IKERLANek akordio bat izenpetu du sareko sistema elektronikoen segurtasunaren eta fidagarritasunaren alorrean prestigiorik handiena duten enpresetako batekin, Austriako TTTech Computertechnik enpresarekin, alegia. Hitzarmenaren helburua da erakunde biek batera aritzea eta industriako hari gabeko komunikazioen ikerketan aurrera egitea, izan ere, euskal zentroak eremu horretan sakondu nahi du bere espezializazioa.

Ustez, hari gabeko komunikazioek iraultza ekarriko dute eta gaur egun lantegien eta haietan fabrikatzen diren produktu eta osagaien gainean dugun ideia aldatzera eramango gaituzte. Ez alperrik, komunikazio horiek ezinbesteko elementua dira fabrikazio aurreratua eta 4.0 industria izenez ezagutzen dena ezartzeko; izan ere, komunikazio horiekin ekoizpen kateko elementu guztiak elkarrekin lotu ahal izango dira.

Komunikazio horiek fidagarriak eta seguruak izan behar dira, nahiz eta datu kopuru handia garraiatu eta interferentzia ugariko ingurune desegokietan garatu. Datozen bi urteetan (epea luzatu daiteke), IKERLANek eta TTTEch enpresak elkar harturik egingo dute lan horrelako komunikazio sareen ezarpenean aurrera egiten lagunduko duten garapen teknologiko berriak ikertzen.

IKERLANeko zuzendari nagusi Marcelino Caballerok TTTech Computertechnikeko batzorde exekutiboko kide Georg Kopetzek hitzarmen hau izenpetu dute, erakunde bien artean ikertzaileak trukatu eta Europar Batasunak finantzatutako I+G+b-ko proiektuetan batera parte hartzeko bideak aztertzeko asmoarekin.

“Zehazki, hari gabeko komunikazio determinista deituriko eremuan aurrera egiteko egingo dugu lan elkarrekin, komunikazio sistema fidagarrien oinarri baita, eta horietan IKERLANek gaitasun frogatua eta etorkizunari begirako ahalmen handia du”, azaldu du Caballerok.

“Espero dugu akordio honek, sareko kontrol sistema sendoen eremuan hain garrantzitsua den erreferentea baitu, laguntzea eta laguntza horrekin batera aurrera egin ahal izatea guretzat oso interesgarria den eta enpresen lehiakortasuna bultzatzeko aukerak ematen dituen eremu horretan", baloratu du.

Industriako eremua ez ezik, industriako hari gabeko komunikazioek ahalmen itzela dute beste sektore batzuetarako, esaterako automobilgintza, aeronautika, energia eta trenaren sektoreetarako. IKERLAN eremu horietan puntakoak diren enpresentzako teknologiak garatzen ari da.

TTTechi buruz

TTTech Computertechnik Austriako enpresa bat da, eta Vienna University of Technology unibertsitatean jaio zen (TU Wien), spin off gisa. Gaur egun lider teknologikoa da Europan, sareko kontrol sistema sendoei dagokienez, eta punta-puntako soluzioak garatzen ditu sistema horien segurtasuna eta fidagarritasuna hobetzeko. Produktu horiek automobilgintzan, sektore aeroespazialean, energiaren sektorean, eta trenaren eta industriaren sektoreetan aplikatzen dira, besteak beste.

Konpainia hau bederatzi herrialdetan dago, eta 400 langile baino gehiago ditu guztira. Halaber, ikerketaren eremuan lan handia egiten du.

IKERLANi buruz

IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentzian, ikertzaileen espezializazioan eta enpresari balio lehiakorra ematen, besteak beste bere ikertzaileen espezializazioagatik. Soluzio integralak eskaintzen ditu, hainbat eremu teknologiko uztartuz. Hori posible izateko arrazoia da hiru esparru handitan espezializazio maila handia duela: Elektronika, informazio eta komunikazioko teknologiak (EIKT), Energia eta Potentziako Elektronika, eta Fabrikazio Aurreratua. Gaur egun, langile taldea 280 pertsona inguruk osatzen dute.

Ikertzaileak elkarrekin trukatuko dituzte eta proiektu europarretan batera parte hartzeko bideak aztertu