• IEEE Robotics and Automation Societyren saio berezi bat egongo da, robotikaren eta monitorizazio-teknologien fusioaren esparruan interesgarriak diren lanak ezagutzeko.

Ekainaren 5etik 7ra, IKERLAN zentro teknologikoak MOIRA Eskala Handiko Sistema Konplexuen Monitorizazioari buruzko Europako Prestakuntza Sarearen proiektuaren workshop publikoaren bigarren edizioa hartuko du Arrasateko egoitzan.

Jardunaldian, MOIRA sarean parte hartzen duten enpresek, unibertsitateek eta ikerketa-zentroek proiektuaren aurrerapenak azalduko dituzte. Proiektu horren helburua da datuetan oinarritutako instalazio-mailan monitorizatzeko eta optimizatzeko metodologien, algoritmoen eta teknologien hurrengo belaunaldia garatzea, diagnostikoa eta pronostikoa denbora errealean ardatz hartuta.

Tailerra osatzeko, monitorizazio-prozesuen eta -sistemen automatizazioari ("Process automation & Monitoring Systems") eta sistema mekatronikoen ereduetan oinarritutako monitorizazio hibridoari ("Model-based & hybrid condition monitoring of mechatronic systems") buruzko bi mintegi egingo dira.
Horrez gain, IEEE Robotics and Automation Societyk babestutako saio berezi bat izango da, eta robotikaren eta monitorizazio-teknologien fusioaren arloko hainbat lan aurkeztu eta aztertuko dira.

Bertaratzen direnek IKERLANen DIGILABen instalazioak ezagutzeko aukera izango dute, Estatuko teknologia digitalen laborategirik aurreratuena. 2000 metro koadroko gune multiteknologikoa da, eta azken belaunaldiko azpiegitura espezializatua du, hainbat arlotan ikertzeko, hala nola elkarlaneko robotikan, zibersegurtasunean, safetyan eta fidagarritasunean, 5G komunikazioetan, adimen artifizialean eta industriara bideratutako konputazio kuantikoan.

IKERLANekin batera, MOIRA sarea sistema konplexuen monitorizazioari buruzko ezagutzan liderrak diren beste 15 eragilek osatzen dute, besteak beste, Katholieke Universiteit Leuven, Fraunhofer ikerketa-institutua edo Siemens bezalako industria-enpresak. MOIRAk Europa osoko ikertzaile juniorrak eta aditu eskarmentudunak biltzen ditu, hainbat diziplina zientifiko betetzen dituztenak, bai eta industriako alderdi interesatuak ere, proiektuaren erronka teknologikoei modu ezin hobean heltzeko. Sarea Europar Batasunaren Horizonte 2020 proiektuak finantzatzen du.

MOIRA sareko bigarren workshop irekiaren programa osoa hemen kontsulta daiteke.

Izena emateko epea ekainaren 3ra arte zabalik

Jardunaldi teknikoa zabalik dago sistema konplexuen monitorizazioaren arloan gertatzen ari diren aurrerapen nagusiak ezagutzeko interesa duen edozein profesionalentzat.

Bertaratzeko, IKERLAN zentro teknologikoarekin harremanetan jarri behar da ekainaren 3a baino lehen gsorrosal@ikerlan.es helbide elektronikoaren bidez, hemen jaitsi daitekeen inskripzio-orriarekin batera.

Parte hartzeak 105 euroko kostua du eta prezioan ikastaroko materialak, autobusez Gasteiztik IKERLANera egindako joan-etorriak, bazkariak eta workshopeko afari ofiziala sartzen dira.

MOIRA proiektuari buruzko informazio guztia www.h2020-moira.eu/webgunean dago eskuragarri.

Sede de IKERLAN

Ekainaren 5etik 7ra, teknologia horren metodologien eta algoritmoen hurrengo belaunaldia garatzen ari diren espezialistak hartuko ditu zentro teknologikoak Arrasateko egoitzan.

Sede de IKERLAN