options
search icon
email icon
EU
rrss gif icons
twitter icon
linkedin icon youtube icon

Sektore eolikoan eragina duen puntako euskal teknologia

shape

IKERLANek offshore aerosorgailuetarako sistema berritzaile bat garatu du General Electricerako

Sektore eolikoan eragina duen puntako euskal teknologia

28/09/2016

shape
  • Euskal zentroak sektoreko bertako enpresa nagusiei ere laguntzen die bere teknologiarekin
  • Sektore eolikoko enpresekin izenpetutako kontratuen ondorioz zentroak izandako diru sarrerak 6,5 M€ baino gehiago izan dira azken 5 urteetan

IKERLAN euskal zentro teknologikoak apustu handia egin du eolikoaren moduko sektore estrategikoan erreferentziazko bazkide teknologiko gisa posizionatzeko, sektore horretan Euskadi eragile nabarmena baita. Hala, eremu horretan diharduten sektoreko euskal enpresa nagusientzat eta nazioarteko liderrentzat garatzen du teknologia.

Izan ere, IKERLANek bere pitch sistema garatu du Alstom Windentzat, hau da, gaur egungo General Electricentzat, zeina sorgailu eoliko baten errotorearen palen angelua erregulatzeaz arduratuko baita. Pitch sistemarekin batera, bere diseinurako eta dimentsionamendurako beharrezkoak diren tresnak ere garatu ditu. Berrikuntza Danimarkako Unibertsitate Teknikoaren instalazioetan probatu da, eta Ipar Amerikako multinazionalaren offshore aerosorgailuetan instalatzeko egin da.

EAEn dauden sektoreko enpresetan ere ikusten da zer-nolako gaitasuna duen enpresei berrikuntzak eskaintzeko. Hain justu, IKERLANek Laulagun Bearingsekin elkarlanean dihardu errodamenduen monitorizazio adimenduneko sistemak garatzen, eta Ingeteamekin ere elkarlanean aritu da INGECON® WIND FIX2VAR SPEED bihurgailuaretzako kontrol gaietan, bihurgailu horrek abiadura finkoko aerosorgailuen parkeei ahalik eta etekin handiena ateratzea ahalbidetzen baitu, abiadura aldakorreko aerosorgailuetan bihurtuz.

Teknologiaren zeregina sektore eolikoko enpresen erronketan

Energiarekiko mendekotasuna gero eta handiagoa duen gizarte honetan, eguzki energiak eta energia eolikoak funtsezko zeregina dute energiaren sorkuntza iraunkorrerantz aurrera egiteko. Energia bi horiek izango dira abiapuntutzat erabiliko ditugun bi energi iturri nagusiak igorpen kutsatzaileak minimizatuko dituzten energia garbien eskaerari erantzuteko.

EAEko industriak presentzia handia du sektore horietako batean, hau da, energia eolikoaren sektorean, eta merkatuan erreferentziazkoak diren enpresak daude, hala nola Gamesa edo Iberdrola; halaber, osagaien zein balio kate osoko sistemen hornitzaileak ere ugari dira. Sektoreko enpresek badakite, datozen urteetan heldu beharreko erronkei modu lehiakorrean erantzuteko, beharrezkoa dela elkarrekin lan egitea, efikaziarik handienarekin jardunez eta produktu eta prozesuei abangoardiako berrikuntzak gehituz.

Horrela ulertu du Eusko Jaurlaritzak ere, zeina, Energiaren Klusterrarekin batera, hainbat egitasmo gidatzen ari baita sektoreko enpresen lankidetza eta berrikuntza sustatzeko.

Sektorearen erronkei erantzuteko funtsezko elementu bat teknologiaren garapena da, sistema eolikoak gero eta lehiakor, eraginkor, fidagarri eta erabilerrazagoak izan daitezen, eta hain zuzen alderdi horretara ari dira enpresak bere ekimena bideratzen. Materialak eta egiturak, elektronika eta kontrola, edo diseinuen modelizazioa eta metodoak dira sektorearen arretagune nagusiak teknologia garatzeari dagokionez; baina baita ere energia elektrikoaren konbertsioa, monitorizazioa, ikuskapena eta mantentzen lanak, edo sareko integrazioa. Horiek dira EAWE erakundeak (European Academy of Wind Energy) identifikatu dituen esparruetako batzuk, datozen urteetan ikerkuntzak izango dituen erronka nagusiei buruzko txoten batean.

IKERLANen ibilbidea sektore eolikoko enpresei teknologia emanez

IKERLAN erreferentziazko zentroa da offshore eta onshore turbina eolikoetarako funtsezko teknologia askoren garapenari dagokionez. Zentroak 30 urte baino gehiago daramatza lanean sektorea garatzeko soluzio teknologikoak sortzen eta gauzatzen.

Kontrolerako sistema txertatuak, azken belaunaldiko potentzi bihurgailuak, turbinak mugitzeko behar diren errodamendu handiak, dorreen fidagarritasun estrukturala eta aerosorgailuen potentzia trena, edo parke eolikoen monitorizazioa… Zentroaren garapenak bezeroekin lankidetzan egiten dira, eta munduan lanean dabiltzan turbina askotan aurkitu daitezke.

