Datorren otsailaren 16an, IK4-IKERLANek Aurkako inguruneetako materialetarako soluzio teknikoak izenarekin egingo den jardunaldi teknikoan parte hartuko du, eta offshore eremu eolikorako garatu duen iragarpen tresna bat erakutsiko du bertan. Itsaso zabalean kokatuta dauden aerosorgailuek oso aurkako ingurune bati egin behar diote aurre, ingurunea uraren gazitasunak baldintzatuta baitago. Inguruneko baldintzek itsasoko aerosorgailu eta plataformen egituren osotasunari nola eragingo dioten iragarri dezakeen soluzio bat garatu du zentroak.
Ekitaldia IK4 Aliantzak antolatu du, eta Aliantzak Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoan duen eraikin nagusian egingo da, Zamudion. Hainbat enpresak eta ikerketa zentrok partekatuko dituzte bertan material aurreratuen gainean dituzten ezagutzak, eremu horretan dauden azken teknologiak, aplikazioak eta joerak ikuspuntu teknikotik ezagutzeko interesa duten enpresa eta agenteen aurrean.
Zentroak hitzaldi bat emango du, Fuzzy metodoak korrosioaren eraginpean dauden jacket-en azterketan duen aplikazioaren gainean. Hitzaldian iragarpen tresna bat erakutsiko du, zeinak aerosorgailuen jacket-en materialek itsasoko uraren gazitasunak eraginda nola higatuko diren simulatu dezakeen, higadura horrek egituraren osotasunari nola eragingo dion iragartzeko.
Tresna horrekin enpresek iragarri ahal izango dute zenbat urteko bizitza duten materialek, eta horrela materialei ahalik eta probetxurik handiena atera eta egituraren segurtasuna hobetu.
Materialen teknologiak aurrerapen oso handia ari dira izaten, eta aurrerapen horiei esker aurkako inguruneetan erabiltzen diren prestazio handiko materialen erabilgarritasuna handitu daiteke eta prezioa hobetu.