• Erakundeak elkarlanean arituko dira makina adimentsuak garatzen, eta urrutiko ikuskapena eta zerbitzu aurreratuak eta efizientzia energetiko eta operatiboan lantzen

Fagor Arrasate enpresak, bere I+D unitateak –Koniker– eta IK4-Ikerlan zentro teknologikoak akordio bat izenpetu dute fabrikazio aurreratuan eta Industry 4.0 alorrean ikerketak egiteko elkarrekin. Hitzarmen horren ondorioz, hiru erakundeetako 20 ikertzailetik gora arituko dira elkarlanean, modu egonkorrean, ikerketa lerro hauetan: makina adimentsuen garapena, urrutiko ikuskapena eta zerbitzu aurreratuak, eta efizientzia energetikoa eta operatiboa.

Hiru erakundeek indarrak batzea erabaki dute, jada Industriaren Laugarren Iraultzatzat hartzen denak, teknologia digitalak sartuz industriako ekoizpen eredu tradizionalak eraldatzen ari baita, dakartzan erronkei aurre egiteko asmoarekin. Beraien asmoa da ikerketak eta garapenak egiteko dituzten gaitasunak batzea, azken aurrerapen teknologikoak ekoizpenean zein bukaerako produktuetan aplikatzeko.

Ikerketa lerroak

Makinei adimena ematen jardungo duen lerroa saiatuko da ekoizpen instalazioek malguak eta egokigarriak izateko dituzten gero eta premia handiagoei erantzuten. Urrutiko ikuskapena eta zerbitzu aurreratuen garapena landuko dituen lerroan cloud, Big Data eta datuen analisirako teknologiak (Data analytics) erabiliko dira, makinen erabilgarritasuna eta fidagarritasuna modu proaktiboan hobetzeko. Efizientzia energetiko eta operatiboaren eremuetan, baliabideak hobeto ustiatzea ahalbidetuko duten teknologiak garatuko dira.

Akordio honek argi erakusten du hiru erakundeek berrikuntzaren eta garapen teknologikoaren alde egiten dutela, lehiakortasuna hobetzeko ardatz nagusi gisa, eta historikoki Fagor Arrasateren eta IK4-Ikerlanen artean egon den harremana gauzatzen du. Hitzarmenak, gainera, bat egiten du 2010ean Fagor Arrasatek eta Konikerrek Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoarekin izenpetu zutenarekin.

“Berrikuntza bultzatzeko oinarriak”

“Akordio honek Fagor Arrasateren produktuen berrikuntza bultzatzeko oinarri sendoak finkatzen ditu, industriako fabrikazioan aplikatutako informazioaren teknologien eremuan”, ziurtatu du Jose Mari Balzategik, Fagor Arrasateko zuzendari gerenteak.

Fagor Arrasateko berrikuntza zuzendari eta Konikerreko lehendakari David Chicok, berriz, azpimarratzen du “akordioa garrantzitsua dela erakundeen arteko sinergiak aprobetxatzeko, ikerketa lerro estrategikoak lerrokatzeko eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agenteek garapen teknologikoaren eremuan zein Fagor Arrasaterako interesekoak diren talentu eta gaitasunen garapenean eduki behar duten zeregina indartzeko”.

“Fabrikazio aurreratua, zeina RIS3 espezializazio estrategiaren zutabeetakoa den, Ik4-Ikerlanen lehentasunezko sektoreetako bat da, Euskal Herrirako duen garrantzi estrategikoarengatik; hori dela eta, eremu horretan gure bezeroekin lankidetza lotura estrategikoak eta etengabeak ezartzeko asmoarekin dihardugu”, ziurtatu du IK4-Ikerlan zuzendari nagusi Marcelino Caballerok.

Liderrak prentsen fabrikazioan

FAGOR ARRASATE da prentsak eta estanpazio sistemak, xafla metalikoak ebatzi eta prozesatzeko lerroak, eta etxetresna elektrikoen fabrikaziorako makina bereziak egiteko giltza eskura erako instalazioen fabrikatzaile nazional nagusia eta instalazio horien diseinuan eta fabrikazioan mundu mailan diharduten enpresa aitzindarietako bat.

Bere bezero nagusien artean daude automobilgintzaren sektorean munduko fabrikatzailerik garrantzitsuenak, esaterako Volkswagen Taldea, General Motors, Ford edo PSA, eta eremu horretako hornitzaile estrategikoak, esaterako Gestamp edo CIE. Eta horiekin batera, bezeroak dira, baita ere, siderurgiaren sektoreko enpresak, esaterako Tata, Arcelor Mittal, Acerinox, Gonvarri edo Bamesa, eta etxetresna elektrikoen sektoreko konpainiak, esaterako Bosch-Siemens, Whirlpool, Mabe, General Electric edo Haier.

Gaur egun, Fagor Arrasatek 700 lanpostu inguru ditu, eta horietatik 550 Euskal Herrian dituen 5 lantegietan daude eta gainerakoak, berriz, Txinako lantegian, hau da, Kushanekoan. 2015eko ekitaldian, 230 milioi eurotik gora fakturatu zuen, eta bere produkzioaren %90 inguru esportatu zuen.

IK4-IKERLAN eta fabrikazio aurreratua

IK4-Ikerlanek 190 ikertzaile baino gehiago ditu industriaren digitalizazioan eta fabrikazio aurreratuan lan egiten.

Fabrikazio aurreraturako funtsezkoak diren teknologiak lantzen dira eta, besteak beste, elektronika txertatuko, mekanikako, kontroleko, monitorizazioko, eragiketa eta mantentze lanetako jarduerak egiten ditu. Gaitasun horiei esker produktuaren bizitza ziklo osoan fidagarriak izango diren teknologiak garatzeko soluzioak eskaini ditzake. Gainera, zentroak bere bezeroei zerbitzua emateko negozio aukera berriak bilatzen laguntzen die zerbitizaziorako azken teknologietan oinarrituta.

Miniatura

20 ikertzailetik gora ibiliko dira elkarrekin lanean 

Miniatura
seo-url
fagor-arrasatek-konikerek-eta-ik4ikerlanek-akordio-bat-izenpetu-dute-fabrikazio-aurreratuko-teknologietan-eta-industry-40-alorrean-ikertzeko
Id Externo
NOTA-110