options
search icon
email icon
EU
rrss gif icons
twitter icon
linkedin icon youtube icon

IK4-IKERLAN-ek txertatutako sistema fidagarriak garatzeko duen gaitasuna erakutsi du Europan

shape

Zentroak esparru honetako erreferentziazko topaketatzat jotzen den Embedded World 2016 azokan parte hartu du


shape
  • Bertan, garraioa, energia edota ekipo-ondasunen sektoreetarako aplikazio kritikoetan lortu duen espezializazioa jarri du ikusgai

IK4-IKERLANek mundu osoko enpresa, hornitzaile eta garapen-zentro nagusien aurrean aurkeztu ditu txertatutako sistemen esparruko bere eskaintza eta gaitasunak, esparru honetako nazioarteko erreferentzia nagusitzat jotzen den Embedded World 2016 azokaren barruan. Topaketa Nuremberg-en (Alemania) egin da otsailaren 23tik 25era, eta 939 erakusketari eta 30.000 bisitari baino gehiago bildu ditu.


Zentroak elektronikaren esparruan dituen indar handienetako bat erakutsi du: aplikazio kritikoetarako txertatutako sistema fidagarriak garatzeko gaitasuna. Sistema elektroniko hauek fidagarritasun-baldintza ezin zorrotzagoei erantzun behar diete, izan ere, haien kontrolpean dauden funtzioetan akatsen bat izanez gero, ondorioak oso larriak izango bailirateke pertsonen segurtasunari nahiz emaitza ekonomikoei dagokienez.


IK4-IKERLANek ondoz ondoko bigarren urte parte hartu du Embedded World topaketan, eta bertan, garraioa, ekipo-ondasunak eta energia bezalako sektoreetako bezeroekin batera landutako garapenak jarri ditu ikusgai. Horri esker, txertatutako sistemen esparruan duen erreferentziazko irudia indartu du esparru horretako erakunde puntakoenen aurrean.


Zentroak oso balantze positiboa egin du azokan izandako parte-hartzeaz. "Embedded World erakusleiho ezin hobea da, txertatutako sistemen esparruan dauzkagun gaitasunak sektoreko eragile nagusien aurrean erakusteko, bereziki kontuan izanda eragile horiek teknologia honi antzeman dioten balioa sortzeko potentzialtasun handia", adierazi du David Gonzalezek, zentroko Txertatutako Sistema Fidagarrien arloko ikertzaileak.


Embedded World 2016 azokak, txertatutako sistemen sektoreari begira duen garrantzia egiaztatu du oraingo edizioan. Aurten, topaketak orain arteko marka guztiak hobetu ditu, guztira 30.063 bisitari erakarri baititu (iaz baino % 17 gehiago), horien herenak Alemaniatik kanpo. Azokan, 38 herrialdetako 939 enpresa ordezkatuta egon dira, eta hitzaldietan sektoreko izenik garrantzitsuenetakoek parte hartu dute.

close overlay