options
search icon
email icon
EU
rrss gif icons
twitter icon
linkedin icon youtube icon

"Lekurik egokiena gara prestakuntza jaso eta teknologikoki hazi nahi dutenentzat"

shape

Ion Etxeberria IKERLANeko Pertsonen Zuzendariak, MONDRAGON Taldeko zentro teknologiko nagusiak pertsonen kudeaketarako eta talentuaren garapenerako duen filosofia azaldu du


03/10/2018

shape

Aurrerapen teknologikoak egiteko beharrezkoa da jakin-mina duten pertsonak egotea, aurrera pauso bat gehiago emateko gogo bizia duten pertsonak egotea. IKERLANek “baliabide eta azpiegiturarik aurreratuenak eta giza talderik hoberena” eskaintzen ditu. Hori dena “pertsonek ikertzaile gisa duten ahalmen guztia garatu ditzaten".

Ion Etxeberriak, IKERLANeko Pertsonen zuzendariak, egindako laburpen txiki bat da. Zuzendari honek kontatzen duen moduan, “pertsonak dira proiektu kooperatiboaren eragile nagusia eta talenturik hoberena bilatzea eta garatzea da zentroak bere historia osoan eduki dituen ezaugarri nagusietako bat”.

 

Nola definituko zenuke IKERLANen garatzen den lana?

IKERLANen teknologoak gara eta teknologia ikaragarri gustatzen zaigu. Hitz gutxitan esanda, ikerketa lana erakargarria eta zoragarria da, eta balioa ematen die bai ikertzaileei bai gurekin lan egiten duten industri enpresa liderrei, hala nola Oronari, CAFi edo Fagor Arrasateri, gure garapenen bitartez euren lehiakortasuna indartzen baitute.

Ikertzaile garen heinean, gizartean positiboki eragiten duten proiektuak garatzea da betetzen eta asebetetzen gaituena: ikustea nola gure bezeroentzako garapenetan egiten ditugun esfortzuak eta lanak pertsonen ongizatea hobetzen eta gure gizartea iraunkorrago egiten laguntzen duten -energia berriztagarriak, garraio garbiagoa, bizi kalitatea…

Xede horrekin gure bezeroekin elkarlanean aritzea da mugiarazten gaituena. Izan ere, hori da IKERLANen funtsa: teknologia irtenbide baliagarriak eta baliodunak sortzeko erabiltzea. Horregatik gara liderrak enpresei teknologia transferitzen.

 

Zer ekimenek bultzatzen du IKERLANeko lantaldearen ongizatea?

Gure lan mota zoragarria da eta erronka bat pertsonentzat, baina horretaz aparte funtsezkoa da lantaldea asebete eta ongi egotea lana ondo egin dezaten. Horregatik, asko zaintzen ditugu IKERLANek eskaintzen dituen lan baldintzak eta saiatzen gara ahalik eta erakargarrienak izan daitezela eta pertsonen premietara ahalik eta gehien egokitu daitezela.

Hala, baditugu, esaterako, ordutegi eta egutegi malguak, kalitateko enplegua eta enplegu egonkorra – ordainsari lehiakorrak eta enplegu sozietarioa –, gure egunerokoan eragina duten erabakietan parte hartzeko aukera, prestakuntza tekniko etengabea eta hizkuntzak ikasteko laguntzak, diruz lagundutako jantokiko txartelak eta beste hainbat gauza.

Era berean, asko zaintzen dugu komunikazioa, aldian-aldian bilera informatiboak eginda. Bilera horietan, gure zuzendari nagusiak enpresaren bilakaeraz eta erronkez informatzen ditu langile guztiak zuzenean.

Gainera, une honetan garapen profesionalerako sistema indartsu bat inplementatzen ari gara; langileen garapena errazteko eta ahalik eta gehien bultzatzeko diseinatutako sistema bat da.

Batzorde bereziak ere baditugu, enpresarentzat eta langileentzat bereziki delikatuak diren gaiak lantzeko, hala nola Euskara Batzordea – Euskararekin zerikusia duten gaietan – edo Berdintasun Batzordea, eratzen ari dena eta genero berdintasunaren alorra landuko duena.

 

Positiboki eragiten al dute ekimen horiek guztiek lan giroan?

Hori da asmoa, dudarik gabe. Gainera, urtean zehar hainbat jarduera egiten dugu egunero bizi ditugun laguntasuna eta lan giroa indartzeko, eta horietako bat da elkarbizitza eguna. Egun horretan, pertsonen arteko harremanak indartzeko hainbat jarduera ludikoz gozatzen dugu.

Horretaz aparte beste jarduera batzuk ere egiten ditugu, hala nola kirol lehiaketak, bazkaltegiak – langileen arteko bazkariak euskaraz hitz egiteko -, urteko argazki lehiaketa, hainbat gairi buruzko hitzaldiak eta aldizkako ikastaroak edo robotika tailerrak langileen seme-alabentzat eta senideentzat.

 

Zerk bereizten du IKERLAN ikerketa eta berrikuntza teknologikoko beste zentro batzuetatik?

Harrobiaren alde egiten duen apustu handia da IKERLANen ezaugarri bereizgarrienetako bat:  Unibertsitate nagusietako batzuekin duen harreman bereziari esker, urtero 100 ikasle prestatzen ditugu, eta horietatik 40k gurekin egiten dute beren doktoretza. Urtero milioi bat euro inbertitzen ditugu gure harrobian.

Pertsona horiek, kasu gehienetan, ikertzaile sartzen dira IKERLANen barruko prestakuntza eta espezializazioa egin ondoren, eta, beste kasu batzuetan, jauzi egin eta gure bezeroen etxeetan hasten dira lanean. Apustu garrantzitsu horrek etengabe berrikuntzak egiten eta sendotzen laguntzen digu .

Gure Espezializazio Teknologikoko Plana da funtsezko beste alderdi bat. Plan horretan zortzi milioi euro baino gehiago inbertitzen ditugu urtero. Plana aitzindaria eta erreferentea da gure inguruan bere egituraketagatik eta emaitzengatik, eta ezagutza berriak bereganatzeko eta sortzeko IKERLANek duen benetako motorra da.

Halere, IKERLANen ezaugarri nagusia da teknologiaz duen ikuspegi praktikoa eta industriari soluzioak transferitzera bideratuta dagoela argi eta garbi. Gure bezeroen erronkei irtenbide bat emateko egiten dugu lan, eta horrek egin gaitu lider. Gure bezeroek erronka teknologiko garrantzitsu bat dutenean IKERLANera jotzen dute; izan ere, badakite zer dakigun egiten eta zer esperientzia dugun eta zorroztasunez lan egiten dugula, eta badakite, baita ere, hori dena eskainiko diegula. Gainera, gehien baloratzen dutena da proiektuetan dugun inplikazioa eta beren premiak gure egiten ditugula.

Horregatik guztiagatik, IKERLAN etengabe hazten ari den enpresa bat da: enpresa bezero nagusiek gero eta apustu sendoago egiten dute gurekin lankidetzan aritzeko, eta azken urtean transferentzi proiektuak % 4,5 hazi dira eta azken hiru urteetan eduki ditugun diru sarrera metatuek % 21 gora egin dute.

Hoberenak izaten jarraitzeko, indartu beharra daukagu eta hoberenak gurekin eduki behar ditugu; horregatik, harrobiaren alde egiten dugu, bai eta gure zentroan profesionalik hoberenak hartzearen alde ere.

 

Iturria: El Correo eta El Diario Vasco egunkarietan Enplegu Kooperatiboaren inguruan argitaratutako eranskin berezitik ateratako elkarrizketa

close overlay