IK4-IKERLANen ikerketa batek 2014ko Eolo berrikuntza saria irabazi du
Enpresa Elkarte Eolikoak (AEE) eman zion saria atzo Asier Diaz de Corcuera ikertzaileari

12/06/2014
- Bere doktore tesiak aerosorgailuen bizitza %10 ere luzatzen duen metodo bat proposatzen du
- Sariak sektore eolikoko ikerketa teknologikorik onena nabarmentzen du
IK4-IKERLANeko Asier Diaz de Corcuera ikertzaileak Enpresa Elkarte Eolikoak (AEE) banatzen duen 2014ko Eolo berrikuntza saria jaso zuen atzo. Saria sektore eolikoko berrikuntza teknologikoari eskainitako urteko lanik onena nabarmentzen du, eta ikertzailearen doktore tesiak bereganatu du, aerosorgailuen bizitza luzatzen duen metodo baten proposamenagatik.
Tesiaren izenburua ‘Aerosorgailuetan kargak murrizteko kontrolagailu sendoen diseinua’ da, eta, bertan, Diaz de Corcuerak metodo berritzaile bat proposatzen du aerosorgailuak kontrolatzeko sistemak diseinatzeko. Metodoak aerosorgailuek jasan behar dituzten tentsioak murriztea ahalbidetzen du, eta ondorioz materialek gutxiago sufritzen dute. Horrenbestez, mantentze lanetan aurrezten da, eta aerosorgailuaren osagai nagusietako batzuen bizitza luzatzen da (palak, dorrea edo potentzi trena), horietako batzuetan %10 gehiagora ere iritsita.
Hain zuzen ere, horixe da epaimahaiak IKR-IKERLANeko ikertzailearen lana aukeratzeko izan duen arrazoi nagusia, bere iritziz sektore eolikoarentzat garrantzitsuak diren bi alderdi hartzen baitira kontuan: mantentze lanen kostuen murrizketa handia, eta aerosorgailua osatzen duten osagaien bizitza baliagarriaren iraupen luzeagoa.
Diaz de Corcueraren doktore tesiak aerosorgailuen kontrolagailuen diseinua planteatzen du, hainbat baldintzari, batez ere haizearen abiadurari, konbentzionalak baino hobeto egokitzeko gaitasuna lortzeko. Kontrolagailua baldintzak monitorizatzen ditu, eta errotaren biraketa eta orientazio mekanismoak kontrolatzen ditu.
IK4-IKERLANeko ikertzaileak planteatzen duena da funtzio berezi batez hornitutako kontrolagailu bat, zeinak aerosorgailuak aurre egin beharreko baldintzak neurtzen dituen, eta, algoritmo matematikoen bitartez, kokapen eta mugimendu ezin hobeak bilatzen ditu, baldintza horietan ahalik eta kargarik txikiena jasateko.
“Dorren garaiera eta palen neurria handituta, aerosorgailuek karga handiagoak jasan behar dituzte, eta horregatik ezinbestekoa da horiei lotutako tentsioak eta bibrazioak murrizteko moduak bilatzea”, azaldu du Diaz de Corcuerak.
Berak proposatutako ideiak lurrean instalatutako aerosorgailuen simulagailuetan probatu dira. Gainera, IK4-IKERLAN Alstom Renovables enpresarekin ari da lanean, oso fase aurreratuan dagoen proiektu batean: bertan, metodo horiek dagoeneko komertzializatuta dagoen aerosorgailu batean aplikatzen ari dira.
Metodo berria oso mesedegarria izan liteke itsasoan instalatutako aerosorgailuetan instalatzeko, eszenatoki horrek arazo asko planteatzen baititu.
Diaz de Corcuerak honela baloratu du bere tesiak jaso duen saria: “Uste dut sari hau alderdi pertsonaletik baino askoz harago doala, IK4-IKERLAN azken urteetan energia eolikoaren arloan garatzen ari den lanaren aitortza baita”.
Enpresa Elkarte Eolikoari buruz
Berrikuntzaren Eolo saria entregatzen duen erakundea Enpresa Elkarte Eolikoa da (AEE), eta horren baitan 200 enpresa baino gehiago batzen dira, hau da, Espainian sektoreak duenaren %95. Bertan sartuta daude sustatzaileak, aerosorgailu eta osagaien fabrikatzaileak, elkarte estatalak eta eskualdeetakoak, sektoreari lotutako erakundeak, aholkulariak, abokatuak eta finantza eta aseguru entitateak, beste eragile batzuen artean.