options
search icon
email icon
EU
rrss gif icons
twitter icon
linkedin icon youtube icon

CL-Windconek kontrol eredu eta algoritmoak garatzen ditu parke eoliko efizienteagoak egiteko

shape

IKERLAN proiektu honetan parte hartzen ari da, zeinaren bidez aerosorgailuak haizeaz baliatzen diren modua optimizatuko baita


shape

CL-Windcon I+G+b alorreko proiektu europar bat da, parke eoliko efizienteagoak eraikitzeko eredu informatikoak garatzeko asmoarekin abian jarritakoa, eta IKERLAN proiektu horretan ari da parte hartzen. Ekimen honen asmoa da parkeen diseinu integrala optimizatuko duten kontrol ereduak eta algoritmoak inplementatzea, haizeari probetxu gehiago ateratzeko eta parkearen gastuak murrizteko.

Aerosorgailuek lorratz zurrunbilotsua sortarazten dute beraietatik igarotzen den haizean, motordun ibilgailuen uzten duten arrastoaren antzekoa, eta horrek hurbileko aerosorgailuei eragiten die. Horrek parke eoliko bateko aerosorgailuen dentsitatea eta bere efizientzia mugatzen ditu.

CL-Windconen hainbat eredu garatuko dira, eta eredu horiekin aerosorgailuen eta parke eolikoen diseinu integrala egin ahal izango da haizearen ustiapena optimizatzeko, mantentze lanen gastuak murrizteko eta sare elektrikoa doitzeko zerbitzuetan parte hartzeko energia eolikoak duen ahalmena hobetzeko. Horren ondorioz, parkeetako ustiapena ekonomikoki bideragarria izango da, parkeak energia gehiago sortzeko gai izango dira eta sare elektrikoak energia eolikoko portzentaje handiagoa onartu ahal izango du bere mix-ean.

Zehazki, lortu nahi da, besteak beste, energia eolikoaren kostu global normalizatua % 10 murriztea (LCOE), parkeetako ekoizpena % 4-5 inguru handitzea, eragiketa kostuak % 4 gutxitzea, makinaren bizitza baliagarria % 1 luzatzea eta osagaien materialen kostuak % 3 eta % 4 artean murriztea. Proiektuaren ondoriozko hobekuntza tekniko horiek ekonomian eta ingurumenean duten inpaktu globala ere aztertuko da.

Proiektu honetan, zeina Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalak (CENER) gidatzen baitu, 6 herrialdetako 14 bazkidek hartzen dute parte guztira. Proiektua Europar Batasuneko Horizonte 2020 programak finantzatuta dago, eta 2019ko urrian bukatuko da.

IK4-IKERLANen zeregina

IKERLANek esperientzia zabala du aerosorgailuen kontrol automatikoaren diseinuan. Sistema horiek erabakitzen dute zenbat potentzia transmitituko den une bakoitzean sare elektrikora eta zenbat irekiko diren palak haizearekiko. CL- Windconek proposatutako parke eolikoaren diseinu integralak gaur egun eskaintzen ez dituzten hainbat prestazio eskatuko dizkio sistema horiei.

IKERLANek aerosorgailuen kontrol automatikorako sistema bat diseinatu eta inplementatuko du, zeinak esandako prestazioak eskainiko ditu, parkearen eta aerosorgailuaren helburuak harmonizatuz. Gainera, zentroak parke eolikoen kontrol automatikoa diseinatzeko metodoak proposatuko ditu, aerosorgailuen prestazio berriak erabiliz, energiaren errendimendua hobetzeko, mantentze lanen premiak hobeto kudeatu ahal izateko eta erabilgarritasuna hobetzeko.

IKERLANi buruz

IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentzian, ikertzaileen espezializazioan eta enpresari balio lehiakorra ematen, besteak beste bere ikertzaileen espezializazioagatik. Soluzio integralak eskaintzen ditu, hainbat eremu teknologiko uztartuz. Hori posible izateko arrazoia da hiru esparru handitan espezializazio maila handia duela: Elektronika, informazio eta komunikazioko teknologiak (EIKT), Energia eta Potentzia Elektronika, eta Fabrikazio Aurreratua. Gaur egun, langile taldea 290 pertsona inguruk osatzen dute.

close overlay