options
search icon
email icon
EU
rrss gif icons
twitter icon
linkedin icon youtube icon

Smart system-ak Repsoli petrolio gordinaren erauzketan efizienteagoak izaten laguntzeko

shape

IK4-IKERLANek Repsolekin lankidetzan aritu da hobiaren baldintzak simulatzen dituen eta petrolioa erauzteko teknikarik egokienak zehazten laguntzen duen plataforma bat garatzen.


shape
  • Garapen horrekin enpresa eraginkorragoa izango da petrolio gordinaren erauzketan

IK4-IKERLAN Repsolekin batera aritu da smart system bat garatzen. Horrela, Repsol petrolio gordinaren erauzketan eraginkorragoa izango da eta irabazi ekonomiko handiak eskuratuko ditu. Simulaziorako plataforma bat da, non lurrazpiko petrolio hobiaren baldintzak erreproduzitu baitaitezke. Fluido horrek hainbat baldintzatan duen portaera ikusten uzten du, kasu bakoitzean erauzketarako teknikarik egokienak erabakitzeko.

Gaur egun, antzeko probak egiteko, petrolio putzua zulatzean zuzenean ateratako harri zatiak erabiltzen dira. Halere, harri lekuko horiek garestiak dira, garraioa delikatua da eta herrialde batzuek, gainera, harri horiek erabiltzea debekatzen dute. Gainera, benetako harriaren gaineko saiakuntzek ez dute uzten fluidoek harriaren barruan egiten duten mugimendua ikusten.

Elektronikan, sentsorikan eta mikrofluidikan dituen gaitasunez baliatuz, IK4-IKERLANek simulazio plataforma berritzailea garatu du, txik garden batean oinarrituta. Bertan gordinak harriaren barruan zer bide mikroskopikotatik mugitzen den erreproduzitzen baita zehatz-mehatz. Aukera ematen du, halaber, parametro batzuk manipulatzeko, hala nola tenperatura edo presioa, benetakoaren antzeko ingurunea sortzeko.

Gailuak fluidoaren mugimendua ikusten uzten du eta, gainera, neurketa ekipamendu batekin konektatuta dago. Neurketa ekipamendu horrek datu baliagarriak ematen ditu petrolioak harriaren barruan duen portaera azaltzeko balio duten fenomeno fisikoak eta kimikoak ulertzeko. Garatutako plataformak baliagarria izango da behaketa zuzenak egiteko, kasu bakoitzerako teknikarik egokienak ezartzeko, erauzketa teknika berriak probatzeko eta, batez ere, Repsolek erabiltzen dituen simulazio eredu matematikoak fintzeko.

“Garapen teknologiko aparta”

“Garapen teknologiko garrantzitsua da: eredu matematiko gutxi batzuk daude petrolio gordinaren eta uraren portaera zehazten saiatzen direnak poro mailan, baina zaila da esatea zenbaterainokoa den eredu fisikoen leialtasuna. Ekipo honek uzten digu harriaren barruan gertatzen dena era kontrolatuan erreproduzitzen eta ikusten”, azaldu du Repsoleko Angel Riverok.

Simulazio plataforma hau konpainiaren instalazioetan dago jada funtzionamenduan. Core flooding-eko saiakuntzak sarri egiten diren arren benetako harri lagin txikien gainean, ekipo honekin enpresak erauzketa prozesuetan petrolioak duen portaera zuzenean ikusi dezake, lehenengo aldiz, aldi berean optimizatzeko aukerekin.

“Smart system-en, mikrofluidikaren eta elektronika txertatuaren gainean ditugun ezagutzei esker, IK4-IKERLANen munduan erabateko erreferentea den enpresa bati, Repsoli, lehiakorrago izaten laguntzen ari gara”, adierazi du Fernando Martinezek, zentro teknologikoko Mikrosistemen alorreko arduradunak.

Smart systemak

Smart system-ak edo sistema adimendun txertatuak sentsorika, jarduketa eta kontrol funtzioak dituzten gailuak dira, eta egoera bat deskribatu eta analizatzeko eta eskuragarri ditugun datuetan oinarrituta erabakiak hartzeko balio dute. IK4-IKERLANek esperientzia handia du horrelako gailuak energiaren, garraioaren, industriako ekipo ondasunen, osasunaren eta elikaduraren sektoreetarako garatzen.

Izan ere, zentroa bi proiektu europarretan parte hartzen ari da, Gateone eta Smarter-Si proiektuetan, zehazki, eta proiektu horien baitan enpresen lehiakortasuna bultzatzeko balio duten produktu berritzaileak garatzen ari dira, gaitasun berritzaileak dituzten produktuak inplementatuz.

close overlay