- Sistema txertatuen eta potentziako elektronikaren arloetan dituen ahalmenak eta horiek hainbat sektoretan duten eragina erakutsi zituen
- "Global Innovation Day enpresekin egiten dugun lanaren balioa agerian jartzeko aukera da"
IK4-IKERLANek bere bezeroekin batera garraio, jasogailu eta ekipo-ondasunen sektoreetan inplementatu dituen hainbat garapen erakutsi zituen Global Innovation Day ekimenean. Topaketa ekainaren 3an egin zen Bilboko Euskalduna jauregian, eta zentro teknologikoak stand bat izan zuen hainbat euskal enpresa garrantzitsurekin garatutako gailuak erakusteko, horien artean egonik Orona, CAF, Fagor Automation eta Fagor Elektronika.
IK4-IKERLANek sistema elektroniko txertatuei eta potentziako elektronikari lotutako teknologietan dituen ahalmenak aurkezteko aprobetxatu zuen jardunaldia. Adibide horien bitartez, zentroak erakutsi zuen oinarri teknologiko beretik abiatuta gai dela soluzio berezituak garatzeko, hainbat sektoretan erabili ahal izateko.
Jasogailuei eskainitako gunean, IK4-IKERLANek igogailuetarako hiru garapenen prototipoak erakutsi zituen, Orona enpresarekin elkarlanean inplementatu dituenak. Horiek dira kontrol zentral bat, energia kudeatzeko sistema bat eta jasogailuaren eta konpainiaren kudeaketa eta kontrol zerbitzuen arteko interkonexiorako sistema elektroniko bat.
Garraioaren arloan dituen ahalmenak erakusteko, zentro teknologikoak CAF konpainiarekin garatu dituen bi prototipo aurkeztu zituen: informazio eta komunikazio sistema bat trenetarako, eta BMS sistema bat, energia biltegiratzeko sistemaren ultragaitasun multzoak kontrolatzeko.
Azkenik, ekipamendu ondasunen arloan, IK4-IKERLANek, alde batetik, azken belaunaldiko zenbakizko kontrol bat aurkeztu zuen, Fagor Automationekin batera garatu duena, eta, bestetik, telebista zerbitzuak prozesatzeko plataforma malgu bat, Fagor Elektronikarekin batera garatua.
Soluzio integralak
"IK4-IKERLANen dugun helburu nagusia gure bezeroei lehiakorragoak izaten laguntzea da. Foro honetan presente egoteak bezeroei eskaintzen diegun balioaren adibide ikusgarriak erakusteko aukera eman digu”, azaldu du zentroko marketin estrategiko eta instituzionaleko arduradun Guillermo Irazokik.
“Aurkeztu genituen prototipoekin erakutsi genuen hainbat teknologia konbinatzeko gai garela, gure bezeroekin hainbat sektoretarako soluzio integralak garatzeko”, gehitu du. "IK4-IKERLANentzat garrantzitsua da inguruneko enpresek eta erakundeek jakitea zertan datzan egiten dugun lana, eta Global Innovation Day horren balioa agerian jartzeko aukera bat da”.
Global Innovation Dayri buruz
Global Innovation Day ekitaldiak laugarren edizioa izan du aurtengoa, eta euskal berrikuntzaren foro handia da. Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak sustatutako ekimena da. Aurtengo programak 6 hitzaldi multzo izan zituen, nazioartean erreferentziazkoak diren 27 hizlarirekin, 41 topagune egon ziren, 38 tailer eta showcase bat, ekimenik berritzaileenak erakusteko.
Innobasquek 2011. urtean jarri zuen ekimena abian, euskal berrikuntzaren balioa agerian jartzeko, Euskadi lurralde berritzaile gisa posizionatzeko, ezagutza trukatzeko eta networking-erako gune bat eskaintzeko eta parte hartzaileei berrikuntza globalarekin konektatzen laguntzeko.
IK4-IKERLANi buruz
IK4-IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentziari eta enpresei balio lehiakorra emateari dagokionez, hainbat domeinu teknologiko konbinatuz soluzio integralak eskaintzeko ahalmena baitu. Hori posible izateko arrazoia da sei esparru handitan espezializazio maila handia duela: sistema txertatuak, potentziako elektronika, mikroteknologiak, energiaren eraginkortasuna eta biltegiratzea, fidagarritasun estrukturala eta fabrikazio aurreratua, eta laguntzaile sare garrantzitsu bat du, nazionala zein nazioartekoa, bezeroei soluziorik onena emateko eskaintza osatzen duena.
Plantillan kualifikazio handiko 200 ikertzaile inguru duelarik, urtero I+Gko 120 proiektu baino gehiago garatzen ditu hainbat sektoretako enpresekin, horien artean garraioa, energia eta ekipo-ondasunak egonik, 10 milioi euro baino gehiagoren balioarekin.