- Proiektu horiek emanda EBk onartu egiten du IK4-IKERLAN fabrikazio aurreratuaren eremuan eragile garrantzitsua dela.
- "Fabrikazio aurreratuak handitu egiten du enpresek merkatuari eskaintzen dioten balioa", Zentroan ziurtatu dutenez.
IK4-IKERLAN sendotzen ari da fabrikazio aurreratuaren eremuan nazioarteko erreferente gisa. Europar Batasunak, Horizonte 2020 I+Gri laguntzeko programaren bitartez, zentroa diruz lagundu du fabrikazio aurreratuaren gainean I+G alorreko hiru proiektutan parte hartu dezan, izan ere, fabrikazio aurreratuaren eremuan ibilbide nabarmena egina du zentroak. Proiektuek Europako industrien lehiakortasuna bultzatzea dute helburu, eta 2015aren hasieran jarriko dira abian eta 2017aren bukaeratik 2018aren erdialdera bitartean burutuko dira.
IK4-IKERLANen partaidetzarekin garatuko diren hiru proiektuak, CREMA, C2Net eta MEMAN izenekoak, onartuta daude dagoeneko. Hirurek Europako industrien efizientzia hobetzeko tresnak garatzea dute helburu, eta euskal enpresen partaidetza garrantzitsua dute.
Fabrikazio aurreratua EB Horizonte 2020 programaren baitan indartsuen bultzatzen ari den arlo estrategikoetako bat da. Era berean, energiaren eta biozientzien arloekin batera, Euskadi Europan lehiakorragoa izan dadin Eusko Jaurlaritzak espezializazio adimentsurako duen RIS3 estrategiaren barruan lehentasunezkotzat jo duen jarduera eremuetako bat da.
IK4-IKERLAN eta fabrikazio aurreratua
IK4-IKERLANek ibilbide luzea du fabrikazio aurreratuaren eremuan. Izan ere, zerbaitengatik ari da enpresekin lanean ekoizpen eta logistika prozesuetan ahalik eta efizientziarik handiena izatea bermatuko duten estrategien bila. Horretarako, enpresei euren baliabideak ustiatu eta era berean baliabide horiei ahalik eta etekinik handiena lortzea ahalbidetuko dieten teknologia espezifikoak garatu eta aplikatzen ditu.
Zentroa gehien lantzen ari den alderdietako bat mantentze adimentsuarena da, hau da, sentsorizazio, komunikazio, datuen atzipen eta prozesamendu eta erabakiak hartzeko teknologia berrien aplikazioarena, osagai, ekipo edo sistemei diseinatu zirenean eman zitzaizkien funtzioak betetzen jarraitzeko gai izan daitezen.
Diziplina horri esker enpresek ahalik eta etekinik handiena atera diezaiekete beren baliabideei. Adibidez, makina baten errendimendua maximizatzeko, sentsoreak jartzen zaizkio une oro nola dagoen jakin ahal izateko, eta horrela zehatz-mehatz jakin daiteke noiz aldatu behar zaion pieza bat, eta programatu egin daitezke makinari egin beharreko esku-hartzeak, izan ditzakeen hutsegiteei aurrea hartzeko edo funtzionamendurako parametroak doitzeko, makinak energia gutxiago gastatu dezan.
IK4-IKERLANeko ikertzaile Eduardo Saizen ustez, fabrikazio aurreratua “hazkunde bete-betean dagoen jarduera da, eta euskal ekonomiarako oso aukera handia da”. “Horri esker enpresek beren lehiakortasuna hobetu dezakete, baita negozio gune berriak sortu ere, produktu erabilgarriagoak, fidagarriagoak eta funtzionaltasun gehiagokoak sortuko dira eta”, azaldu du.
Esan duenez, "fabrikazio aurreratuak handitu egiten du enpresek merkatuari eskaintzen dioten balioa. Produktu garatuagoak ez ezik, horiei lotutako zerbitzu berriak ere eskaini ditzakete”.
Aipatutako hiru proiektuak emanda EBk onartu egiten du IK4-IKERLAN fabrikazio aurreratuaren eremuan eragile garrantzitsua dela, eta zentroak onura gehiago jaso ditzake bueltan Europatik, dagoeneko onura asko jasotzen duen arren.
EBk hiru proiektuak onartu izana IK4-IKERLAN fabrikazio aurreratuaren eremuan eragile garrantzitsua delaren onarpena da. Horri esker, zentroak Europatik jasotzen dituen diru sarrerak, dagoeneko azpimarragarriak badira ere, 1,2 milioi euro baino gehiagotan haziko dira.
Proiektuak
CREMA ekimenaren helburua da lainoan tresna konputazional bat garatzea, enpresa baten makinen gaineko datuak denbora errealean bildu eta aztertzeko, eta makina horien funtzionamenduaren gainean erabakirik egokienak hartzeko. Bere helburua da intzidentziak ahalik eta modu eraginkorrenean konpontzea, inplikatutako eragile guztien jarduketak koordinatuta (produkzio arduradunak, lerroko langileak, mantentze lanetako langileak, etab.).
C2NET ekimenaren helburua da lainoan aplikazioak eta azpiegitura bat garatzea, planta baten eta bere hornitzaile eta bezeroen arteko material fluxua denbora errealean monitorizatzeko. Mugimendu hori arrazionalizatzeaz gain, egon daitezkeen baldintzetara egokitzea ere ahalbidetuko du, esaterako, eskarietan aldaketaren bat edo material hornikuntzan gorabeheraren bat gertatu ondorengo baldintza berrietara, une oro aukerarik hoberena birkalkulatuta. Horrez gain, prozesuko eragile guztiei era koordinatuan erabakiak hartzeko aukera emango die.
Bukatzeko, MEMAN proiektuaren baitan asmoa da sektore metal-mekanikoan diharduten Europako enpresen lehiakortasuna optimizatzea, balio kate osoaren efizientzia hobetzeko metodologiak, tresnak eta negozio ereduak garatuta, kate horretako enpresek erabiltzen dituzten ekoizpen bitartekoen eta oro har kontsumitzen dituzten energia eta materialen optimizazioaren bitartez.
“This project has received funding from the (European Union’s Horizon 2020 research and innovation programme) (Euratom research and training programme 2014-2018) under grant agreement Nº 637066 - 636909 -636926"