options
search icon
email icon
EU
rrss gif icons
twitter icon
linkedin icon youtube icon

Bigarren urtez, IK4-IKERLANek bere ahalmenak aurkeztuko ditu sistema txertatuen gainean Europan egiten den azokarik garrantzitsuenean

shape

Embedded World 2016 azokan parte hartuko dugu Nurembergen, otsailaren 23tik 25era


shape
  • IK4-IKERLAN APLIKAZIO KRITIKOETARAKO FIDAGARRITASUN HANDIKO SISTEMA ELEKTRONIKOEN GARAPENAREN ERREFERENTZIA DA NAZIOARTEAN
  • GARRAIOAREN, OSASUNAREN, ENERGIA EOLIKOAREN ETA KOMUNIKAZIO INDUSTRIALEN SEKTOREEKIN LOTURA DUTEN HAINBAT GARAPEN ERAKUTSIKO DITU

 

IK4-IKERLAN sistema txertatuen alorrean Europan egiten den ekitaldirik garrantzitsuenean egongo da: Embedded World 2016 azokan, Nurembergen (Alemania), otsailaren 23tik 25era bitartean. Euskal teknologia zentroak arlo horretan dituen gaitasunak erakutsiko ditu bertan, nazioarteko erreferente den heinean, kontinente osoko eragile garrantzitsuenek osatutako publikoa aurrean duela.

IK4-IKERLAN ahalegin handia egiten ari da sistema txertatuei zuzendutako I+Ga bultzatzeko, hau da, sistema horiek dituzten objektuek, dela ibilgailuek, industriako makinek edo aerosorgailuek, duten funtzio bat edo gehiago modu fidagarrian eta oinarri sendoekin kontrolatzeko balio duten gailu elektronikoetara bideratutakoa. Sistema horiek industriaren lehiakortasuna bultzatzen laguntzen dute, izan ere, beraiek daramtzaten objektuen prestazioak, segurtasuna eta eraginkortasuna areagotzea ahalbidetzen dute, eta horri esker merkatuan balio erantsi nabarmena dute.

Embedded World 2016 azokan, Zentro Teknologikoak aplikazio kritikoetarako, hau da, huts eginez gero pertsonen segurtasunaren ikuspegitik ondorio larriak edo kalte ekonomikoak eragingo lituzketen aplikazioetarako fidagarritasun handiko sistema elektronikoen gainean dituen gaitasunak erakutsiko dizkie interesa duten enpresei.

Berez, IK4-IKERLAN nazioarteko erreferentzia da horrelako gailuen garapenean, hainbat enpresarekin elkarlanean arituta eskuratu duen esperientziagatik. Azokan jarriko duen erakustokian (4 aretoko 425 zenbakiko erakustokia), garraioaren, industriako ekipo ondasunen, energia eolikoaren eta jasokuntzaren sektoreekin lotura duten hainbat garapen erakutsiko ditu.

Embedded World 2016

Embedded World Exhibition & Conference 2016, Nurembergen (Alemania) egingo da, otsailaren 23tik 25era bitartean, eta Europako sistema txertatuen sektorerako urteko hitzordurik garrantzitsuena da. Azokaren garrantzia nabarmentzeko, nahikoa dira bi zifra: joan den urtean, azokan 902 erakusle egon ziren, eta 25.000 bisitari baino gehiago eta 70 herrialdeetako ordezkariak erakarri zituen.

Embedded World 2016 azoka erakusleiho ezin hobea izango da sektoreko eragilerik garrantzitsuenei aplikazio kritikoetarako fidagarritasun handiko sistema elektronikoen eremuan IK4-IKERLANek daukan indarra erakusteko aukera izango delako.

IK4-IKERLANi buruz

IK4-IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentziari eta enpresei balio lehiakorra emateari dagokionez, hainbat domeinu teknologiko konbinatuz soluzio integralak eskaintzeko ahalmena baitu. Hori posible izateko arrazoia da sei esparru handitan espezializazio maila handia duela: sistema txertatuak, potentziako elektronika, mikroteknologiak, energiaren eraginkortasuna eta biltegiratzea, mekatronika eta fabrikazio aurreratua.

close overlay