• Hautagaiak hautatzeko lehenengo kanpaina irailera arte egongo da irekita
  • EAEko lan-merkatuak espezializazio-maila handiko lanpostu jakin batzuk betetzeko duen zailtasunari erantzuten dio ekimenak

IK4k doktoretza-talentua sustatzeko programa bat jarri du martxan tesia aliantzako zentro teknologikoetako batean egin nahi duten tituludunentzat. EAEko industrian eragin handia duten gaietan profil oso espezializatuak prestatzea du helburu, zentroen eta, oro har, EAEko ekonomiaren berrikuntza-gaitasuna sustatzen lagundu dezaten, bai I+Gko proiektuak aliantzan bertan garatuz, bai aurrerago EAEko enpresetan lanean hasiz beren ezagutzak aplikatzeko.

EAEko lan-merkatuaren gabezia bati erantzuten dio plan honek, EAEn zaila baita hautagai egokiak aurkitzea garapen industrialerako funtsezko gaietan oso prestakuntza espezifikoa eskatzen duten lanpostu batzuk betetzeko.

Aliantzako zentroek guztira 33 plaza eskainiko dituzte 2016-2017 ikasturterako. Plana irekita egongo da urte osoan zehar, baina dagoeneko martxan jarri da hautagaiak aukeratzeko lehenengo kanpaina, zeina irailera arte irekita egongo baita.

Planaren xehetasunak eskuragarri daude doctorados.ik4.es webgunean. IK4ko zentroetako webguneetatik nahiz aliantzaren beraren webgunetik sar daiteke webgune horretara.

“Tesia egiten sortutako ezagutzak eta doktoregaiek garatuko dituzten gaitasunek gure berritzeko gaitasuna sustatzen lagunduko dute zalantzarik gabe eta herrialdearen maila teknologikoa igotzen”, adierazi du José Miguel Erdozain IK4ko zuzendari nagusiak. “Prestakuntza-maila handiko profesionalak izatea ezinbestekoa da zentro teknologikoetan I+Gko proiektuak gauzatzeko, eta, horretaz gain, aukera emango digute EAEko enpresetara ezagutza eta talentua transferitzeko, horren premia baitute”, gehitu du.

Eskakizunak eta baldintzak

Programan sartzeko, doktoretzarako sarbidea ematen duen 300 ECTS kredituko goi-mailako unibertsitate-titulu bat edo master ofizial bat izan behar da eta ingeles-maila ona. Hautagaien ikertzeko bokazioa ere baloratuko da, eta kasu jakin bakoitzean, beste eskakizun batzuk ere hartu ahal izango dira kontuan.

Doktoretza-talentua sustatzeko plana hiru urtekoa da. Denboraldi hori gehienez ere beste urtebetez luza daiteke, baldin eta zentro teknologikoak irizten badio badaudela nahikoa arrazoi luzapen hori justifikatzeko. Denboraldi horren amaieran, doktoretza-tesia defendatu beharko du hautagaiak.

Zentro bakoitza arduratuko da jasotako hautagaien ebaluazio-prozesuaz. Behin hautagaia aukeratutakoan, lan-kontratu bat sinatuko da doktoretzak iraungo duen denborarako.

IK4ri buruz

IK4 aliantza teknologikoa bederatzi zentro teknologikok osatzen dute (AZTERLAN, CEIT, CIDETEC, GAIKER, IDEKO, IKERLAN, LORTEK, TEKNIKER eta VICOMTECH), eta bere helburua da ezagutza zientifiko-teknologikoa sortzea, eskuratzea eta transferitzea, enpresen lehiakortasuna eta gizartearen aurrerapena hobetzeko.

Miniatura
33 plaza eskainiko ditu aliantza teknologikoak 2016-2017 ikasturterako
Miniatura
seo-url
doktoretzatalentua-sustatzeko-plan-bat-jarri-du-martxan-ik4k-eaeko-industriarako-profil-espezializatuak-prestatzeko
Id Externo
NOTA-130