- Makinen osagai kritikoen funtzionamendua kontrolatuko dituzten tresna informatikoak garatuko dira, makinek izan ditzaketen matxurei aurrea hartzeko
- Hala, osagaien erabilera optimizatu eta oso garesti izan daitezkeen konponketak zein entregetan gerta daitezkeen atzerapenak ekidingo dira
Esaera zaharrak dioen moduan, eskuak garbitzea baino, ez zikintzea hobe. Esaera hori oso egokia da makina industrialen kasuan, matxurak oso garestiak izan daitezkeelako eta konpainien antolaketan arazoak ere eragin ditzaketelako, esaterako, atzerapenak entregetan. Makinek matxurak izatea edo gaizki funtzionatzea saihesteko, zehazki, Europar Batasunak (EB) CREMA proiektua jarri du abian (Cloud-based Rapid Elastic MAnufacturing). Proiektuan makinen osagai kritikoak monitorizatzeko tresnak garatuko dira, haien egoera ezagutu eta aztertu ahal izateko eta, horrela, etorkizunean izan ditzaketen arazoei aurrea hartu ahal izateko.
IK4-IKERLANek europar proiektu honetan parte hartuko du, eta horren bitartez lainoan dauden hainbat tresna informatiko garatuko ditu, enpresei beraien produkzio baliabideak optimizatzen laguntzeko. Teknologia berriei esker etengabe monitorizatu ahal izango da makinen funtzionamendua, eta horrek enpresei makina baten osagai jakin bat ordezteko unerik egokiena zein den jakiteko aukera emango die.
Horrela, makinen osagaiei etekinik handiena atera nahi zaie, eta, aldi berean, matxurak agertzea prebenitzea.
CREMA proiektuan garatuko diren tresnek produkzio plantetako makinetatik datuak denbora errealean bildu, datu horiek lainoan modu seguruan gorde, datuak gailu mugikorretan monitorizatu eta adierazleen bilakaeraren etengabeko analisia egitea ahalbidetuko dute.
Arazo bat antzemanez gero, adibidez, prozesu bateko kalitate estandarretan edo makina baten osagai kritiko baten funtzionamendu okerra, alarma bat bidaliko da eta lainoan lankidetzako prozesu bati ekingo zaio, arazoa konpontzeko egin behar dena ezartzeko.
Garatutako teknologiak konponketa lan batean inplikatutako alde guztiak harremanetan jartzea ahalbidetuko du: makina erabiltzen duen enpresa, osagaien hornitzailea eta konponketa lana egingo duen laguntza teknikoko zerbitzua.
Horrekin asmoa da konponketen denbora eta kostuak drastikoki murriztea, produkzio baliabideen ahalmena areagotuta.
Proiektua
CREMA proiektua I+Gari laguntzeko EBk duen Horizon 2020 programak finantzatuta dago, eta 5 milioi eurotik gorako aurrekontua du. Etorkizuneko lantegiak esaten zaienentzat balio erantsi handiko teknologiak garatzeaz arduratzen den 'Factories of the future' ekimenaren proiektuetako bat da. Proiektua, zeina Ascora enpresa alemaniarrak gidatuko baitu, duela gutxi jarri da abian, eta hiru urteko iraupena izango du. IK4-IKERLANek ez ezik, proiektuan ekipamendu ondasunen sektorean diharduten Fagor Arrasate eta Goizper euskal kooperatibek eta Europako lau herrialdetako zazpi erakundek ere hartuko dute parte.
Kontuan hartuta IKTak ugaritu direla eta gure gizarteko eremu guztietan Internet sartu dela, manufakturako industrian funtsezko eraldaketa gertatzen ari da, ez bakarrik produkzio bitartekoen funtzionaltasunari dagokionez, produkzio inguruneetan erabiltzen diren software eta zerbitzuei dagokienez ere bai. Aldi berean, etorkizuneko fabrikazio prozesuak aldatzen ari dira erabat malgua eta dinamikoa den ingurune batera moldatzeko, asmatzen eta gestionatzen gero eta zailagoa den eskariari erantzuteko.
"Etorkizuneko lantegiak aldatu egin behar dira, malgutasunez, azkar eta eraginkortasunez erreakzionatzeko gai izateko”, baieztatu du Eduardo Saizek, euskal zentro teknologikoko proiektu arduradunak.
Enpresa txiki eta ertainetarako laguntza
ETEek ez dute izaten baliabide nahikorik proiektu honetan garatzeko asmoa dagoen teknologiak garatzeko edo erosteko. Arrazoi horregatik, CREMA proiektuan aplikazio informatiko eskalagarriak eta automobilgintzaren, kosmetikaren edo ekipo ondasunen sektore hain desberdinetara moldatu ahal izango direnak garatuko dira. Teknologia hori baliagarria izango da, halaber, altzairu eta paper industria handietarako, produktu kimikoen industrietarako edo elikagaien industrietarako, besteak beste.
IK4-IKERLANen zeregina
Proiektu honetan, IK4-IKERLAN industri enpresei teknologia transferitzeko egin dituen proiektu askotan metatutako esperientziaz baliatuko da, Fagor Arrasatek egin eta Goizperrek hornitzen dituen prentsen osagai kritiko batean zaintzan zentratutako proiektuaren bi kasu pilotuetako bat definitu, inplementatu eta baliozkotzeko. Era berean, monitorizazio eta alerta sistemen garapenean ere parte hartuko dugu modu aktiboan. Jarduera horiek egiteko, IK4-IKERLANek 460.000 euro baino gehiagoko finantzaketa jasoko du.
"IK4-IKERLANen enpresei lehiakorragoak izaten lagundu nahi diegu eta asmo hori da aurrera bultzatzen gaituena; era guztietako konpainiak, multinazionalak zein gure inguruko enpresa txikiak, hobeto antolatzen aritu izan gara, eta horri esker esperientzia handia eskuratu ahal izan dugu alor horretan”, esan du Eduardo Saizek.
IK4-IKERLANi buruz
IK4-IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentziari eta enpresei balio lehiakorra emateari dagokionez, hainbat domeinu teknologiko konbinatuz soluzio integralak eskaintzeko ahalmena baitu. Hori posible izateko arrazoia da sei esparru handitan espezializazio maila handia duela: sistema txertatuak, potentziako elektronika, mikroteknologiak, energia, mekatronika eta fabrikazio aurreratua.
Proiektuaren fitxa
Izena: CREMA - Cloud-based Rapid Elastic Manufacturing
Erakunde finantzatzailea: Europar Batasuna
Programa: Horizon 2020-FoF-2014
Kontratu zenbakia: 637066
Proiektuaren gidaria: Ascora