•    Ekitaldia erakundearen egoitzan egin zen, Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuorde Estíbaliz Hernáez bertan zela.

•    Jardunaldiaren bukaerako mahai inguruan CAF, Orona, GH Cranes eta LKS Next enpresek hartu zuten parte. 
 

Arrasate-Mondragón, 2019ko urriaren 11.- Berrikuntzaren aldeko apustua egitea, I+G arloan inbertitzea, zibersegurtasuna sendotzea, digitalizazioaren eskutik aurrera egitea, espezializazioa sustatzea, industriaren beharretara egokitutako zerbitzuak eskaintzea eta aliantzak bultzatzea, beti kontuan izanda aurrerabide teknologikoa etikoa eta pertsonei zuzendutakoa izan behar dela. Horiek dira etorkizuneko industriaren erronkei arrakastaz aurre egiteko garrantzitsuak izango diren gakoetako batzuk, atzo IKERLAN zentro teknologikoan egin zen Think Future Industry jardunaldian Euskadiko industria sareko eragile esanguratsuek nabarmendu zutenez.

Ekitaldian Euskadiko 40 enpresa baino gehiagok, ikertzaileek eta erakundeetako ordezkariek hartu zuten parte, eta baliogarria izan zen hurrengo urteetan industria sektoreak izango dituen erronkei buruzko ikuspegiak trukatzeko, teknologiak jokatuko duen rolaz eta talentua erakarri eta prestatzeko erronkei lotuta.

Saioari IKERLANeko presidente José María Balzategik eman zion hasiera, zentro teknologikoaren 45 urteotako mugarri garrantzitsuenak azpimarratuz.

IKERLANen historiako mugarriek erakusten digute horiek lankidetza, elkartasuna eta aukerak sortzeko urratsak izan direla, beharrei eta erronkei erantzun ahal izateko. IKERLAN enpresei zerbitzua eman eta eraldaketarako tresna garrantzitsua izateko sortu zen", azaldu zuen Balzategik.

Jarraian, Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuorde Estíbaliz Hernáezek hartu zuen hitza eta euskal ekonomiaren jardunean eragin negatiboa izan dezaketen nazioarteko eta estatuko zenbait ezegonkortasun elementu aipatu zituen.

Hala ere, Hernáezek honako hauek ere azpimarratu zituen: digitalizazioaren aldeko apustua indartzea, berrikuntza, enplegua sustatzeko oinarri teknologikoko enpresak sortzea, enpresa txiki eta ertainak prestatzea -horiek baitira laugarren iraultza industrialaren “protagonistak”-, merkatuetatik hurbil izatea eta espezializazioa.

Errealistak izateko deia egiten dugu, zuhurtasunez jokatuz, baina berrikuntzan eta proiektu berrietan inbertitzen jarraituz, bestelakoan oso-oso kaltegarria izango bailitzateke Euskadiko garapen ekonomiko eta sozialarentzako”, adierazi zuen sailburuordeak.

Ostean, IKERLANeko zuzendari nagusi Marcelino Caballerok IKERLAN eredua aurkeztu zuen, zeina enpresei teknologia aurreratuak transferitzera zuzendua dagoen eta non pertsonak oinarrizko ardatz diren.

Enpresei teknologia transferitzea gure jardueraren % 60 da, eta hori da Euskal Sareko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako gainerako zentro eta eragileekin desberdintzen gaituen ezaugarri garrantzitsuena", zehaztu zuen Caballerok, zeinak erakundea errealitate “ireki, dinamiko eta enpresen zerbitzurakoa” dela adierazi zuen.

 

Espezialisten ikuspegia

Jardunaldiaren atalik teknologikoenean, etorkizuna markatuko duten teknologiei buruz espezialistek dituzten ikuspegiak trukatu ziren. Arlo horretan, halaber, IKERLANeko zibersegurtasun alorreko arduradun Salvador Trujillok digitalizazioak dakarren erronka aipatu zuen; izan ere, digitalizazioaren bitartez gailuen eta sistemen babesa eta segurtasuna bermatzeaz gain, enpresen know how-a ere babesten da, eta, berak ziurtatu zuenez, arlo hori dagoeneko oztopoa edo hesia da zenbait  merkatutan sartzeko.

Bere iritziz, etorkizuna “digitala izango da edo ez da izango” eta ez da digitalizatu gabeko produktu industrialik izango. Gainera, hainbat adibide aipatu zituen azaltzeko teknologia digitalen erabilerak industriaren negozio eredua eraldatzea dakarrela, produktuak ekoiztetik zerbitzuak eskaintzera igarotzen ari baita.

Adituaren ustez, oso garrantzitsua da faktore etikoa, teknologia digitalak “pertsonei lagundu diezaien” lortzeko eta “mundu hobean” bizitzeko.

