options
search icon
email icon
EU
rrss gif icons
twitter icon
linkedin icon youtube icon

Teknologia berriak industriaren zibersegurtasuna indartzeko

shape

IK4-IKERLAN Citadel proiektuan parte hartzen ari da, bertan industria sistemak eta funtsezko azpiegiturak zibererasoetatik babesteko tresna eta metodologiak garatzen ari direlarik

Teknologia berriak industriaren zibersegurtasuna indartzeko

13/12/2016

shape
  • Makinen arteko konexioa gero eta handiagoa da, eta horrek enpresak hainbat arriskuren pean egotea dakar, esaterako informazioa lapurreten edo sabotajeen arriskupean
  • Proiektuaren partzuergoa Europako 13 enpresa, ikerketa zentro eta erakunde akademikok osatuta dago, eta gaur egingo du bilera zentro teknologikoak Galarretan (Hernani) duen egoitzan

Industriaren etorkizuna internet bidezko makinen interkonexioari eta informazioaren trukeari lotuta dago. Errealitate honek abantaila ugari ditu, baina arriskuak ere baditu, esaterako hauek: balio handiko datu ugari sortzen da, eta datu horiek lantegi, bezero eta hornitzaileen arteko konexio digitalen sarean mugitzen dira, zeina zibererasoen itua izan daitekeen. Informazio lapurretak edo sabotajeak dira arrisku nagusiak, ekoizpena edo zerbitzuak ematea gelditzea eragin baitezakete.

Enpresei erronka horretarako soluzio bat eskaintzeko, Europar Batasunak I+G alorreko Citadel proiektua bultzatu du, zeinetan IK4-IKERLAN euskal zentro teknologikoa parte hartzen ari den. Ekimen honek hiru urteko iraupena izango du eta 6 milioi euroko aurrekontua dauka, eta bertan funtsezko azpiegituren kontrol sistemetan zibersegurtasuna kudeatzeko tresna informatiko berriak garatzen ari dira.

Citadel industria sistemen eta funtsezko azpiegituren segurtasun informatikoa indartzeko eskaintza integrala garatzen ari da. Gaur egun zibersegurtasunarekin zerikusia duten hainbat funtzionalitate barreiatuta daude, eta asmoa da denak hardware plataforma bakarrean elkartzea. Hori da, hain zuzen, proiektu honen berritasun nagusietako bat. Sistema honen abantaila nagusia da puntu bakarra defendatu beharko dela, izan ere, sistema banatu batean defendatzea baino errazagoa da.

Gainera, proiektu honetan MILS (Multiple Independent Levels of Security) moldagarria izenez ezagutzen den kontzeptua aplikatutako da, zeinaren bidez sistemak beraien bizitzan zehar aldatu eta egokitu daitezkeen mehatxu berrietatik babesteko.

Citadelen teknologia Pragako metroan probatuko da. MILS moldakorra izeneko teknologia erabiliko da komunikazio sareen arteko konexio sistema bat garatzeko hainbat kritikotasun eta segurtasun mailarekin. Helburua da une oro bermatzea sistemaren zati diren elementu guztien arteko komunikazioen erabilgarritasuna eta segurtasuna. Kasu pilotuak ere jarriko dira abian fabrikazio lantegi batean eta ahots bidezko komunikazioetarako ekipamendu batean.

“Zibersegurtasuna, betekizun saihestezina”

“Enpresa asko ez dira oraindik konturatzen zer arrisku duten beraien produktuak edo makinak internetera konektatzen dituztenean, baina etorkizun hurbilean zibersegurtasuna betekizun saihestezina izango da produktu eta prozesuetan”, ohartarazi du IK4-IKERLANeko industria zibersegurtasuneko arduradun David Gonzálezek.

Citadelen partzuergoa Europako 13 enpresa, ikerketa zentro eta erakunde akademikok osatuta dago, eta gaur IK4-IKERLANek Galarretan (Hernani) duen egoitzan elkartuko da ekimen honetan aurrerantzean eman beharko diren urratsak erabakitzeko.

Euskal industriako kasu arrakastatsuak

Industriako zibersegurtasuna eremu transbertsala da, bereziki kontrol elektronikoak funtsezkoak direneko azpiegitura kritikoak eta fabrikazio bitartekoak dituzten sektoreetan.

IK4-IKERLAN dimentsio eta sektore desberdineko hainbat euskal enpresarekin ari da elkarlanean, arrisku horiek saihesten laguntzeko. Lankidetza horien barruan, besteak beste, txip kriptografikoetan oinarritutako gailu seguruak garatzeko lanak eta industriako kontrol sistemetako zibersegurtasunerako neurriak diseinatu eta ezartzekoak egon daitezke. Zentroa, besteak beste, makina-erremintaren, energiaren, osasunaren eta garraioaren sektoreetako enpresekin ari da elkarlanean.

Eremu honetan, azpimarratzekoa da zentroak Orona enpresarekin egiten duen lana. Erakunde biak elkarlanean ari dira industria komunikazioetan zibersegurtasuneko teknologiak txertatzeko, igogailuaren mantentze lanetarako eta kontrolerako zerbitzu aurreratuaren prozesua ahalbidetzen baitute.

Ekimen horren bitartez aurrerapenak egiten ari dira igogailuetan informazio teknologiak txertatzeari dagokionez, datuak modu seguruan trukatu ahal izateko eta bezeroari ematen zaion zerbitzua hobetzen laguntzeko, mantentze lan prediktiboen tekniken bitartez.

Proiektua Basque Industry 4.0 programan sartuta dago, Eusko Jaurlaritzaren menpe sortu berri den programa anbiziotsuan, alegia.

IK4-IKERLANi buruz

IK4-IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentzian, ikertzaileen espezializazioan eta enpresari balio lehiakorra ematen, besteak beste bere ikertzaileen espezializazioagatik. Soluzio integralak eskaintzen ditu, hainbat eremu teknologiko uztartuz. Hori posible izateko arrazoia da hiru esparru handitan espezializazio maila handia duela: Elektronika, informazio eta komunikazioko teknologiak (EIKT), Energia eta Potentzia Elektronika, eta Fabrikazio Aurreratua. Gaur egun, langile taldea 290 pertsona inguruk osatzen dute.

Proiektuaren fitxa

Proiektuaren izena: Citadel
Erakunde finantzatzailea: Horizon 2020 - Research and Innovation Framework Programme
Programa: DS-03-2015
Kontratuaren zenbakia: 700665
Proiektuaren liderra: X/OPEN COMPANY LIMITED
Iraupena: 3 urte

 

close overlay