IK4-IKERLANek bere biltegiratze elektrikoko sistemen ikerketa aurkeztuko du sektoreak Europan duen fororik garrantzitsuenean
Topaketa sektoreko fabrikatzaileen elkarteek antolatu dute, eta enpresarik puntakoenek parte hartuko dute

04/06/2014
- Zentro teknologikoak Eurobat AGM & Forum topaketan hartuko du parte lehendabizikoz
- Bruselan egingo da, ekainaren 4tik 6ra
IK4-IKERLANek Eurobat AGM & Forum 2014 foroan parte hartuko du; Europako bateri fabrikatzaileen elkarteak urtero antolatzen duen ekitaldi nagusia da, eta ekainaren 4tik 6ra egingo da, Bruselan. Topaketan sektore enpresa liderrek parte hartuko dute, eta euskal zentro teknologikoak bere ahalmenak aurkeztuko ditu, biltegiratze elektrikoaren arloan teknologien ikerketan eta soluzioen garapenean abangoardiako eragilea dela erakusteko.
IK4-IKERLANek lehendabizikoz parte hartuko du ekitaldian, eta bertan izango den zentro teknologiko bakarra izango da. Zentroak baterietan oinarrituta energia elektrikoa biltegiratzeko soluzioen esparruan dituen ahalmenak aurkeztuko ditu, hori baita bere indarguneetakoa. “Gure ikerketen bitartez abangoardiako teknologia garatzen dugu, eta ondoren jakintza hori enpresei transferitzen diegu, haien lehiakortasuna hobetzen laguntzeko”, laburbiltzen du Igor Villarreal ikertzaileak.
IK4-IKERLANek puntako enpresekin jardun du lankidetzan azken urteotan 20 produktu berri garatzeko, biltegiratze elektrikoari eta potentziako elektronikari lotuta. Zentroak arlo horretan duen esperientzia aprobetxatuko du foro garrantzitsu horretan bere jardueraren hainbat kasu arrakastatsu aurkezteko, bai enpresentzako lanari dagokionez, bai ikerketa lanari dagokionez.
Enpresekin duen harremanen esparruan, Liftion eta AEC proiektuak nabarmentzen dira. Lehena Orona Taldearekin lankidetzan gauzatu zen, eta igogailuetarako energia biltegiratzeko sistema bat garatzeko balio izan zuen, kontratatutako potentzia murriztea ahalbidetzen duten litio-ioizko baterietan oinarrituta.
AECri dagokionez, Urban Art enpresarekin lankidetzan egindako proiektua da, eta IK4-IKERLANek serieko autobus hibrido baten agrapenean parte hartu zuen, multifuel errekuntzako motor batean oinarrituta (GNC, GLP edo diesela), eta ultragaitasunezko banku batean oinarrituta, energia elektrikoa biltegiratzeko. Euskal zentro teknologikoaren zeregina izan zen ibilgailuaren trakzio unitatea diseinatu eta garatzea, kontrol energetikoaren estrategiarekin batera.
IK4-IKERLANek gidatzen dituen ikerketa proiektu europarrei dagokienez, berriz, bi nabarmentzen dira: REEMAIN, industriaren eraginkortasun energetikoa hobetzera zuzendua, energia berriztagarrien hedapen adimendunaren, baliabideak aurrezteko estrategien eta industri eredu energetiko aurreratu baten bitartez, eta Batteries 2020, ibilgailu elektrikoen bateriak hobetzeko eta bigarren bizitza baterako prestatzeko, energia berriztagarrien instalazioen akumuladore moduan.
Ponentzia
Zentro teknologikoak txostena bat aurkeztuko du, baterien fabrikatzaileekin eta azken garapenetan baterietan oinarritutako biltegiratze sistemak erabiltzen dituzten enpresekin lanean arituz lortu duen esperientzia azaltzeko.
Lehenengoari dagokionez, IK4-IKERLANek zentroak bateko eta besteko aplikazioek dituzten betekizun ekonomikoez eta teknikoez dituen ezagutzak nabarmenduko ditu. “Metodologia propioa dugu sistemen fidagarritasuna bermatzeko”, azaldu du Villarrealek. Gainera, zentroak merkatuaren gainean duen ezagutzak aukera ematen dio bere bezeroak orientatzeko interes komertzialik handiena duten aplikazioei dagokienez.
Bigarren kasuan, IK4-IKERLAN zentroaren ahalmena azalduko da baterien osagaiak integratzearen inguruan, eta, gainera, horien fidagarritasun, segurtasun, hainbat aplikaziotako portaera eta bizitza baliagarriari buruzko azterketa aurreratua egingo du. “Biltegiratzeko gelaxka bat zein tren edo igogailu baterako bateri sistema bat integratzeko gai gara, eta horrek neurri eta alor oso desberdinetako enpresentzat lan egitea ahalbidetzen digu”, adierazi du ikertzaileak.
Villarrealek espero du IK4-IKERLANek en Eurobat AGM & Forum 2014-an izango duen presentziak zentroari lagunduko diola sektoreko beste eragile batzuekin harremanak ezartzen: “gure burua arloko enpresa puntakoen artean ezagutarazteko aukera handi baten aurrean gaude, baita horien erronkak eta beharrak ezagutzeko ere”, adierazi du.
Eurobat AGM & Forum 2014
Europako bateri fabrikatzaileen elkartea den Eurobatek Bruselan antolatu duen topaketak sektoreko hornitzaileak, bezeroak eta agintariak harremanetan jartzeko balioko du. Gainera, biltzarrean hiru ardatz nagusi landuko dira: alde batetik, hainbat adituk beren ikuspegiak azalduko dituzte automozioaren sektorean bateria eraginkorragoak ezartzeko garatu behar diren teknologiei dagokienez; bestetik, Europako baterien sektoreak egin beharreko urratsak eztabaidatuko dira, kontinenteko sektore elektrikoaren eta industriaren lehiakortasuna bermatzeko; eta, azkenik, hainbat teknologiaren bilketan eta birziklapenean egiten ari diren aurrerapeni buruz hitz egingo da.
Saio horietan puntako enpresetako kideek parte hartuko dute, horien artean egonik Volkswagen automobilgilea, bateriak fabrikatzen dituzten Umicore eta Saft taldeak, eta sektore elektrikoko industriaren elkartea den Eurelectric eta Europako Automobilgileen Elkartea den ACEA erakundeetako ordezkariak. Arduradun politikoak ere bertan izango dira, hala nola Jean-Marie Bemtgen, Europar Batzordeko Energia eta Garraio Zuzendaritza Nagusiko Energia Ikerketa eta Teknologien Koordinaziorako Unitateko proiektuen administratzailea.
Eurobat
Eurobat Europako bateri fabrikatzaileen elkarterik garrantzitsuena da. Bere zeregina arlo horretako fabrikatzaileen interesak bezeroen eta erakundeen artean sustatzea da. Erakundeak 40 enpresa kide ditu, hau da, kontinentean sektorean diharduten enpresen %85. Eurobat automozioaren eta baterien industria europarrak ordezkatzen dituen erakundea da, bai Europako erakundeen aurrean, bai estatu kideetako gobernuen aurrean.