options
search icon
email icon
EU
rrss gif icons
twitter icon
linkedin icon youtube icon

Datuak, industriaren motor berria

shape

IK4-IKERLANeko Fabrikazio Aurreratuko unitatearen zuzendaria den Xabier Sagartzazuk, funtsezko ideiak azaltzen dizkigu  


shape
  • Gauzen Internet delakoak, eta konektibitatea eta adimena gero eta gehiago erabiltzeak aukera irekitzen die enpresei beraien eragiketak hobetzeko eta bezeroei balio erantsi handiko zerbitzuak emateko

Datuen erabilera masiboak bide berriak irekiko ditu industriarako. Teknologia digital berrien sarrerarekin makinen funtzionamenduari buruzko informazioa lortu ahal izango dugu, eta hori hainbat modutara erabili. Horrenbestez, negozio eredu berriak martxan jartzeko aukera irekitzen da gure aurrean, prestazio berriak izango dituzten produktu eraginkorragoak garatzeko aukera, eta are erabakiak automatikoki hartzeko gai izango diren makinak egiteko aukera.

Errealitate horrek ia sektore guztiei eragingo die, eta horietan euskal ekonomiarentzat oso garrantzitsuak diren batzuk daude, hala nola garraioa, energia, makina-erreminta eta aeronautika.

Enpresa bere produktuak sareetara konektatzearen ondorioz sortzen diren aukera berriak esploratzeko prestatzen ari dira. Gauzen Internet delakoak, eta konektibitatea eta adimena gero eta gehiago erabiltzeak aukera irekitzen die enpresei beraien eragiketak hobetzeko eta bezeroei balio erantsi handiko zerbitzuak emateko.

Iraultza honen oinarrian teknologia berriak daude, ekipamenduen bizitza ziklo osoan zehar datuak lortzeko, makinak elkarri konektatzeko, informazio kantitate masiboa tratatzeko, adimen artifiziala erabiltzeko, etab. Teknologia berri horiek produkzio lerroetan zein osagaietan eta amaierako produktuetan hedatzen ari dira.

Pertsonalizazio handiagoa

Horri esker, produkzio prozesuak monitorizatu ahal izango dira, izan ere, hori orain arte ezinezkoa zen. Ondorioz, oso datu baliagarriak lortuko dira. Industriaren balioa mugitzen ari da, eta enpresen negozio ereduak errealitate berri horretara egokitzen ari dira. Adibidez, datozen urteetan, ikusiko dugu enpresek pertsonalizazio maila handiko gero eta eskaintza gehiago egiten dutela, eta produktuei lotutako balio zerbitzuak eskaintzeko gaitasun handiagoarekin.

General Electric (GE) bezalako lider industrialen adibideek erakusten dute joera hori nabarmen: datuak monitorizatzeko eta tratatzeko teknologiei eta mantentze lanen gaineko ezagutza handiari esker, iparramerikar multinazionalak aldatu egin du bere negozio eredua: sektore aeronautikoarentzat motorrak saltzetik, motorra erabiltzeko orduak saltzen ditu, konpainiak berak egindako mantentze lan prediktiboaren eredu berri batekin.
Horri esker, GEk motorrak mantentzeari lotutako arriskuak minimizatu ahal izan ditu, ingurumen aztarna murriztu, eta bere posizionamendua hobetu lehiakideekiko.

Errealitatea ez dago hain urrun

Kasua urrunekoa eman dezake, baina gure inguruan gero eta enpresa gehiago ari dira jokaleku berri horretara egokitzen. Horretarako, I+G+Baren alde egin dute, koordenatu berriak kontuan hartuz garatu beharreko produktuaren hastapenetik komertzializazioaren planifikazioraino eta saldu ondoko zerbitzuetaraino, horiek baitira etorkizuneko hazkundearen benetako motorrak.

ABC, Fagor Arrasate, Fagor Automation, Laulagun, Orona, Ulma Handling System edo Urola bezalako enpresak dagoeneko ildo horretan ari dira lanean, IKERLANekin garatutako soluzio teknologikoak euren produktu berrietan sartuz, beraien merkatuetan zerbitzu hobeak eskaintzeko.

Monitorizazio sistema

Fagor Arrasateri dagokionez, zentroa denbora errealeko monitorizazio sistema bat lantzen ari da, bezeroen makinetatik zuzenean bidalitako datuetan oinarritutako adierazle operatibo berriak kalkulatzeko gaitasunarekin. Datuen ustiapena enpresako negozio desberdinak garatzen ari diren Industry 4.0 zerbitzuen parte izango da, eta helburua da makinen erabilgarritasuna eta fidagarritasuna modu proaktiboan hobetzea.

Lankidetza horretan, IKERLAN sistema mekatronikoak kontrolatzeko eta monitorizatzeko teknologiak erabiltzen ari da, baita ere elektronika, informazio eta komunikazioko teknologietako (EIKT) soluzio berriak, bereziki lainoan datuak masiboki tratatzeko arkitektura berriak (Big Data).

Softwarearen ikuskapena

ULMA Handling Systemsekin, zentroa instalazio logistikoak ikuskatzeko berak duen sistema berria garatzen aritu da. Sistemak softwarearen egoera denbora errealean monitorizatzen du eta alarmak bidaltzen ditu intzidentziarik egonez gero. IKERLANek teknologiak integratzen ditu proiektuan, datuak masiboki tratatzeko eta lainoan konputatzeko azpiegitura berriak sortu ahal izateko.

Ikuskapen sistema horri esker, ULMA Handlingek berehala lortzen du biltegi bakoitzaren egoerari buruzko informazioa, zein lekutan dagoen eta konektatzeko ordua zein den alde batera utzita. Horrela, sistemak bermatzen du, baita ere, bere bezeroen prozesu logistikoen kalitatea eta fidagarritasuna, lainoaren bitartez ere kudeatu baititzakete. Ulma Handlingek instalazioak ikuskatzeko duen sistemari gehitu dio garapen hori, bere bezeroek balio erantsia izan dezaten beraien prozesu logistikoetan eta LTZn.

Autodiagnostikatzeko gai diren errodamenduak

Azkenik, zentorak Laulagun Bearingsekin duen lankidetza nabarmendu daiteke, aerosorgailuetarako errodamendu mota berri baten garapenean, zeinean errodamenduak bere osasun estrukturalaren egoera monitorizatu eta diagnostikatzeko gaitasuna duen.

Garatutako errodamenduak hardware eta software elementuak ditu, bere egoera detektatzeko eta hainbat alderdiren zaintza automatikoa egiteko, esaterako, pitzadurak eta koskak garaiz identifikatzeko. Sentsoreek hartutako informazioa errodamendu batean txertatuta dagoen prozesamendu unitate batera bidaltzen da, harririk gabeko bide batez.

Unitate horrek errodamenduaren osasun egoera diagnostikatzen du eta, dagokionean, informazioa bidaltzen du kanpora, egin beharko liratekeen mantentze lanei buruz. Proiektua garatzeko aplikatu den metodologian fidagarritasun estrukturaleko eta monitorizazioko teknologiak integratzen dira, eta, halaber, errodamenduan bertan mikrosistema sentsoreen teknologiak eta sistema elektroniko txertatuak erabili dira, baita ere aplikazioari egokitutako haririk gabeko komunikazioak.

Laulagun Bearings enpresak IKERLANekin elkarlanean egin dituen garapenak patentatu ditu, eta errodamenduaren bizitza erabilgarria luzatzea eta aerosorgailuaren mantentze lanei lotutako kostuak murriztea ezarri ditu bere bezeroentzako helburu gisa.

close overlay