IK4-IKERLANek Doktoregaien Jardunaldi bat egin du, Orona Fundazioan, zehazki, Hernaniko Orona Ideon. Ekitaldi horrekin, IK4-IKERLANek “gure doktoregaiek egiten duten lana eta ahalegina eskertu eta balioetsi nahi izan du, beraien tesien bitartez lortzen dituzten emaitzen garrantzia eta gizarteari egiten dioten ekarpena azpimarratuta”, adierazi du Ion Etxebarriak, IK4-IKERLANeko Pertsonen zuzendariak. Ekitaldian 120 lagun baino gehiago bildu dira, tartean doktoregaiak, tutoreak, ikertzaileak eta beste gonbidatu batzuk.
Gaur egun, IK4-IKERLANek 34 tesi ditu martxan; zifra hau orain arte zentroak eginiko 80 tesiei gehitzen zaielarik, eta erakusten du historikoki zentroak bere ikertzaileen prestakuntza kualifikatuaren alde egin duela estrategikoki. Izan ere, zerbaitegatik izango da IK4-IKERLANek “milioi bat euro baino gehiago inbertitu zuela 2017an bere ikertzaileen prestakuntzan”, zehaztu du Etxeberriak. Horrela, IK4-IKERLAN “leku ezin hobea da doktoretza tesi bat egiteko”, industriaren benetako premietara eta pertsonen konpetentzien eta ezagutzen garapenera erabat bideratuta dagoelako.
Esperientziak eta ezagutzak partekatzeko jardunaldia
Jardunaldian hainbat hizlarik parte hartu dute, IK4-IKERLANen doktoretza bat egiteak eman dizkien esperientziak eta horrek esan nahi duenaz dakitena partekatzen.
Ion Etxeberriak doktoregaien garrantzia nabarmendu du, doktoregaiek zentroaren misiorako duten garrantzia, alegia, eta tesia egitearekin eduki duen bizipen pertsonala ezagutarazi du.
Ekitaldiak, halaber, gonbidatu berezi bat eduki du, Ricardo Diez Muiño, Donostia International Physics Center (DIPC) erakundeko zuzendaria. Ricardok El valor de ser doctor hitzaldia eman du eta balentria, pertseberantzia eta erantzukizuneko dosi bat injektatu du bertaratuen artean.
Jardunaldia Irune Agirren hitzekin jarraitu da. Irune zentroko Sistema Txertatu Fidagarrien Arloko ikertzailea da, eta bere tesia amaitu du berriki. Hitzaldi bitxi batekin, Phinally Done, berak egindako ibilbidea erakutsi du eta beraiei gero eta ezagunagoa egiten zaien errealitate bat hurbildu die bere lankideei.
Bukatzeko, doktoregaiek beraiek batuta hartu eta egiten ari diren tesiaren alderdirik garrantzitsuenak azaldu dituzte, poster saio baten bidez, bakoitzak bere lana azalduta.
Hitz batean, informazio baliagarriz betetako eguna izan da, non IK4-IKERLANen hiru ikerketa lerro estrategikoen barruan -Elektronika, Informazio eta Komunikazioaren Teknologiak, Energia eta Potentzia Elektronika, eta Fabrikazio Aurreratua- garatu diren tesien berri eman den. Doktoretza IK4-IKERLANen moduko zentro batean egiteak dituen berezitasunak balioesteko ere balio izan du jardunaldia.
Hemen daude jasota IK4-IKERLANen doktoretza egiteko egun dauden eskaintzak.