- TÜV Rheinland-ek egiaztatu du IKERLANek proiekturako definitu dituen software-eguneratzeen arkitektura segurua.
- Trenen eta automobilgintzaren sektorerako teknologia garatu ondoren, zentroa, industrian aplikazio ugari dituen esparru berri honetara eramateko lanean ari da.
- Funtsezko proiektua da Europa teknologia-aldaketa horretarako prestatuta egon dadin, zibersegurtasuna eta pertsonen segurtasuna funtsezkoak izango direlarik.
Urrunetik, itsas zabaleko turbina eolikoen mantentze-lanetan espezializatutako robot baten softwarea edo prozesu industrialak automatizatzera bideratutako robot kolaboratibo bat (baita biltegiratze-eremuetan objektuak aurkitzen dituen dron bat ere) eguneratzeak denbora, dirua eta baliabideak aurreztea ekarriko luke, gaur egun lan horietan aritzen diren pertsonen segurtasuna babesteaz gain.
Eragiketa horiek urrunetik egiteko aukera, Interneteko konexio baten bidez, smartphone direlakoetan hartutako filosofia berarekin, funtsezkoa da gero eta digitalizatuagoa den industria baten lehiakortasuna bermatzeko. Eguneratzeak gailuak funtzionatzen ari diren bitartean gertatzen dira, ez dira gelditzen prest jartzeko, eta horrek erabilgarritasuna handitzen du. Hori dela eta, Europako UP2DATE proiektuaren esparruan, IKERLAN teknologia hori garatzen hasi da automobilgintzan edo trenbidean aplikatzeko, eta sektore horietan segurtasuna funtsezko faktorea da, akats batek galerak, kalte fisikoak edo giza bizitzarako mehatxuak eragin baititzake. TÜV Rheinland-ek linea seguruan egindako eguneratzeen arkitekturarako emandako ziurtagiria lortu ondoren, zentro teknologikoak orain kontzeptu hori droneetara, AGVetara ('gidatze automatikoko ibilgailua' ingelesez), robotetara eta gainerako sistema autonomoetara eramatea du helburu. Sistema autonomoaren funtzionamendua geldiarazi gabe, urrutitik eta modu seguruan eguneratzeak aurrezpen handiak ekarriko lituzke zenbait sektoretan, hala nola igogailuetan, robotikan edo makinetan, horietan fidagarritasuna ezinbestekoa baita.
IKERLANek ibilbide luzea egin du sistema autonomoen teknologietan eta softwarearen eguneratze seguruan, eta erreferente bihurtu da Estatuan ziurtagiriei eta segurtasunari dagokienez. UP2DATE proiektuaren bidez, zentroak etorkizuneko garraioan urruneko eguneratzeen teknologia orokortzea mugatzen duten erronka nagusiak ikertzen ditu: segurtasun funtzionala (safety) eta zibersegurtasuna (security), biak batera eman behar baitira. UP2DATE proiektu giltzarria da Europa teknologia-aldaketa horretarako prestatuta egon dadin, zibersegurtasuna eta pertsonen segurtasuna funtsezkoak izango direlarik.
“Teknologia hori industriara transferitzea da hurrengo pausoa” esan du Irune Agirrek, IKERLANeko proiektuaren koordinatzaileak. “Gure helburua da UP2DATE esparruan sortutako lorpen eta garapenak merkatuan ondo egokitzen direla bermatzea, Europako I+G+b proiektuen ezaugarri den teknologia-transferentziaren konpromisoarekin bat etorriz”. Hori bat dator garapen teknologikoko zentroak enpresen benetako beharretarako duen bokazioarekin.
Horretarako, UP2DATek CAF du tren-sektoreko urruneko eguneratzeak ebaluatzeko; izan ere, enpresa horren helburua da instalazio-denbora eta mantentze-jarduerak % 50 murriztea. Automobilgintzaren alorrean, TTech, IAV, Marelli eta antzeko enpresek hartuko eta ebaluatuko dute automobilgintzaren sektoreko irtenbidea, eta sektorean iraganean izan duten eragin ekonomikoa ordezteko eta mantentzeko kanpainen % 90eraino murriztu nahi du.
UP2DATE programak (2020-2022) 4 milioi euro inguruko aurrekontua du, Europako Batzordeak Horizon 2020 Programaren bidez emana. Programa horrek hainbat gairen inguruko ikerketa- eta berrikuntza-proiektuak finantzatzen ditu. 2020an hasi zenetik, IKERLAN da programa horren koordinazioaren buru, eta Barcelona Supercomputing Center, CAF Signalling, IAV, Marelli, DLR eta TTTechek ere parte hartzen dute. IKERLANEK espero du ikerketa 2022an amaitzean UP2DATEren emaitzak Europako industriarako estrategikoak diren beste sektore batzuetan aplikatu ahal izatea, hala nola espazioan edo aeronautikan.
IKERLANi buruz
IKERLAN, BRTAko kidea, zentro liderra da teknologiaren transferentzian eta enpresari balio lehiakorra ematen, besteak beste bere ikertzaileen espezializazioagatik. Soluzio integralak eskaintzen ditu, hiru arlo nagusi hauetako hainbat eremu teknologiko uztartuz: Elektronika, Informazio eta Komunikazioko Teknologiak (EIKT); Energia eta Mekatronika. 2017an, IKERLANek AENORen egiaztagiria lortu zuen, bere kudeaketa sistema integralagatik (UNE-EN ISO 9001:2015 eta UNE 166002:2014), zeinarekin zentroak I+G+B alorrean duen bikaintasun maila aitortzen baita. Gaur egun, 350 pertsona inguruk osatzen dute langile taldea.