options
search icon
email icon
EU
rrss gif icons
twitter icon
linkedin icon youtube icon

IK4-IKERLAN eta BATZ elkarlanean azeleragailu pedal elektronikoaren diseinuan

shape

Gailuan ezarritako sentsoreak gai dira ibilgailuaren kontrolerako sistemei gidariaren azelerazio-eskarien gaineko informazio zehatza transmititzeko. Garapenarekin Bizkaiko Batz kooperatibak pedalen eta sistema mekatroniko konplexuen hornitzaile gisa duen posizioa indartu ahal izango du, automobilgintzaren nazioarteko merkatuan.

IK4-IKERLAN eta BATZ elkarlanean azeleragailu elektronikoaren pedal baten diseinuan

06/03/2018

shape
youtube

Arrasate-Mondragóneko IK4-IKERLAN zentro teknologikoa eta trokelen eta automobilgintzako sistemen diseinuan eta fabrikazioan espezializatutako Bizkaiko Batz kooperatiba elkarlanean ari dira ibilgailuen pedal elektroniko baten garapenean. Honek gidariak egiten duen azelerazio eskaria modu zehatzean transmitituko duen sentsoreak edukiko ditu.

Garapen hori automobilgintzaren industriaren laugarren iraultzaren barruan sartzen da; berrikuntza eta digitalizazio integraleko prozesu bat da automobilen fabrikazioan eta ibilgailuen beraien diseinuan, eta teknologia digitalen aplikazioan zentratzen da.

Ibilgailuen gero eta digitalizazio eta automatizazio handiagoak elementu mekanikoak elektroniko batzuekin ordeztea dakar. Hala, automobilen azelerazio pedalek betidanik logika mekaniko oso errazei erantzun badiete, oraingo testuinguruan, berriz, non motorren gestio sistema erabat elektronikoa baita, beharrezkoa da pedalei eragiten dieten osagaiak izaera berekoak izatea.

Lankidetza horren barruan, IK4-IKERLAN zentro teknologikoa arduratuko da kontakturik gabeko sentsoreen sistema diseinatzeaz eta inplementatzeaz. Sentsore sistema horrek pedalaren posizioaren berri emango du une oro, ibilgailuaren kontrol sistemek erantzun egokia eman ahal dezaten.

Eskakizun zorrotza segurtasunean

Proiektuak, zeinarentzat hainbat prototipo garatu baita, erronka bikoitzari egiten dio aurre bere kontzeptualizazioan. Alde batetik, sektoreko araudiak bete behar ditu, baldintza elektromagnetiko eta ingurumen eta segurtasuneko baldintza oso zorrotzekin, eta ez hori bakarrik, fabrikazio prozesuaren aldakortasuna eta pedalaren beraren zahartzea onartzeko sendotasun nahikoa ere eduki behar du.

Gaur egun, pedal konfigurazio eta sentsore sistema desberdinekin garatutako prototipoak homologatuta daude tenperatura, iraunkortasuna, bateragarritasun elektromagnetiko eta elektrikoen saiakuntzen bitartez eta automobil fabrikatzaile zorrotzenen eskakizunen menpe. Zentzu horretan, IK4-IKERLAN ekipamenduan inbertitzen ari da, automobilgintzaren sektorearen berezko EMC saiakuntzak (Bateragarritasun Elektromagnetikoaren Saiakuntzak) in-house egin ahal izateko, lan ildo hori bultzatzeko apustu garbia eginda.

Sinergien batura

Batzen eta IK4-IKERLANen arteko lankidetza proiektuak sinergiak batzea dakar, erakunde biek automobilgintzaren sektorean jauzi kualitatibo bat eman ahal dezaten.

Garapenarekin Batzek bere azelerazio pedal propioa eduki ahal izango du, eta horrekin merkatuan munduko bigarren hornitzaile gisa posizionatu ahal izango da, fabrikatzaileei pedal multzo osoa eskainita, hau da, pedalaren zati mekanikoa zein elektronikoa.

IK4-IKERLANi dagokionez, berriz, ekimen honekin sentsorikan, araudietan eta saiakuntzetan duen ahalmena handituko du, eta aplikatu ahal izango ditu automobilgintzaren sektorean goi mailako segurtasunaren gainean dituen ezagutzak.

IK4-IKERLANi buruz

IK4-IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentzian, ikertzaileen espezializazioan eta enpresari balio lehiakorra ematen, besteak beste bere ikertzaileen espezializazioagatik. Soluzio integralak eskaintzen ditu, hainbat eremu teknologiko uztartuz, hiru esparru handitan: Elektronika, informazio eta komunikazioko teknologiak (EIKT), Energia eta Potentzia Elektronika, eta Fabrikazio Aurreratua. 2017an AENORek, IK4-IKERLANeko kudeaketa integraleko sistema ziurtatu du (UNE-EN ISO 9001:2015 eta UNE 166002:2014), honek zentroari I+G+b alorrean duen bikaintasuna aitortzen dio. Gaur egun, langile taldea 300 pertsona inguruk osatzen dute.

close overlay