options
search icon
email icon
EU
rrss gif icons
twitter icon
linkedin icon youtube icon

Xilinx sendo segurtasun funtzionalerako mikroelektronikaren merkatuan, IK4-IKERLANen lankidetzarekin

shape

Arrasate-Mondragón-eko zentro teknologikoak eta gailu programagarrietan liderra den multinazionalak FPGA txip batean oinarritutako soluzio bat garatu dute elkarrekin, aplikazio kritikoetarako.

Xilinx sendo segurtasun funtzionalerako mikroelektronikaren merkatuan, IK4-IKERLANen lankidetzarekin

14/03/2017

shape
  • Gailu horiek orain arte erabilitakoak baino eraginkorragoak dira eta haiek baino kostu txikiagoa dute, eta horri esker enpresa balio handiko sektoreetara iritsi ahal izango da.
  • Garapenak TÜV Rheinlanderren ziurtagiria jaso du, hau da, munduko erakunde egiaztatzailerik nagusiaren bermea.

 

IK4-IKERLANek eta mikroelektronikan munduko liderra den Xilinx enpresak berriz programatu daitezkeen txipetan (FPGA edo Field Programmable Gate Array teknologia darabiltenak) oinarritutako soluzio bat garatu dute elkarrekin, segurtasun funtzional handiko aplikazioetarako.

Orain arte, horrelako gailuak ez dira inoiz erabili hain funtzio zorrotzak egiteko. Halere, Xilinxek eta IK4-IKERLANek aplikazio kritikoetarako sistema bat txertatu dute txip batean, eta sistemak TÜV Rheinlandek, munduko erakunde egiaztatzailerik nagusia, ezartzen dituen baldintza zorrotzak betetzen ditu. Horri esker, enpresa estatubatuarra balio erantsi handiko merkatuetara iritsi ahal izango da.

Sektore guztietako enpresetan gero eta gehiago erabiltzen ari diren gailu elektronikoak dira FPGA teknologiak. Teknologia horien arrakasta beren moldakortasunean datza, funtzio ugari betetzeko programatu daitezke eta. Xilinx da eremu honetan aitzindaria eta liderra den munduko konpainia.

Soluzioa

Orain arte, safety aplikazioetan erabiltzen zirenean (hau da, pertsonen edo balio handiko azpiegituren osotasuna baldintzatzen duten aplikazioak), beharrezkoa zen sisteman lanean bi txip batera aritzea. Horrela, txip batek huts egiten bazuen, besteak jarraitzen zuen segurtasun funtzioak betetzen.

Xilinxek eta IK4-IKERLANek elkarrekin garatu duten plataforma berriak ahalbidetzen du gailu bakar batekin egitea zeregin delikatu hori. Horretarako, segurtasun funtzionaleko bi kanal ezarri dira txip berean. Aurrerapen horri esker, soluzioa eraginkorra izatea lortu da, bai eta osagai gutxiagorekin fabrikatu ahal izatea eta, ondorioz, fabrikazioak kostu txikiagoa izatea ere bai.

“Guretzat oso garrantzitsua da FPGA gailuen fabrikazioan liderra den enpresarekin batera aritzea, izan ere, horrek IK4-IKERLANek elektronika txertatuko teknologietan oinarritutako industria aplikazioetan dituen gaitasunak onartzea dakarrelako”, azaldu du zentroko ikertzaile Leire Rubiok.

Potentzia sistema elektrikoetan anomaliak aurkitzeko sortu den proiektu pilotu batekin probatu da garapenaren baliagarritasuna. Sareko fluxu elektrikoa monitorizatzen duen txip batean sartuta dagoen aplikazio bat da, eta bere helburua da instalazio baten osotasuna arriskuan jartzen duten gaintentsioak ekiditea. TÜV Rheinland erakunde egiaztatzailearen aurrean, aplikazio honekin erakutsi da gailuak azpiegitura kritiko baten segurtasuna bermatu dezakeela, esaterako, sare elektriko batena.

Erabilera honetatik haratago, plataforma prestatuta dago zorroztasun maila handiko hainbat sektoretan erabiltzeko, hala nola automobilgintzan, tren sektorean, medikuntzan, etab. Garapen horiei esker Xililnx merkatu berrietara iritsi ahal izango da, balio handiko eremu batean, hala nola segurtasun handienekoan.


Embedded World 2017an aurkeztuko da

Xilinxek fabrikatutako txipean segurtasun funtzionaleko aplikazioak inplementatzea izango da Nurenbergen (Alemania), Embedded Worldean, sistema txertatuen gainean munduan egiten den azokarik garrantzitsuenean, Ipar Amerikako konpainiak IK4-IKERLANekin batera aurkeztuko dituen nobedade nagusietako bat.

Hitzordua datorren martxoaren 14tik 16ra bitartean izango da, eta 900 erakusketari baino gehiago, 30.000 profesional baino gehiago eta aditu ugari elkartuko ditu, teknologia txertatuen sektoreko azken nobedadeak aurkezteko asmoarekin mundu osotik joanak.


IK4-IKERLANen esperientzia

IK4-IKERLANek esperientzia zabala du goi segurtasuneko aplikazioetarako elektronika txertatuaren garapenenen, oso sektore zorrotzetan, hala nola tren sektorean. Duela gutxi, IK4-IKERLANek segurtasun funtzionalerako sistema elektronikoak garatzeko erabiltzen duen metodoaren egiaztagiria berristu du TÜV Rheinlandek.

Zentroak duela bost urte eskuratu zuen egiaztagiria, eta orain berritu egin du egiaztagiri hori hobekuntzetara eta arauen aldaketetara moldatzeko. Horrela, IK4-IKERLAN egiaztagiri hori duen lehen erakundeetako bat da orain Europan, eta lehena Espainian.

“Lankidetza horrek erakusten du ezagutza handia dugula goi segurtasuneko aplikazioetarako teknologia txertatuen gainean, zeina etorkizunean gure inguruneko enpresei transferitu ahal izango baitugu”, baloratu du IK4-IKERLANeko sistema txertatuen arloko arduradun Jon Perezek.

Xilinxi buruz

Xilinx teknologia alorreko konpainia estatubatuar bat da, eta gailu logiko programagarriak garatzen ditu. Ezaguna da munduan FPGA gailuak asmatzeagatik (Field Programmable Gate Array) eta erdieroaleen fabless ereduekin lan egiten duen lehen enpresa izateagatik. 3.500 patente baino gehiago ditu eta aitzindaria da teknologia programagarrietan. Bere produktuekin aplikazio adimentsuak, konektatuak eta bereziak egin daitezke, 5G wireless, Embedded Vision, Industrial IoT eta Cloud Computingez bultzatuta.

close overlay