IK4-IKERLAN zentro teknologikoa, protagonistetako bat izan da, ekainaren 21etik 23ra Donostian, Kursaal Biltzar Jauregian egin den Material Konposatuen XII. Kongresu Nazionalean (MATCOMP 2017). Mota horretako materialen alorrean dauden azken nobedadeak aztertu ziren bertan.
Hainbat industria sektoretan, hala nola automobilgintzan, tren sektorean, ekipo ondasunean edo makina-erremintan, lehia handia dago, eta lehia horrek zerikusi estua dauka osagai efizienteagoen premiarekin, premia hori askotan material konposatu berritzaileekin, konposite izenarekin ezagutzen diren materialekin, asetzen ari baita.
Mota honetako materialak elementu bi edo gehiago elkartuz lortzen dira, eta konbinazio arinagoak, gogorragoak eta korrosioarekiko edo aurkako inguruneekiko erresistenteagoak direnak lortzea bilatzen dute.
Kongresua bi urtean behin egiten da, eta aurten hitzaldi programa zabala eduki du, non IK4-IKERLANen partaidetza nabarmena izan den. Arrasate-Mondragóneko zentroak bost hitzaldi eman zituen, bere azken garapenetako batzuen berri emateko, besteak beste: multimaterialetan oinarritutako diseinua, soluzio itsatsien diseinua, karga konplexuen menpeko materialen nekearekiko ezaugarritzea eta egituren inpaktuetako portaera.
MATCOMP 2017an konpositeen alorrean estatu mailan dauden erakunde nagusiak elkartu ziren, eta zentroak haien aurrean erakutsi ahal izan zituen bere gaitasunak. IK4-IKERLANeko Mekanika alorreko arduradun Felix Martinezen hitzetan, “gure helburua da efizienteagoak eta arinagoak diren material berriak eskaintzea, beti sektore batzuek, hala nola garraioaren eta energiaren sektoreek, dituzten benetako arazoetarako konponbideak bilatzeko asmoarekin.”
Material Konposatuen Espainiako Elkartea (AEMAC), Mondragon Unibertsitatea (MU) eta TECNALIA, korporazio teknologikoa, izan dira MATCOMP kongresuaren antolatzaileak, eta kongresuarekin haien asmoa da konpositeen eremuko azken ikerketak eta teknologia berritzaileak aurkezteko eta eztabaidatzeko foro bat eskaintzea.