Innovation Radarrek, H2020, FP7 edo CIP programen finantzaketarekin sortu diren berrikuntza maila handiko proiektuak identifikatzeko Europako Batzordeak duen tresnak, aktibo berritzaileen funtsezko garatzaile izendatu du IK4-IKERLAN. Zehazki, berrikuntzaren barometro hau osatzen duten aditu independenteek ANGElab-en ikerketa proiektuaren inguruan egon diren balioa sortzeko aukerak nabarmendu dituzte. Ikerketa proiektua IK4-IKERLANek garatu du, FP7 programa europarrak bultzatuta, amaren odolaren bitartez fetuan gaixotasunak detektatzeko gailu sorta baten bidez. “Berrikuntza horiek teknologikoki erabat garatzeko lehen faseetan daude”, esan dute beren komunikatuan.
Erreferenteak Europan
IK4-IKERLANek jaso duen bikaintasunaren aitortzarekin Zentroa erreferentzia sendoagoa da Europan, ikerketa eragile gisa. IK4-IKERLANek egindako ikerketa Innovation Radar plataforma berrian argitaratuko da, orrialde horretan fondo europarrekin finantzatu diren eta “kalitate handikoak” izateagatik aukeratu diren proiektuak jasoko dira eta.
“Gure ustez ekimenak aukera berriak irekiko dizkio IK4-IKERLANi enpresa edo erakunde akademikoekin elkartzeko eta bezero edo inbertsiogile potentzialen interesa pizteko. Horren guztiaren gainetik, audientzia zabal bati erakutsiko dio berak egiten duen lan berritzailea”, azaldu du Innovation Radarreko lantaldeak.
Plataforma apirilaren 10ean aurkeztuko da, Bruselan, Digital Day 2018 egunean, ministroen eta Europako Parlamentuko kideen aurrean.
H2020 proiektu berriak
Europako proiektuetan parte hartzeak aukera ematen dio IK4-IKERLANi bere espezializazio teknologikoan aurrera egiteko eta nazioartean erreferente diren erakundeekin elkarlanean aritzeko. Jasotako aitortzarekin, IK4-IKERLANek bere posizionamendua indartu du fondo europarrekin egindako lan ibilbide sendoaren barruan. Zentzu horretan, azpimarratzekoa da 2017an IK4-IKERLANek zazpi proiektu berri garatzeko beharrezkoa den finantzaketa lortu duela H2020 programaren barruan.