options
search icon
email icon
EU
rrss gif icons
twitter icon
linkedin icon youtube icon

IK4-IKERLANek etorkizuneko trenen efizientzia eta segurtasuna hobetzeko ekimen batean parte hartzen du

shape

Trenen konputazio sistema berritzea da helburua, trenen fidagarritasuna eta energi gastuak eta baliabideetakoak optimizatzeko

IK4-IKERLANek etorkizuneko trenen efizientzia eta segurtasuna hobetzeko ekimen batean parte hartzen du

31/01/2017

shape
  • SAFE4RAIL proiektuak 10 kilometro kable aurreztea espero du 20 metro tren bakoitzean
  • Euskal zentroa erreferentea da nazioartean sistema txertatu fidagarrien diseinuan eta garapenean
  • Proiektua iazko Open Calls programan aurkeztu zen, balorazio altuena (15/15) jaso zuelarik

Tren sektorea modernizatzen ari da teknologia berrietara moldatzeko. Duela gutxi, proiektu europar bat jarri da martxan, zeinaren bidez trenen monitorizazio eta kontrol funtzioak, orain gailu desberdinetan dauden funtzioak baitira, sistema elektroniko bakarrean bildu dezaketen teknologiak garatuko diren. Proiektuak SAFE4RAIL izena du, eta I+G+B alorrekoa da. Horrek garraiobide horren segurtasuna eta efizientzia areagotzea ahalbidetuko du, eraikitze lanetan eta mantentze lanetan egiten diren kostuak murrizteaz gain.

Ekimenak, non IK4-IKERLAN zentro teknologikoa parte hartzen ari baita, 6,68 milioi euroko aurrekontua du guztira, eta bi urte iraungo du. Trenen hainbat funtzio, konputazio sistema berean elkartzeko beharrezkoa den teknologia garatuko du. Horietako funtzio batzuk hauek dira: ateen irekiera eta itxiera, bidaiarientzako komunikazio sistema edo balaztatze sistema. Orain arte funtzio horietako bakoitzak bere sistema erabiltzen zuen.

“Aeronautikan eta automobilgintzan jada batu dira monitorizazio eta kontrol sistema guztiak sistema elektroniko bakarrean, baian tren sektorea, berriz, zaharkituago dago eta horregatik, hain justu, jarri da martxan SAFE4RAIL proiektua", azaldu du Rosa Iglesias ikertzaileak, IK4-IKERLANen ekimen honen arduraduna denak.

Eraberritze hori lortzeko sistema txertatu fidagarriak eta seguruak erabiliko dira. Objektuetan txertatuta doazen gailu elektroniko batzuk dira, eta gai dira objektu horien funtzio bat edo gehiago kontrolatzeko, baita pertsonen edo ekipoen segurtasuna baldintzatzen duten funtzioak ere (kasu honetan, esaterako, balaztatze sistema). “Teknologia elektroniko berri hauek etorkizuneko trenen efizientzia eta segurtasuna hobetzea ahalbidetuko digute”, ziurtatu du Iglesiasek.

Ekimen hau Shift2Rail elkarte publiko-pribatuak bultzatu du, Europako Batasunaren Horizon 2020 programaren barruan, Europako tren industria modernizatzeko ekimen handiak koordinatzen dituen elkartea baita. Partzuergoa zortzi industria bazkidek eta ikerketan diharduten hiru erakundek osatzen dute, eta ikerketa erakunde horietako bat da IK4-IKERLAN.

Abantailak

Zer abantaila dakar esandako sistemak bakar batean elkartzeak? Hasteko, ibilgailuaren elektronika sinplifikatuko da eta elektronika eta kable ugari kenduko da. Hain zuzen, espero da 10 kilometro kable aurreztea 20 metro ibilgailu bakoitzean. Horri esker espazioan, efizientzian, arintasunean eta mantentze lan, eragiketa eta eraikuntza lanen kostuetan irabazi egingo da.

Gainera, garatzen ari den arkitekturan balaztatze sistema integratu eta elektronikoki kontrolatu ahal izango da. Gaur egun, sistema horiek mekanikoak dira, baina asmoa da freno elektronikoekin ordeztea, fidagarriagoak eta seguruagoak baitira.

Horrez gain, trenen osagaien fabrikatzaile guztientzat balioko duen teknologia estandarra ezarriko da. Orain arte, fabrikatzaile bakoitzak bere protokoloak erabiltzen ditu. Halere, oinarri komuna edukita errazago izango da trenean instalatzen den sistema bakoitzaren homologazioak eta egiaztapenak azkartzea.