IKERLANek sektore eolikoko enpresekin duen elkarlana 1999. urtetik dator, Ecotècnia eta Mtorresekiko lankidetza hasi zenetik. Lankidetza horiek aerosorgailuak fabrikatzen dituzten enpresetara zein hornidura kateko enpresa nagusietara zabaldu da. Azken bost urteetan, IKERLAN Alstom-Winden (orain GE) hornitzaile nabarmena izan da egitura, kontrol eta elektronikaren eremuetan, eta parte hartu du onshore aerosorgailuen eta 6 MW-eko Haliade offshore aerosorgailuaren elementuak diseinatzen eta egiten.
IKERLANek lankidetza egonkorrak ditu hainbat enpresarekin, horien artean Laulagun Bearings, Ingeteam edo Erreka, eta azken bost urteetan sektore eolikoko enpresekin egindako kontratuetan 6,5 M€ baino gehiagoko diru sarrerak lortu ditu.

IKERLANek abangoardiako ezagutzaren hornitzailea da sektore eolikoaren beharretarako

IKERLAN sektore eolikoko Euskadiko enpresen erreferentziazko aliatu teknologikoa izan da eta izaten jarraitu nahi du, eta, horregatik, berebiziko garrantzia ematen die sektorearen beharrei, ezagutza sortzeko estrategiaren barruan. Hain zuzen, Europan erreferentziazkoak diren ikerketa taldeak ditu, eta I+Gan inbertitzeko estrategia osoa teknologia eta balioa sortzera bideratzen du, berarekin lankidetzan diharduten sektoreko enpresei zuzenduta.

Ildo horretan, IKERLAN liderra da MECOFF proiektuan, offshore-rako mekatronikako teknologia fidagarriak garatzeko, lankidetza bidezko Elkartek ikerketa programaren barruan.

Bere estrategiaren oinarrian daude enpresekin etengabe hitz egitea eta Europako ikerketa zentro eta unibertsitate nagusiekin etengabeko lankidetzan aritzea, eta, horrenbestez, presentzia jarraitua du I+Ga bultzatzeko programa nazionaletan zein internazionaletan. Gaur egun IKERLANek hainbat lankidetza ditu entzute handiko zentroekin: NREL, DTU-RISO, AALBORG UNIVERSITY, ISEA, ETH ZURICH, CENER, IREC...

Saiakuntza bankuaren proiektua aerosorgailu baten gondola orientatzeko sistemarako

IKERLANi sektore eolikoan metatu duen esperientzia aitortu diote, izan ere, saiakuntza aurreratuen bitartez azpisistema eolikoak integratu eta balioztatzen dituen WINDBOX elkarteak banku berri bat garatzeko esleipena eman baitio, AEROSORGAILUEN GONDOLA ORIENTATZEKO SISTEMAREN SAIAKUNTZAK egiteko. Ekipamendu horri esker, enpresek offshore aerosorgailuetarako osagai eta sistema kritikoen saiakuntzak egin ahal izango dituzte.

Garatuko den bankuak garrantzi estrategikoa dauka etorkizuneko teknologia eolikoetarako, orientatzeko sistema (yaw) izango delako gondolari dorrearen gainean biratzea ahalbidetuko duen sistema, produkzioko baldintzetan haizearen norabidearen konta mantenduz, energiaren sorrera maximizatzeko. Gainera, IKERLANek garatuko duen bankuari esker sistemaren osagai kritikoetan eragiten duten parametroak zehaztu ahal izango dira. Horrelako osagai gehienak Euskadin fabrikatzen dira eta, ondorioz, turbina berrietarako horrelako sistema bat edukitzeak aukera eman diezaioke gure industriari munduan merkatuko liderrekin lehiatzen jarraitzeko.

IKERLANek banku hau garatzeko bermea da zentroak 30 urte baino gehiago dituela teknologia eolikoen garapenean. Zentroa Europan aitzindaria izan zen lehen mapa eolikoak garatzen, eta ondoren estatuan horrelako teknologien hedapena etorri zen. Harrezkero, aerosorgailuen eta osagaien fabrikatzaileekin lanean dihardu, hainbat teknologiatako gailuak eta algoritmoak garatzen, horien artean egonik ekipamendu elektronikoak eta komunikazioetakoak, kontrolerako softwarea edo teknologia mekanikoak.

Windbox sektore eolikoaren Fabrikazio Aurreratuko Zentroa da (FAZ), eta 2014an jarri zen martxan, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, Euskadiko Fabrikazio Aurreratuaren Estrategiaren esparruan. Bederatzi euskal enpresak parte hartzen dute egitasmoan, Energiaren Klusterrak koordinatuta, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako Sailaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.

IKERLANi buruz

IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentzian, ikertzaileen espezializazioan eta enpresari balio lehiakorra ematen. Soluzio integralak eskaintzen ditu, hainbat eremu teknologiko uztartuz. Hori posible izateko arrazoia da hiru esparru handitan espezializazio maila handia duela: Elektronika, informazio eta Komunikazioetako Teknologiak, Energia eta Potentzia Elektronika, eta Fabrikazio Aurreratua. Gaur egun, langile taldea 250 pertsonak baino gehiagok osatzen dute.

close overlay