• Zentroa Europako zazpi proiektu berritan parte hartzen ari da informazioaren eta komunikazioaren teknologiei lotuta
  • IKTei buruz duen ezagutzari esker, IK4-IKERLAN gai da bere produktuei adimena eta funtzionalitate berriak emateko
     

IK4-IKERLAN estatuan IKTen alorrean ikertzeko Europako Horizon 2020 programatik diru gehien eskuratu duten hiru erakundeetako bat da. Pasa den urtean jarri zen abian programa europarra I+G arloan laguntzeko, eta, harrezkero, euskal zentro teknologikoak 2,8 milioi euro eskuratu ditu informazio eta komunikazioko teknologiekin zerikusia duten zazpi proiektu lantzeko.

Ekonomia eta Lehiakortasuneko Ministerioak joan den ekainaren 11n egindako prentsaurrekoan eman zituen datu horiek. I+G+B-ko Estatuko idazkari Carmen Velak prentsaurrekoan adierazi zuenez, Atos, Tecnalia eta IK4-IKERLAN dira esandako arloan Europako fondoetatik diru gehien eskuratu dituztenak.

Proiektuak

Zazpi proiektu hauek lantzeko IK4-IKERLANek ia hiru milioi euro atzituko ditu: Gateone, Mantis, Powerbase, Smarter-SI, U-Test, C2Net eta CREMA.

Gateone proiektuak enpresa txiki eta ertainak zentro teknologikoekin harremanetan jarriko ditu, sistema txertatu adimendunetan oinarritutako produktu pilotuak elkarrekin garatzeko.

Mantisen helburua da lainoan mantentze lanetarako zerbitzu plataforma industrial bat diseinatu eta garatzea.

Powerbase proiektuan energia aurrezteko gai diren txipen belaunaldi berri bat garatuko da, telefono, ordenagailu eta beste aplikazio askotan erabiltzeko.

Smarter-SI proiektuaren asmoa da Europan sistema adimendunak lankidetzan diseinatu, prototipoak egin eta fabrikatzeko plataforma bat ezartzea.

U-Test proiektuan sistema ziberfisikoak probatzeko metodologiak landuko dira.

C2Net proiektua, berriz, lainoan kokatuta dauden tresna informatikoak garatzera zuzenduta dago, enpresei, batez ere enpresa txiki eta ertainei, beren hornigai katearen kudeaketa optimizatzen laguntzeko.

CREMAk makinen osagai kritikoak monitorizatzeko tresnak garatzen ditu, makinen egoera ezagutu eta analizatzeko.

Adimena eta funtzionaltasun berriak

Teknologia desberdinak konbinatzeko duen gaitasunari esker, IK4-IKERLAN gai da bere produktuei adimena eta funtzionaltasun berriak emateko. Zentroak eraldaketarako ahalmen handia du IKTen arloan lehian aritzeko, hainbat eremutan egiten baitu lan, esaterako, hauetan: sistema txertatuak; sistema elektriko eta potentziako elektronikakoak; elektrizitatea biltegiratzeko sistemak eta kudeaketa termikoa; sistema mekatronikoak; fidagarritasun estrukturala; industri inguruneetarako mikrosistemak; eta mantentze lanetarako sistema adimendunak.

Gaitasun horrek goratu du eta eraman du estatuan IK4-IKERLAN IKTen arloan I+G proiektuak gauzatzeko Europako fondoetatik diru gehien eskuratu duten erakundeetako bat izatera. Zentroa erreferentea da hainbat sektoretan baliagarriak diren soluzioak garatzeko domeinu teknologiko desberdinak konbinatzeari dagokionez –industrian, garraioan eta fabrikazio aurreratuko eremuan, esaterako–.

IKTak funtsezko zutabe dira zentroaren ikerketa estrategiarako. IK4-IKERLANek ibilbide nabarmena eta masa kritikoa du eremu horretan, baita lankide sare garrantzitsua ere. Bere helburua da datorren hamarkadan teknologia horietan gertatuko diren berrikuntzen abangoardian kokatzea.

"Babes instituzionala "

"IK4-IKERLANen lanean ari gara egunez egun Europan lehiakorragoak izateko, enpresetan balioa sortzeko, eta ahalegin horren emaitza da instituzioetatik jasotzen ari garen babesa. Datu horiek gure ikerketa politika aitortzen dute, izan ere, erakusten dute erreferentzia sendo bihurtzen ari garela informazio eta komunikazioko teknologiei lotutako ikerketen eremuan, teknologia horiek izanik funtzio berritzaileak dituzten produktuak garatzeko aukera ematen digutenak", Ana Isabel Martinez zentroko ikerketa zuzendariak azaldu duenez.

"Gure bezeroei ondo etortzen zaie guk proiektu europarretan parte hartzea, partaidetza horri etekina ateratzen diotelako. Alde batetik, ezagutzak garatzen ditugu, gero haiekin elkarlanean sortzen ditugun produktuetan aplikatzeko; eta, bestetik, erreferentziazko bazkidea gara enpresentzat, Europar Erkidegoak ikerketarako dituen fondoetara iristeko orduan, enpresaren tamaina edozein izanda ere", gehitu du.

IK4-IKERLANi buruz

IK4-IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentziari eta enpresei balio lehiakorra emateari dagokionez, hainbat domeinu teknologiko konbinatuz soluzio integralak eskaintzeko ahalmena baitu. Hori posible izateko arrazoia da sei esparru handitan espezializazio maila handia duela: sistema txertatuak, potentziako elektronika, mikroteknologiak, energiaren eraginkortasuna eta biltegiratzea, fidagarritasun estrukturala eta fabrikazio aurreratua, eta laguntzaile sare garrantzitsu bat duela, nazionala zein nazioartekoa, bezeroei soluziorik onena emateko eskaintza osatzen duena.
 

Miniatura
Horizon 2020 programako 2,8 M€ lortu ditu arlo horretan I+G proiektuetan parte hartzeko
Miniatura
seo-url
ik4ikerlan-estatuan-iktetan-ikertzeko-europako-fondorik-gehien-lortzen-duen-hiru-erakundeen-artean
Id Externo
NOTA-77