaintasuna aintzatesten dela I+G+b arloan.

Miniatura
2000 metro koadroko gune multiteknologiko berria Arrasaten dago, eta azken belaunaldiko azpiegitura espezializatua du industriara bideratutako arlo hauetan ikertzeko: elkarlaneko robotika, zibersegurtasuna, safety-a eta fidagarritasuna, 5G komunikazioak, adimen artifiziala eta konputazio kuantikoa.
Miniatura
seo-url
ikerlanek-estatuko-teknologia-digitalen-laborategi-aurreratuena-inauguratu-du
Id Externo
NOTA-231