• Bi erakundeen arteko aliantzak euskararen erabilera sustatuko du lankidetzari lotutako ingurune guztietan. 

FAGOR ARRASATE enpresak eta KONIKER I+G unitateak IKERLAN zentro teknologikoarekin duten lankidetza teknologikorako akordioa berritu dute, puntako teknologien garapenean eta aplikazioan sakontzen jarraitzeko fabrika adimendunaren (biki digitalak eta mantentze prediktiboa), egiturazko fidagarritasunaren eta zibersegurtasunaren arloetan. 

Unai Lopezek, FAGOR ARRASATEko zuzendari nagusiak, Andoitz Aranburuk, KONIKEReko presidenteak eta Ion Etxeberriak, IKERLANeko zuzendari nagusiak, lankidetza hitzarmena sinatu dute FAGOR ARRASATEk Arrasaten dituen instalazioetan egindako topaketa batean. Akordioak sendotu egiten du, datozen hiru urteetarako, duela 50 urtetik duten aliantza estua; izan ere, FAGOR ARRASATE IKERLANen bazkide erabiltzaileetako bat da, 1974an zentro teknologikoa sortu zenetik. Lankidetza teknologiko hori zentro teknologikoak enpresekin duen lankidetzaren adierazgarri garbia da, haien erronkak / beharrak identifikatzeko eta balio erantsi handiko konponbideak industria-eremura transferitzeko. 

 

Lankidetza-eremuak 

IKERLANek esperientzia handia du akordio berriak jasotzen dituen lan-arloei lotutako abangoardiako teknologien garapenean: biki digitalak eta mantentze prediktiboa fabrika adimendunaren sistemen barruan, egiturazko fidagarritasuna eta zibersegurtasuna. Bere gaitasun multiteknologikoak eta profesionalen espezializazio maila altuak industria adimendunaren erronkak konpontzeko aukera ematen dio zentro teknologikoari. Horrez gain, IKERLAN aintzatesten da kualifikazio handiko langileak erakarri, prestatu eta industriara transferitzeagatik. Teknologia eta pertsona espezializatuak, euskararekin batera, dira lankidetza horren hiru oinarriak. 

Zibersegurtasun industriala FAGOR ARRASATEren lehentasunezko lan-arloetako bat da, makinen konektibitate-maila gero eta sakonagotik eratorria. Hori dela eta, FAGOR ARRASATEk Europako hainbat proiektutan parte hartzen du duela urte batzuetatik. Proiektu horien helburua da IKT azpiegitura konplexuak babestu eta zibererasoei aurre egiteko irtenbide berritzaileak garatzea. 

Ion Etxeberria IKERLANeko zuzendari nagusiak azpimarratu du “oso harro gaude FAGOR ARRASATErekin eta KONIKERekin dugun harremana sendotzeaz. Konfiantzazko bidelagunak gara duela urte askotatik, eta badakigu gure gaitasunen baturak aukera emango digula espezializazioaren eta talentuaren arloan ditugun erronkei aurre egiteko, eta, horrez gain, irtenbide teknologiko berriak sortuko ditugula, produkzio-prozesuei eta azken produktu errealizatuari aplikatuta. 

Bestalde, Unai Lopez FAGOR ARRASATEko zuzendari nagusiak adierazi duenez, “IKERLANekin dugun harreman historikoa oso gustora sendotzen dugu. FAGOR ARRASATEk lehen mailako bazkide teknologikoak izan behar ditu, nazioarteko merkatu zorrotzenetan egoteko. Gure produktu eta zerbitzuak proiektatzeko, talentua, ezagutza eta IKERLAN bezalako zentroek garatutako teknologiaren egoera hartzen ditugu kontuan, eta, beraz, bi enpresen arteko akordio hori estrategikoa da”. KONIKEReko lehendakari Andoitz Aranburuk azpimarratu duenez, “hitzarmen honen bidez bi enpresek diferentzial teknologiko bat sortzen lagunduko duten garapen teknologikoetan lagundu nahi dute, eta hori funtsezkoa da merkatu gero eta globalagoan lehiakorrak izaten jarraitzeko”. 

 

Euskara sustatzea 

Lankidetza-hitzarmenak, gainera, hiru erakundeek euskara bultzatzeko konpromiso esplizitua hartzen du. Hala, FAGOR ARRASATE, KONIKER eta IKERLANek euskara hiru erakundeen arteko lanerako komunikazio-hizkuntza izatea sustatuko dute. 

IKERLAN-FAGOR ARRASATE-KONIKER

Lankidetzak teknologia-garapena indartuko du fabrika adimenduneko, egitura-fidagarritasuneko eta zibersegurtasuneko arloetan. 

Fagor Arrasate, Koniker e IKERLAN refuerzan acuerdo