• Bi erakundeak lankidetzan arituko dira doktore tesiak garatzeko, ikertzaileen mugikortasuna sustatuko dute eta I+G proiektuak bultzatuko dituzte
  • Gaur workshop bat egin dute, 'Potentziako elektronikaren erronka handiak” izenburupean, eta teknologia horretako erreferentziazko enpresak izan dira bertan

IK4-IKERLANek hitzarmena izenpetu du gaur Zuricheko ETH Unibertsitatearekin, potentziako elektronikaren arloan elkarrekin ikertzeko. Euskal zentroak esperientzia handia dauka diziplina horretan, energia elektrikoa egokitu eta eraldatzeko gailuak garatzera zuzenduta, hainbat helburutarako. Hitzarmenari esker, IK4-IKERLANek sendotu egingo ditu munduan potentziako elektronikan entzuterik handienetakoa duten erakundeetako batekin.

Hitzarmenaren arabera, bi erakundeak lankidetzan arituko dira doktore tesiak elkarrekin garatzeko, ikertzaileen mugikortasuna sustatuko dute eta I+G proiektuak bultzatuko dituzte elkarrekin.

Bi erakundeen arteko hitzarmena gaur goizean izenpetu dute IK4-IKERLANeko zuzendari nagusi Marcelino Caballerok eta ETH Unibertsitateko Potentziako Elektronikako Sistemen Laborategiko zuzendari Johann W. Kolar irakasleak.

ETH mundu mailako erreferentzia da ingeniaritzan oro har, ea bereziki potentziako elektronikan. Bere ezaugarriak dira teknologia berritzaileen erabilera, diziplina askoko ikuspegia eta bere garapenen kalitate bikaina.

Horien artean nabarmentzen dira potentzi bihurgailu ultratrinkoak eta efizienteak, maiztasun/tentsio ertaineko bihurgailuak (egoera solidoko transformadoreak), energia haririk gabe transmititzeko gailuak (goi zein behe potentziakoak), txipetarako elikadura iturriak, abiadura ultra-handiko eragingailuak eta errodamendurik gabeko eragingailuak.

Erakunde horrekiko lankidetzak lagundu egingo du IK4-IKERLANek Europa kontinentean duen zentro laguntzaileen sarea indartzen. Hitzarmenak, halaber, zentroak potentziako elektronikan duen apustua bultzatzeko balioko du, horri esker puntako teknologiak eta aplikazioak garatzen baititu euskal ekonomian garrantzi handia duten sektoreentzat, horien artean egonik garraioa eta energia.

“Hitzarmena IK4-IKERLANek potentziako elektronikako teknologietan egin duen apustuaren eta zentroa osatzen duten pertsonen prestakuntza babesteko borondatearen beste erakusle bat da”, adierazi du Caballerok. “Berrikuntza sistema ireki batean sinesten dugu, beste erakunde batzuekiko lankidetzan oinarrituta, eta konbentziturik gaude potentziako elektronikan erreferentziazkoa den zentro batekin lankidetzan aritzeak lagundu egingo digula teknologia horren garapena indarrez bultzatzen”, gehitu du.

Egonaldi bat martxan

Bi erakundeek dagoeneko lankidetza dute energia haririk gabe transmititzearen arloan, IK4-IKERLANeko ikertzaile Ugaitz Iruretagoyena Suitzako zentroan egiten ari den egonaldiari esker. Egonaldiaren helburua da energia kontakturik gabe transmititzeko metodoak ikertzea, hau da, kablerik erabili gabe, izan ere, garapen horrek eremu ugaritan du aplikazioa, bereziki gailuak kargatzeari lotutakoetan, edo indukzio bidezko berokuntzan, etxerako zein industriarako.

Potentziako elektronikaren erronka handiak

Hitzarmena izenpetu duten bi erakundeek workshop bat antolatu dute gaur, uztailak 13, Oronaren IDEO Innovation Cityn (Gipuzkoako Parte zientifiko eta Teknologikoa, Hernani); izenburua izan da ‘Potentziako elektronikaren erronka handiak’, eta bertan dozena bat enpresa baino gehiago egon dira (tartean ORONA, CAF, INGETEAM, ARTECHE edo AIRBUS), Unibertsitate eta instituzioetako ordezkariez gain.

Ekitaldian, Kolar irakasleak hitzaldi bat eman du, ‘Potentziako elektronika 2.0’ izenburuarekin, eta IK4-IKERLANeko ordezkariak, berriz, 'Potentziako erdieroale berriak eta aplikazioak’ izenburupean mintzatu dira.

Zuricheko ETH Unibertsitatea

Zuricheko ETH Unibertsitatea Suitzako garrantzitsuenetakoa da, eta leku nabarmena betetzen du munduko onenen sailkapenean. 18.000 ikasle baino gehiagorekin, alemanez erakusten duen erakunde akademiko garrantzitsuenetakoa da, eta ospe handia du bai irakaskuntzaren arloan bai ikerketaren arloan, batez ere teknologiaren eta natur zientzien arloetan. Bere ikasgela eta laborategietatik 21 Nobel saridun igaro dira.

IK4-IKERLANi buruz

IK4-IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentziari eta enpresei balio lehiakorra emateari dagokionez, hainbat domeinu teknologiko konbinatuz soluzio integralak eskaintzeko ahalmena baitu. Hori posible izateko arrazoia da sei esparru handitan espezializazio maila handia duela: sistema txertatuak, potentziako elektronika, mikroteknologiak, energiaren eraginkortasuna eta biltegiratzea, fidagarritasun estrukturala eta fabrikazio aurreratua, eta laguntzaile sare garrantzitsu bat duela, nazionala zein nazioartekoa, bezeroei soluziorik onena emateko eskaintza osatzen duena.

Miniatura
Suitzar zentroa mundu mailako erreferentzia da arlo horretan
Miniatura
seo-url
ik4ikerlanek-eta-zuricheko-unibertsitateak-akordio-bat-lotu-dute-potentziako-elektronikan-ikertzeko
Id Externo
NOTA-83