options
search icon
email icon
EU
rrss gif icons
twitter icon
linkedin icon youtube icon

Euskal teknologia etorkizuneko hegazkinak garatzeko

shape

IK4-IKERLANek bost proiektu ditu martxan Europan, esparru nazionaleko beste ekimen batzuez gain, aireontzien efizientzia hobetzera bideratuta.

Euskal teknologia etorkizuneko hegazkinak garatzeko

23/07/2018

shape
  • Proiektuei esker, gero eta hegazkin arinagoak diseinatzen ari gara, gero eta balioztatze prozesu  errazagoekin.
  • Eremu nazionalean eta internazionalean aeronautikaren sektorean gakoak diren agente eta enpresekin elkarlanean ari da zentroa.

Aeronautikaren sektorearen etorkizunean ezinbestekoa da hegazkin gehiago fabrikatzea, bai eta hegazkin arinagoak eta efizienteagoak fabrikatzea ere. Azken urteetan aeronautikaren industriak erronka handiak eduki ditu aurrean, tartean hegazkineko bidaien masifikazioa, energiaren garestitzea eta kutsadura murrizteko premia.

Aireko trafikoak epe ertainean eta epe luzean gorantz egiteko aurreikuspenei eusten die. Aireko Garraioaren Nazioarteko Elkarteak (IATA, ingelesezko sigletan) dioenaren arabera, kalkulatzen da 2035ean beren ahalmenen % 80tik gora jarduten duten aireko portuak 6tik 30era igoko dira. Sektoreko multinazional handiek, hala nola Airbusek eta Boeingek, 1481 hegazkin merkaturatu zituzten 2017an eta 35 000 hegazkin berri fabrikatzeko eskari finkoak dituzte.

Pisu txikiagoko aireontzien eskariak, zeinak aldi berean erregai kontsumoa murriztea ahalbidetuko baitu, teknologia berriak sartzeko premia ezartzen du, beti abangoardian egotera behartuta dagoen sektorea baita.

Zentzu horretan, IK4-IKERLANek aeronautikaren alde egiten du hazteko bide gisa eta beste sektore batzuetarako, hala nola tren sektorerako, mugikortasun elektrikorako edo ekipo ondasunetarako garatu dituen teknologia eta ezagutzen aplikazioan dibertsifikatzeko bide ematen diolako. “Industria honek gure jarduera mix-ean duen pisua goraka ari da progresiboki, eta gero eta proiektu gehiago ateratzen ari zaigu sektore horretan. Lehen lerroan egon nahi dugu, zuzeneko aplikazioa eduki dezakeen teknologia dugu eta”, azaldu du Irma Villarrek, zentro teknologikoak dituen proiektu aeronautiko nagusietako baten arduradunak.

IK4-IKERLAN, beste euskal enpresa batzuekin batera, Clean Sky2 proiektuan parte hartzen ari da. Europa Erkidegoaren proiektu bat da, Europa belaunaldi berriko hegazkinen alorrean aurrena izan dadin, eta EBren Horizon 2020k finantzatutako programa bat da. Programak, halaber, erregai kontsumoa eta kontsumo horrek dakartzan CO2 igorpenak % 20 eta % 30 artean murrizten lagunduko du, eta zarata maila ere txikituko du, 2014an txikitutako antzeko portzentajean, orduan aireko trafikoa txikiagoa baitzen.

Zentroaren kasuan, eta aeronautikaren sektoreak dituen premia teknologikoei erantzuteko, hainbat teknologia lantzen ditu, hala nola indukzio elektromagnetikoa edo monitorizazio tekniko berriak.

Indukzioa hegaletako izotzaren aurka

Aeronautikaren sektorea izotzaren aurkako sistemak lantzen ari da bete-betean, erregai kontsumo handiko elementuetako bat direlako, eta irtenbide eraginkorragoak bilatzen ari dira erregaia izotza kentzeko helburu hutsarekin garraiatzea ekiditeko.

InductICE proiektuaren bitartez, IK4-IKERLAN indukzio elektromagnetikoaren aplikazioa lantzen ari da Europan, hegazkinen hegalak izotzaren aurka babesteko sistema berritzaile eta efiziente izan daitekeelakoan.

 “Sistema berria da, orain arte existitzen ez zena. Komertzialki beste teknika batzuk erabiltzen dira izotza berotzeko, baina ez indukzioa. Gure aplikazioak efizientzia energetikoa bermatzen du, batez ere”, azaldu du Irma Villarrek.

Gaur egun, izotzaren aurka babesteko sistemak bi talde handitan banatzen dira: alde batetik, sistema mekanikoak, izotza bereizteko azpian duen gainazala deformatzen dutenak; eta bestetik, termikoak, erresistentzia elektrikoen bitartez izotzaren azpiko gainazala berotzen dutenak edo motorraren konpresoreak botatzen duen aire beroaren zati bat izotza dagoen aldera bideratzen dutenak.

Hegazkinen hegalen kasuan, Airbus DSk eta euskal zentro teknologikoak patentatutako sistemarekin hegalaren kanpoaldeko gainazala berotu daiteke hegalaren barrualdetik inolako kontaktu elektrikorik gabe. Sistema erabat modularra da eta izotzaren aurkako sistema bat moduan funtzionatu ahal izango du (berogailua modu etengabean) edo desizozteko sistema bat moduan (berogailua modu ziklikoan), eta hori abantaila izango da malgutasun handiagoa eskainiko baitu. Gainera, sistema modularrarekin izotza sortzen deneko puntuak zuzenean berotu daitezke, energia gehiegi kontsumitzea eragotzita.