Sistema txertatu fidagarrien garrantzia

IK4-IKERLAN zentro teknologikoak sistema txertatu fidagarrien eta komunikazioen gainean duen ezagutza jarriko du proiektuan, bai eta tren sektorean duen esperientzia ere, zeina CAF enpresarekin elkarlanean –munduko liderretako bat– produktuak garatzen egindako lanari esker eskuratu baitu.

Aipatutako sistema txertatu fidagarriak hardwarea, softwarea eta komunikazioak dituzten gailu elektronikoak dira, eta objektuetan txertatuta daude haien funtzioetakoren bat kontrolatzeko. Fidagarriak esaten zaie baldin eta kontrolatzen dituzten funtzioak pertsonen segurtasunerako edo ekonomiaren ikuspuntutik funtsezkoak badira, hau da, huts eginez gero pertsonen segurtasunean ondorio larriak edo ekonomian eragin handia izango luketen funtzioak kontrolatzen badituzte. Horrenbestez, gailu horiek segurtasun baldintza oso-oso zorrotzak bete behar dituzte.

Mekanismo horien erabilera arruntetako bat da gure autoen ABS frenoak eta airbag kontrolatzeko sistema. Produktuetan sartzen uzten dituen funtzionaltasun ugariak eta ematen duten segurtasuna direla eta, kontsumo ondasunetan zein industri prozesuetan gero eta gehiago erabiltzen ari den tresna bat da.

Sistema txertatu fidagarriak baliagarriak dira kontrol automatiko segurua behar duen edozein sektoretan, esaterako, bere ekoizpen sistema optimizatzeko edo produktuen fidagarritasuna eta erabilgarritasuna hobetzeko horrelako kontrol sistema bat behar duten sektoreetan. Horregatik, sektore batzuetan gero eta presentzia handiagoa dute, esaterako, hauetan: aeroespaziala, automobilgintza, tren-industria, energia, medikuntza, defentsa, makina-erreminta, ekipo ondasunak edo robotika.

Nazioarteko erreferentea

“IK4-IKERLAN erreferentea da nazioartean komunikazio sendoak, security ezaugarriak eta multicore teknologia dituzten sistema txertatu fidagarrien diseinuan eta garapenean”, esan du Iglesiasek. Hain zuzen, zentro teknologikoak ibilbide luzea egina du teknologia horiek erabilera askotarako aplikatzen.

Bere lanaren kasu arrakastatsuen artean, aipagarria da trenen seinaleztapenerako eta kontrolerako ERTMS-ETCS sistema, CAFekin elkarlanean garatua, eta turbina eolikoen kontrolerako IEC-61508 SIL3 / ISO-13849 Pld algoritmoak, Alstom Renovableserako (oraingo General Electric) egindakoak.

IK4-IKERLANek hardwarea eta softwarea garatzeko egiaztatuta dauden hogei bat pertsona ditu. Egiaztagiria TÜV nazioarteko erakunde egiaztatzaileak eman die, IEC-61508 (erreferentziako estandarra), IEC-62061 (makinetan) eta ISO 26262 (automobilgintzan) segurtasun funtzionalari buruzko arauen arabera.

IK4-IKERLANi buruz

IK4-IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentzian, ikertzaileen espezializazioan eta enpresari balio lehiakorra ematen, besteak beste bere ikertzaileen espezializazioagatik. Soluzio integralak eskaintzen ditu, hainbat eremu teknologiko uztartuz. Hori posible izateko arrazoia da hiru esparru handitan espezializazio maila handia duela: Elektronika, informazio eta komunikazioko teknologiak (EIKT), Energia eta Potentzia Elektronika, eta Fabrikazio Aurreratua. Gaur egun, langile taldea 300 pertsona inguruk osatzen dute.

Proiektuaren fitxa

Proiektuaren izena: SAFE4RAIL (Safe architecture for Robust distributed Application Integration in roLling stock)
Erakunde finantzatzailea: Europako Batasuna / Shift2Rail Joint Undertaking
Programa: H2020-S2R-OC-IP1-02-2016
Kontratu zenbakia: 730830
Proiektuaren liderra: TTTECH COMPUTERTECHNIK AG Austria
Hasiera: 2016ko urria
Iraupena: 24 hilabete

Proiektuaren inguruko informazio gehiago bere web orrian aurkitu dezakezu.

close overlay