options
search icon
email icon
EU
rrss gif icons
twitter icon
linkedin icon youtube icon

EpoSSen Urteko Foroa dinamizatu du IKERLANek, non Smart Systems Integration teknologietan Europako agenterik garrantzitsuenek parte hartu duten

shape

Ehunka hizlarik eta errenferentziazko enpresak, start-upek, unibertsitatek eta ikerketa zentrok hartu dute parte topaketan, zeina urriaren 16an eta 17an egin baita, Orona Ideon eta MiSSIon Smart Systems izenburupean.


shape

IKERLAN, Smart Systems Integration teknologietako erreferentziako zentro teknologikoa den heinean, EPoSS plataforma teknologiko europarraren Urteko Foroa antolatzeaz eta dinamizatzeaz arduratu da; aurreko edizioak Grezian, Austrian edo Italian egin ziren. Orona Ideoren Hernaniko instalazioetan ehun bat aditu internazional elkartu dira, bai eta ikerketa zentroak, unibertsitateak, start-upak eta erreferentziako enpresak ere, beren produktuak eta ekoizpen prozesuak era iraunkorrean digitalizatzea errazteko, sistema adimendunekin lotuta duten teknologien bitartez.  Urteko Foro hau urriaren 16an eta 17an egin da, MiSSIon Smart Systems izenburupean, eta Europako hamar herrialde baino gehiagotik etorritako hizlarien partaidetza eduki du, bai eta SIEMENS, BOSCH eta AVL moduko puntako enpresen ordezkariena eta Fraunhofer, CSIC, CEA eta RISE moduko ikerketa zentroetako ikertzaileena ere. 

Topaketan, Gipuzkoako Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko foru diputatu Imanol Lasak azpimarratu du sistema adimendunen teknologiek gure ingurunearen ardatz estrategikoak garatzeko eta haren erronkei aurre egiteko duten zereginaren garrantzia, bereziki industriako digitalizazioaren, mugikortasun iraunkorraren, biztanleriaren zahartzearen eta kalitateko enpleguaren sorreraren gaietan. Helburuek, gainera, talentua sortzea eta atxikitzea behar dute, EPoSS plataformak berak ere behar duen zerbait, alegia.  

Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeak izaera internazionaleko jardunaldi batean hartu du parte lehenengo aldiz, eta erakunde horretako zuzendari Rikardo Buenok azpimarratu du Euskadik sistema adimendunen eremuan hartu duen protagonismoa, I+G proiektuak bultzatzeko eta horrelako proiektuetan parte hartzeko duen gaitasunari esker.

MONDRAGONeko Berrikuntza eta Teknologiako zuzendari Eduardo Beltran de Nanclaresek azpimarratu du, halaber, industriako negozioen produktu eta zerbitzuak digitalizatu eta horietan denetan smart teknologiak erabiltzen hasi beharra.

Sistema adimendunen teknologietako start-upen lehen lehiaketa

Foro honetan bertan, sistema adimendunekin lotura duten teknologietan enpresarik nabarmenena izendatzeko lehiaketa antolatu da lehen aldiz Enpresagintzaren laguntzarekin (Mondragon Unibertsitatea) eta lau euskal start-upek parte hartu dute lehiaketa horretan. Hauek izan ziren start-up parte hartzaileak: Imatek, smart cities deiturikoetarako eta 4.0 industriarako cloud soluzioen diseinuan ari dena; Noismart, zarataren kontrolerako teknologiak eta zerbitzuak asmatzeaz arduratzen dena; Purple Blob, beren negozioen eraldaketa digitala egin nahi duten enpresentzat neurrirako soluzioak egiten diharduena, eta Asimob, adimen artifiziala eta IoT soluzioak erabiliz errepide adimendunak diseinatzen dituena.

Epaimahaia MONDRAGON Sustapen Zentroko, BOSCheko eta Fraunhofer-ENAS eta EPSI (Kiroleko Berrikuntzarako Plataforma Europarra) erakundeetako ordezkariek osatuta zegoen, eta Imateki eman zion saria, kutxatilen azpitik doazen kanalizazioak egiaztatzen uzten duen sistema berritzaile batengatik. Izan ere, IoT teknologiei eta Smart Cities tresna bati esker, ez da beharrezko kutxatilak irekitzea egiaztapena egiteko, eta ez dago ustekabean kanalizazioak apurtzeko arriskurik, eta gainera hiri iraunkorragoak sortzen laguntzen du. Gainera, parte hartzaile guztiek EpoSS Trademark erabiltzeko eskatu ahal izan zuten, beren proiektuen barruan Smart Systems teknologiak sartzen direla onartuta.

EPoSS plataforma teknologiko europarra irabazi asmorik gabeko ekimena da, eta bertan Europako 20 herrialdetako erakundeek hartzen dute parte, industriaren sektorean dauden ikerketa, garapen eta berrikuntza premiak definitzeko eta Smart Systems Integration delakoekin lotura duten teknologien lege baldintzak definitzeko asmoarekin. Teknologia horiek Euskadiko sektore estrategikoen, hala nola fabrikazio aurreratu, garraio, energia eta biomedikuntzaren sektoreen, digitalizaziorako duten garrantzia ikusita, IKERLANek erabaki du plataforma horretan modu aktiboan parte hartzea, IK4 Aliantzarekin batera plataformaren bazkide sortzailea izanik.

IKERLANi buruz

IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentzian eta enpresari balio lehiakorra ematen, besteak beste bere ikertzaileen espezializazioagatik. Soluzio integralak eskaintzen ditu, hiru arlo nagusi hauetako hainbat eremu teknologiko uztartuz: Elektronika, Informazio eta Komunikazioko Teknologiak (EIKT); Energia eta Potentziako Elektronika; eta Fabrikazio Aurreratua. 2018an, IKERLANek AENORen egiaztagiria lortu zuen, bere kudeaketa sistema integralagatik (UNE-EN ISO 9001:2015 eta UNE 166002:2014), zeinarekin zentroak I+G+B alorrean duen bikaintasun maila aitortzen baita. Gaur egun, langile taldea 300 pertsona inguruk osatzen dute.

close overlay