- Basque Research and Technology Alliance (BRTA) sortu da euskal sareko zentroen eta eragileen koordinazioa hobetzeko eta Euskadik lurralde berritzaile gisa nazioartean duen posizionamendua indartzeko.
- IKERLAN aliantza berri horretan sartzea bat dator bere antolamendu ereduaren eta bere talentuaren garapen estrategikoaren eraldaketarekin eta bere ikerketa azpiegituren berritzearekin.
IKERLAN zentro teknologikoa eragile eratzaile gisa batu da Zientzia eta Teknologia esparruko Basque Research and Technology Alliance (BRTA) Partzuergora.
Partzuergo berriak Mendaron (Gipuzkoa) du bere egoitza, eta lankidetza dinamika bat bermatu nahi du bere kideen artean, berrikuntza lurralde gisa Euskadik duen kanpo proiekzioa hobetzeko helburuarekin eta etorkizuneko erronka teknologikoei aurre egin ahal izateko.
“Energia eta ilusio guztiarekin batzen gara ilusio handia egiten digun proiektu honetara, konbentzituta baikaude lankidetza gakoa dela gure lurraldearen lehiakortasunerako”, ziurtatu du IKERLANeko zuzendari nagusia den Marcelino Caballerok.
BRTA Partzuergoaren helburu dira, batetik, erakundeen arteko koordinazioa hobetzea eta, bestetik, Euskadik lurralde berritzaile eta I+G arloko gune gisa nazioartean duen posizionamendua indartzea.
Bere eraketa bat dator IKERLANen birformulazio estrategikoaren prozesuarekin, non, beste ekimen batzuen artean, bere antolamendu eredua eraldatu duten, bere instalazioak eta laborategiak berritu eta bere irudi korporatibo berria kaleratu.
Gainera, IKERLANeko pertsonen garapenaren eta espezializazioaren aldeko apustu estrategikoak (hori ere bada BRTAren ardatz garrantzitsuetakoa) Garatzen izeneko garapen profesionaleko sistema berritzaile bat gauzatzea bultzatu du, eta horrek profesional bakoitzaren garapenerako ibilbide espezifikoa diseinatzea ahalbidetuko du, zentroaren estrategiarekin lerrokatuta.
IKERLAN BRTAn sartzeaz gain, zentro teknologikoak bat egin du lankidetzako beste ekimen estrategiko batzuekin ere. Horrela, Zibersegurtasuneko Euskal Zentroarekin (BCSC) bat egin du, zentro horren helburuak direlarik zibersegurtasunaren kultura sustatzea Euskadin, esparru horrekin lotutako jarduera ekonomikoa dinamizatzea eta sektore profesionala indartzea.
16 eragileren zientzia eta teknologia esparruko gaitasun handiak
BRTA zuzenbide publikoko erakunde gisa eratu da, lankidetza hitzarmen baten bitartez. Sinatzaileak dira Eusko Jaurlaritza, SPRI taldea, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiak eta Zientzia eta Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko (RVCTI) zientzia eta teknologia esparruko 16 kide.
Ildo horretan, egun Euskadi Europar Batasuneko berrikuntza handiko lurraldeen taldean kokatu da, eta, dimentsio geografikoa eta biztanle kopurua kontuan hartuta Euskadi txikia bada ere, BRTA aliantzako kide diren ikerketa zentroen zientzia eta teknologia esparruko gaitasun handien batuketak eragin du erakunde berria nazioartean erreferente diren korporazioen (RISOE -Suedia edo SINTEF –Norvegia, esaterako) pare jartzea.
Partzuergoa Rikardo Bueno Zabalak zuzenduko du, eta Euskadiko I+G gastuaren % 22 inguru darabilten gaitasunen batuketa koordinatuko du, 3700 pertsona ingururekin.
Horrela, partzuergo berritik hainbat jarduera esparrutan lan egingo da. Partzuergoko kide diren eragileen zientzia eta teknologia esparruko gaitasunak antolatuko ditu eta, era berean, eragileen giza baliabideen garapena koordinatuko du jarraibide komunak erabilita, ikertzaileen ibilbide profesionalei, ikertzaile gakoen kontratazioari eta praktika onen identifikazioari eta trukeari dagokienez.
Ezagutzaren transferentzia izango da partzuergoaren beste funtzio bat, hau da, partzuergoko kideei lagunduko die merkatu berriak esploratu eta zabaltzen, zientzia eta teknologia Europako Ikerketa Eremuan koordinatzen eta teknologia enpresatara transferitzea sustatu eta garatzen.
Jarduera ekonomiko-finantzarioari dagokionez, egitura korporatiboaren kudeaketan elkarrekin jardutea sustatuko du eta partzuergoko eragileei laguntza emango dien adierazleen jarraipena egitea, RVCTI sareko eragile gisa. Azkenik, bere kide direnei I+G+B arloko laguntza zerbitzuak emango dizkie partzuergoaren jarduera esparruetan eta guztientzako interesgarriak diren alorretan.