Saiakuntza izotz tunelean

Indukzio sistema balioztatzeko, IK4-IKERLAN proiektu berri batean sartuta dago bete-betean. Proiektua 2020ko martxoan bukatuko da, eta aplikazio elektromagnetikoa izotz tunel baten barruan probatzea ahalbidetzen du. Horretarako, partzuergo bat sortu da Sonaca Group enpresa belgikarrarekin, Cranfieldeko Unibertsitatearekin eta Rail Tec Arsenal (RTA) enpresa austriarrarekin. Sonaca Group enpresa hegalen fabrikazioan espezialista da eta saiakuntzan erabiliko den modeloaren diseinuaz arduratuko da; Cranfieldeko Unibertsitateak, berriz, ezagutza teknologikoa jarriko du, eskala txikiagoko izotz tunel bat baitu; eta, azkenik, enpresa austriarrak proba aerodinamiko eta klimatikoetarako izotz tunel bat dauka.

Partzuergo horrekin euskal zentro teknologikoak indukzio elektromagnetikoko sistemaren gainean dituen ezagutzak handitu ahal izango ditu, irtenbidea balioztatzeko eta azken produktuaren diseinurantz aurrera egiteko.

Monitorizazioa efizientzia hobetzeko

Hegazkinen kontsumo energetikoa murrizteko irtenbide berritzaileak ere ikertzen ditu IK4-IKERLANek, eta ikerketa horretan CETESTekin batera ari da. Gaur egun, TEST-Inn proiektua monitorizazio eta karga aplikaziorako sistema berritzaile bat garatzen ari da HLFCa (Hybrid Laminar Flow Control) egiaztatzeko eta balioztatzeko, hegazkin komertzial baten isatseko egonkortzailean txertatuta doan elementua baita.

HLFC teknologiarekin aire kantitate txikiak xurgatu daitezke aireontzien gainazaletatik. Teknika horrek erresistentzia murriztu dezake eta, ondorioz, hegazkinen erregai kontsumoa ere % 30 murriztu dezake. Gainera, garapen teknologiko honekin, IK4-IKERLANek monitorizazio eta karga aplikaziorako teknika berriak eduki nahi ditu, benetako osagai aeronautikoak garatzen eta balioztatzen denborak eta kostuak txikitzen laguntzeko.

Proiektua CETEST Saiakuntzen eta Analisien Zentroarekin elkarlanean garatzen ari da, IK4-IKERLANek garatutako teknologiak aplikatzeko erabiltzen diren bankuaren diseinuan eta fabrikazioan parte hartu baitu; izan ere, banku horietan egingo dira HLFC prototipoaren azken saiakuntzak.

Garapen berriei aurrera egiten uzten dieten datuak

Aeronautikaren sektoreko osagai berriak baliozkotzeko prozesuetan ere erabili daiteke  IK4-IKERLANek monitorizazioan duen esperientzia. Material berriekin egindako piezen portaeraren gaineko datu aurreratuak lortuta arinagoa eskuratu daitezke ekoizpenerako derrigor eduki beharreko egiaztagiriak eta, horrela, laburragoa izan daiteke aeronautikako aurrerapenen diseinutik aplikaziora arteko denbora tartea.

Gaur egun, zentro teknologikoa Light-Air proiektuaren barruan ari da lanean, AMADE eta AIRBORNErekin elkarlanean, helikopteroen fuselajeetarako material berriak eta arinagoak baliozkotzeko, gailu horien pisua % 15 murrizteko asmoarekin.

Beste ekimen batzuk

IK4-IKERLAN beste proposamen europar batzuk prestatzeko lanetan sartuta ere badago. Beste sektore batzuetan bide luzea eginda duten teknologien aurrerapenak proposatzen ditu horietarako, hala nola belaunaldi berriko potentzia bihurgailuak aireontzi elektrifikatuetarako, gero eta gehiago baitira; prestazio handiko konputazio plataformak, hegazkinaren barruan segurtasun funtzioak betetzeko; edo fuselaje panelak baliozkotzeko teknikak, hegaldiko karga baldintza adierazgarrietan saiakuntzak eginez, autoklabeak erabili beharrik gabe.

Erregai kontsumoa murriztuko duten teknologien ikerketaren alde eta balioztatze prozesu errazagoak sortzearen alde egiten duen apustuari esker, euskal zentro teknologikoak aurrera egiten jarraituko du aeronautikaren merkatuan eta sektorean garrantzitsuak diren enpresekin batera egiten ari den lana sendotuko du, gero eta ekarpen teknologiko handiagoa eginda enpresekiko garapen proiektuetan.

IK4-IKERLANi buruz

IK4-IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentzian, ikertzaileen espezializazioan eta enpresari balio lehiakorra ematen, besteak beste bere ikertzaileen espezializazioagatik. Soluzio integralak eskaintzen ditu, hainbat eremu teknologiko uztartuz, hiru esparru handitan: Elektronika, informazio eta komunikazioko teknologiak (EIKT), Energia eta Potentzia Elektronika, eta Fabrikazio Aurreratua. 2017an AENORek, IK4-IKERLANeko kudeaketa integraleko sistema ziurtatu du (UNE-EN ISO 9001:2015 eta UNE 166002:2014), honek zentroari I+G+b alorrean duen bikaintasuna aitortzen dio. Gaur egun, langile taldea 300 pertsona inguruk osatzen dute.

close overlay