Era berean, Potentzia Elektronikaren alorreko arduradun Luis Mir ikerlariak adierazi zuen aurrerapen teknologiko handiek iraultza soziala, kulturala eta ohiturena dakartzatela, eta berariaz aipatu zuen autogintzaren arloa, sektore hori baita eraldaketa handienak jasotzen ari dena.

Etorkizuneko ibilgailua garbia, segurua eta interkonektatua izan beharko da”, esan zuen Mir ikertzaileak, eta silizio karburozko erdieroaleen garapena aipatu zuen, horietan IKERLAN erreferentea baita. Gainera, galio nitruroa ere aipatu zuen, teknologia horrek sistema "txikiagoak, arinagoak eta eraginkorragoak" sortzea ahalbidetuko baitu.

"Autogintzaz ahaztu eta mugikortasunean pentsatzen hasi beharko dugu”, ziurtatu zuen adituak, eta gaineratu zuen oso-oso garrantzitsua dela teknologian prestatuta egotea, etorkizuneko eskakizunei aurre egin ahal izateko.

Bestalde, zentro teknologikoko Kontrol, Monitorizazio eta O & M Teknologien taldeko arduradun Aron Pujanak adierazi zuen industrian gertatutako iraultza guztien atzean "aldaketa horien bultzatzaile ekonomikoak” daudela, eta ziurtatu zuen 4.0 industriak teknologia desberdinen garapena eskatzen duela eta, horrenbestez, gakoa dela enpresen eta zentro teknologikoen arteko lankidetza.

Espezialistak azpimarratu zuenez, oso garrantzitsua da soluzio pertsonalizatuak eta bezeroen beharretara egokitutako soluzioak eskaintzea. Gainera, aurreratu zuen etorkizunean gai izan beharko dugula “4.0 Industria industrializatzeko” esperientzia pilotuak merkaturatzeko eta automatizazioaren, birtualizazioaren, fidagarritasuna indartzearen eta IT (informatikoak) eta OT (lantegian dauden programatzaileak eta automatizazioko adituak) departamentuen sinbiosiaren aldeko apustua egiteko.

Saioan zehar, profesionalean profil berrien eta giza kapitalaren trebakuntza eta prestakuntzaren garrantziari buruzko jarduteko tartea ere egon zen. IKERLANeko Pertsonen zuzendari Ion Etxeberriak izan zuen talentuak esparru teknologikoan dituen erronkei heltzeko ardura.

Jardunaldia bukatzeko, mahai ingurua egin zen honako partaide hauekin: CAFeko Negozio Garapen eta Teknologiako  zuzendari Iosu Ibarbia, Oronako Berrikuntza Teknologikoko zuzendari korporatibo José Miguel Lazkanotegi, LKS Next-eko zuzendari nagusi Elena Zárraga, eta Industrias Electromecánicas GH Cranes-eko I+G arloko zuzendari Pablo Pedrós.

Aditu horiek hausnarketa egin zuten hurrengo urteetan esparru industrialean sortuko diren behar garrantzitsuenen inguruan.

Aipatutako konpainiez gain, jardunaldian Euskadiko sare industrialeko beste enpresa hauetako ordezkariak eta eragileak ere izan ziren: Fagor Taldea, Ulma Taldea, Ikusi, ABC Compressors, Ampo, Dibal, Maier eta Ikor, SPRI Taldeko ordezkariak, BRTA zientzia eta teknologia alorreko partzuergokoak, AFMkoak eta beste kluster batzuetakoak.

Think Future Industry ekitaldia IKERLANek honako arlo hauetan duen konpromisoaren barruan kokatzen da: zientzia eta teknologia arloetan ezagutza sortzea, hausnarketa bultzatzea, giza kapitalaren etengabeko prestakuntza eta enpresen beharrei erantzuteko balio erantsi handiko soluzio teknologikoak garatzea.

 

IKERLANi buruz

IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentzian eta enpresari balio lehiakorra ematen, besteak beste bere ikertzaileen espezializazioagatik. Soluzio integralak eskaintzen ditu, hiru arlo nagusi hauetako hainbat eremu teknologiko uztartuz: Elektronika, Informazio eta Komunikazioko Teknologiak (EIKT); Energia eta Potentziako Elektronika; eta Fabrikazio Aurreratua. 2018an, IKERLANek AENORen egiaztagiria lortu zuen, bere kudeaketa sistema integralagatik (UNE-EN ISO 9001:2015 eta UNE 166002:2014), zeinarekin zentroak I+G+B alorrean duen bikaintasun maila aitortzen baita. Gaur egun, langile taldea 300 pertsona inguruk osatzen dute.

• Berrogei enpresa baino gehiagok eta Euskadiko enpresa sareko zenbait eragile esanguratsuk hartu zuten parte atzo Think Future Industry jardunaldian. Ekimena IKERLAN zentro teknologikoak antolatu zuen, eta industria sektorearen erronkak aztertu zituzten bertan.