- “4.0 Industriak aukera ematen du serbitizazioaren bitartez negozio aukera berrietara jotzeko”, esan du Xabier Sagartzazuk, zentroko Fabrikazio Aurreratuko Unitateko zuzendariak
- Ekitaldia azaroaren 22an izango da, Donostia-San Sebastiángo Kursaal Jauregian
Eusko Jaurlaritzak bultzatuta egingo den Basque Industry 4.0 ekitaldia dela-eta, IK4-IKERLAN zentro teknologikoak mantentze lanen eta Service 4.0ren alorrean egin dituen aurrerapenak erakutsiko ditu; izan ere, ekitaldiak bilatzen du industriaren digitalizazioaren alorrean dauden azken joeren gainean eztabaidatzea. Jardunaldia azaroaren 22an izango da, Donostia-San Sebastiángo Kursaal Jauregian.
Arrasate-Mondragóneko erakundeak, IK4 aliantza teknologikoko beste kide batzuen stand bera edukiko duenak, industriako garabiak (eta mugikortasunaren eremurako beste aplikazio batzuk) monitorizatzeko azken belaunaldiko teleaginte baten prototipoa erakutsiko du jardunaldian. Velatia taldekoa den eta elektronikako eta IKTetako soluzioetan espezializatuta dagoen IKUSI euskal industriaren elkarlanean garatu da prototipoa.
Gailua Service 4.0ren eremuan kokatzen da. Service 4.0 laugarren iraultza industriala deiturikoaren barruan agertzen hasi den kontzeptua da, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien aplikazioan (IKT) oinarritutako zerbitzu berrien garapena definitzen du. “4.0 Industriak aukera ematen digu produktutik harago bezeroari balioa ematen dioten zerbitzuen bitartez negozio aukera berrietara jotzeko”, esan du Xabier Sagartzazuk, IK4-IKERLANeko Fabrikazio Aurreratuko Unitateko zuzendariak
Urrutiko monitorizazioa eta akatsak iragartzea
Zehazki, hurrengo asteazkeneko hitzorduan IK4-IKERLANek erakutsiko duen teleagintearekin bezeroa une oro makinen flotaren funtzionamenduaren gainean informatuta egon ahal izango da eta egon daitezkeen akatsak iragarri ahal izango dira.
Horretarako, gailuak garabien funtzionamendua irrati bidez kontrolatzen du eta, horrez gain, garabien jarduera monitorizatu dezake eta internet bidez informazio hori cloud plataforma batera bidali, bertan datuak prozesatzeko. Era berean, sistemak atari bat dauka erraz maneiatzen den interfaze batekin, informazio hori kontsultatu ahal izateko.
IKUSIk hainbat proba pilotu jarri ditu jada martxan Euskal Herriko eta Frantziako industria planta batzuetan, eta horrela bere eskaintza zabaldu ahal izango du balio erantsi handiko zerbitzuen zorro berri batekin.
Donostiako enpresak garapenaren xehetasun guztiak emango ditu, bere R&D Manager Borja Perezen eskutik, hitzordurako programatutako hitzaldietako batean.
Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak
Proiektua aurrera eramateko, IK4-IKERLANek Internet komunikazio industrialen protokoloetan, lainoko konputazioan edo datuen kontsultan eta bistaratzean dauden azken aurrerapenak aplikatu ditu, izan ere, horiek dira industria paradigma berrian funtsezko diren kontzeptuetako batzuk.
Zentro teknologikoak esperientzia zabala du IKTak industria ondasunen kontrolerako, monitorizaziorako eta zaintzarako sistemetan sartzen eta txertatzen, eta esperientzia horrek eman dion ezagutza bere bezeroen esku jartzen du laugarren iraultza industrialak eskaintzen dituen aukera berriei probetxua ateratzeko.
“Basque Industry 4.0 foroan gure industria ehuneko eragilerik garrantzitsuenak elkartzen dira, eta foro horretan erakutsi nahi diegu, benetako soluzioekin, 4.0 industriak eskaintzen dizkien abantaila guztiei etekina ateratzen lagundu ahal diegula, lehiakorragoak izateko”, esan du bukatzeko Sagartzazuk.
Zentzu horretan, IKERLANen eskaintzaren barruan sartzen da makinen funtzionamenduari buruzko datuak eskuratu, tratatu, era fidagarrian jakinarazi eta analizatzeko eta ondoren ekintza egokiak sortarazteko beharrezkoa den elektronika guztia. Eskaintza horren osagarria da zentroak mekanikari, energiari edo kontrol aurreratuari lotutako teknologien gainean duen esperientzia, monitorizatu beharreko alderdiak doitasun handiagoz zehazten uzten baitute.
Basque Industry 4.0ri buruz
Basque Industry 4.0 ekitaldia SPRI Enpresa garapenerako euskal agentziak antolatzen du, bere jomuga izanik laugarren iraultza industriala eta EIKT tresnak aztertzea, industriako prozesuak optimizatzen lagunduko dutelakoan. Laugarren edizio honetan, erakusketarako gune bat egongo da eta hitzaldi eta tailerren programa bat, industria bizi ari den digitalizazio prozesuaren gakoak partekatzeko.
IKERLANi buruz
IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentzian, ikertzaileen espezializazioan eta enpresari balio lehiakorra ematen, besteak beste bere ikertzaileen espezializazioagatik. Soluzio integralak eskaintzen ditu, hainbat eremu teknologiko uztartuz. Hori posible izateko arrazoia da hiru esparru handitan espezializazio maila handia duela: Elektronika, informazio eta komunikazioko teknologiak (EIKT), Energia eta Potentzia Elektronika, eta Fabrikazio Aurreratua. Gaur egun, langile taldea 300 pertsona inguruk osatzen dute.