- Presentzia nabarmena izan du Informazioaren Segurtasunaren Nazioarteko Topaketan (ENISE)
Internet erabiltzen duten enpresek, erakundeek eta erabiltzaileek babes handiagoa eskatzen dute informazio eta azpiegitura kritikoetarako, esaterako, garraio, industria eta energia sortu eta banatzeko instalazioetarako. Adituen iritziz, hurbilpen berriak behar dira informazioa babesteko eta zibererasoak galarazteko.
Arlo hori gero eta garrantzitsuagoa izango da enpresentzat, eta aurreikusten da eskaria gero eta handiagoa izango dela, industriaren arloan gailu mugikorren eta gauzen internetaren (IoT) erabilera handitzen doan heinean.
Arrazoi horiek tarteko, azken urteetan IK4-IKERLAN lanean aritu da ildo horretan, bere bezeroekin lankidetzan teknologiak eta produktuak garatzeko. Berez, zentroak etorkizuneko apustu handia egin du zibersegurtasunari dagokionez, Sistema Txertatuak lantzen dituen bere ikerketa lerroan.
Zentroa arlo horretan lortzen ari den garrantziaren erakusle da Europan gai horretan garrantzitsuenetakoa den foro batean parte hartu izana, eta hori da Informazioaren Segurtasunaren Nazioarteko Topaketa (ENISE), Zibersegurtasunaren Institutu Nazionalak (INCIBE) antolatuta, joan den urriaren 20an eta 21ean Leonen.
IK4-IKERLANeko Sistema Txertatuen ikerketa lerroko koordinatzaile Jon Perezek parte hartu zuen ekitaldian, hizlari gonbidatu moduan. Zehazki, 'Zibersegurtasuna eta IoT' izenburuko hitzaldietan parte hartu zuen, mundu mailako erreferentziekin batera, horien artean egonik Masaya Norifusa, NEC japoniar multinazionaleko zibersegurtasuneko arduraduna.
ENISEren bederatzigarren edizioak errekorrak gainditu ditu jarraipen eta asistentzia zifretan. Ekitaldiaren lema izan da 'Zibersegurtasuna: ekonomiaren eta gizarte digitalaren garapenerako motorra’, eta 1.100 pertsona erakarri ditu, eta streamingeko emisiora 5.500 lagun baino gehiago konektatu dira.
IK4-IKERLANi buruz
IK4-IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentziari eta enpresei balio lehiakorra emateari dagokionez, hainbat domeinu teknologiko konbinatuz soluzio integralak eskaintzeko ahalmena baitu. Hori posible izateko arrazoia da sei esparru handitan espezializazio maila handia duela: sistema txertatuak, potentziako elektronika, mikroteknologiak, energiaren eraginkortasuna eta biltegiratzea, mekatronika eta fabrikazio aurreratua.