IK4-IKERLAN europar sare batean parte hartzeko hautatu dute, zeinak egitura adimendun eta energetikoki eraginkorren arloan ikertzaileak sustatzen diharduen. Sareak ANTARES du izena (‘Advanced Training and Research in efficient Smart Structures’-en akronimoa), eta 12 unibertsitate, ikerketa zentro eta enpresak osatzen dute, 2018. urtera bitartean 14 ikertzaileren doktore tesiak zuzenduko dituztelarik.

ANTARES sarea beren ezagutzak etorkizunean egitura adimendunak eta energetikoki eraginkorrak ekoiztera zuzentzeko gai izango diren ikertzaileak prestatzeko jarri da martxan. Amaierako helburua da aztarna ekologiko txikiagoa sortuko duten baina errendimendu, segurtasun edo funtzionaltasunean lehiakorrak izateari utziko ez dioten egiturak produzitzea.

Ekimena Europako ikertzaileen mugikortasun geografikoa sustatzen duen ‘Marie Curie’ programaren parte da, eta Europar Batasuneko VII. Esparru Programako fondoekin finantzatzen da.

Sare berriaren esparruan IK4-IKERLANek kozuzenduko duen tesia giroko bibraziotik ahal den energia gehien ateratzeko eta berrerabiltzeko metodoak ezartzera bideratuko da. Energetikoki eraginkorrak diren transduktore berriak garatuko dira, energiaren kontrolean eta biltegiratzean erabiltzeko, eta kontrolerako sistema autonomo berriak definituko dira, zarata, bibrazioa eta kontsumo energetikoa gutxitzeko, masa estrukturala murriztearen bidez. Egituren integritatea eta fidagarritasuna monitorizazio metodo berezien bitartez bermatuko dira. ANTARES sareko kideen tesiak eskuratzeko oinarriak webgune honetan argitaratuko dira: web http://ec.europa.eu/euraxess.

Prestakuntza sareak ikertzaileen mugikortasuna bultzatuko du, partzuergoko bazkideek antolatzen dituzten ikastaroetan parte har dezaten lagunduz. Gainera, diziplina askoko prestakuntza azpimarratuko da.

IK4-IKERLANekin batera, sarean parte hartuko dute hainbat unibertsitate garrantzitsuk, lehen mailako ikerketa zentrok eta beren sektoreetan liderrak diren enpresak, hala nola KU Leuven, UniUD, ISVR, IDS, LBF, TNO edo LMS.

Eremu akademiko eta ikertzaileko bazkideek ikuspegi aukera zabala eskaintzen dute, bai ikerkuntzari dagokionez, bai prestatzeko ahalmenari dagokionez, eta, horrez gain, sareko parte hartzaileei zuzendutako ikastaroak antolatzeko aukera dute, euren ezagutzak partekatzeko. Bazkide industrialei dagokienez, berriz, aplikazio espezifikoak eskaintzen dizkiote ANTARESi, ikertu beharreko egitura adimendunei elkartutako erronkak islatzen dituztenak.

Proiektuak IK4-IKERLANen duen arduraduna Oscar Salgado da, eta, bere hitzetan, zentroa “aukera handi baten aurrean dago, eraginkortasun energetikoaren eta egitura adimendunen arloan kontinente osoko eminentziekin lan egiteko, hain zuzen ere arlo horietan exijentzia eta lehiakortasuna bereziki handiak diren garai hauetan”.

“Sare horri esker egitura adimendun beregainak eta energetikoki eraginkorrak garatzen lagunduko dugu”, gehitu du, “eta horrek energia garbiagoa lortzea eta Europako ekonomiaren lehiakortasuna bultzatzea ahalbidetuko digu. Eta ez da ahaztu behar sektore horietako eragile garrantzitsuekin harremanetan egoteak aukera emango digula azken aurrerapen teknologikoen berri jakiteko, eta horri esker gure bezeroei soluziorik onenak emateko”.

ANTARES europar sarean parte hartzen ari diren erakundeetakoa da, eta ikertzaile espezializatuak prestatuko ditu egitura adimendunen arloan, eraginkortasun energetiko handiagoa lortzeko