options
search icon
email icon
EU
rrss gif icons
twitter icon
linkedin icon youtube icon

IK4-IKERLANek sistema mekatroniko adimendunetan garatu dituen aurrerapenak aurkeztuko ditu jardunaldi batean

shape

Kontroleko, energy harvesting-eko, transduktore adimenduetako eta baldintzaren monitorizazioko azken nobedadeei helduko die industriako workshop-ak, sistema adimendunetan aplikatuta.


12/04/2018

shape
  • Ekitaldian, ANTARES izeneko prestakuntza sare europarraren baitan beste batzuekin batera gidatzen duen tesiak eremu horretan egindako aurrerapenak ezagutaraziko ditu IK4-IKERLANek. 
  • Jardunaldia industriaren sektorean interesa duen edozeinentzat izango da eta apirilaren 25ean egingo da, Arrasaten, IK4-IKERLANen egoitza nagusian.

Datorren apirilaren 25ean, jardunaldi bat egingo da IK4-IKERLAN zentro teknologikoan, Arrasaten duen egoitza nagusian, sistema adimendunetan aplikatutako kontrolaz, energy harvesting-ez, transduktore adimendunez eta baldintzaren monitorizazioaz interesatuta dauden industriaren alorreko pertsona guztientzat. 

Jardunaldiaren asmoa da ANTARES prestakuntza sare europarraren baitan zentroak beste batzuekin batera gidatu duten tesian erregistratu diren aurrerapen guztiak ezagutaraztea; izan ere, prestakuntza sare horren helburua da ikertzaileak prestatzea egitura adimendun eta energetikoki eraginkorren alorrean, beren ezagutzak etorkizuneko garapenetara eramateko gai izan daitezen.  Proiektu europarraren azken xedea da errendimendu, segurtasun edo funtzionaltasunaren aldetik lehiakorrak izateari utzi gabe aztarna ekologiko txikiagoa sortuko duten egitura mekatronikoak produzitzea.  

Testuinguru horretan, ingurumeneko bibraziotik ahalik eta energia gehien ateratzeko eta berrerabiltzeko metodoak ezartzean datza, batik bat, IK4-IKERLANen garatzen ari den eta hilaren 25eko jardunaldian aurkeztuko den ikerketa lana. Helburu horretarako, energetikoki eraginkorrak diren transduktore berriak garatu dira, energiaren kontrolean eta biltegiratzeko, eta kontrolerako sistema autonomo berriak definitu dira, zarata, bibrazioa eta kontsumo energetikoa gutxitzeko, masa estrukturala murriztuz. Era berean, monitorizazio metodo bereziak eratu dira, egituren osotasuna eta fidagarritasuna bermatzeko. 

Workshop osoa ingelesez egingo da, eta ahalbidetuko du esandako aurrerapen teknologikoak industriako eragileengana hurbiltzea. Edozeinek eman dezake izena ekitaldirako. Izen ematea doan izango da eta IK4-IKERLANen web orriaren bitartez egin daiteke. 

IK4-IKERLANi buruz

IK4-IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentzian, ikertzaileen espezializazioan eta enpresari balio lehiakorra ematen, besteak beste bere ikertzaileen espezializazioagatik. Soluzio integralak eskaintzen ditu, hainbat eremu teknologiko uztartuz, hiru esparru handitan: Elektronika, informazio eta komunikazioko teknologiak (EIKT), Energia eta Potentzia Elektronika, eta Fabrikazio Aurreratua. 2017an AENORek, IK4-IKERLANeko kudeaketa integraleko sistema ziurtatu du (UNE-EN ISO 9001:2015 eta UNE 166002:2014), honek zentroari I+G+b alorrean duen bikaintasuna aitortzen dio. Gaur egun, langile taldea 300 pertsona inguruk osatzen dute. 

close overlay