Fagor Automationen jarduera da makinen automatizaziorako eta kontrolerako produktuak garatzea eta fabrikatzea eta makina-erreminten sektorerako zerbitzuak hornitzea. Softwarea garatzeko duen gaitasuna eta soluzio pertsonalizatuak eskaintzeko bere sistema produktiboak duen malgutasuna dira bere ezaugarri bereizgarrienak. Konpainiak kanpoko bokazio garbia du, eta hori ondo ikusten da 50 herrialde baino gehiagotan duen presentzian, eta, gainera, I+G+B alorrean lan asko egiten du.
Izan ere, 30 urte baino gehiago dira IK4-IKERLANekin harremanetan dagoela eta harekin lankidetzan diharduela, gaur egun lankidetza hori elektronika, informazioa eta komunikazioaren teknologien alorreko soluzioak inplementatzeko lanetan izanik, bereziki. Enpresako I+Gko zuzendari Marcelino Novok azaltzen digu, elkarrizketa honetan, zein diren enpresaren eskaintzan teknologia horiek duten aplikazioaren gakoak eta zer aukera duten etorkizunari begira.
Zer azpimarratuko zenuke elektronikaren, informazioaren eta komunikazioaren teknologiek Fagor Automationen produktu eta zerbitzuetan egun duten eraginetik?
EIKT teknologien garapenaren gorakada handiak eragin zuzena du Fagor Automationen produktu eta zerbitzuetan, bereziki bere zenbakizko kontrolen familietan. Teknologia horietako batzuek, hala nola hari gabekoek, errealitate birtualak eta areagotuak, cloud compunting-ak, big data-k eta zibersegurtasunak lagundu egin dute manufakturako enpresen lan egiteko moduek jauzi oso handia ematen, eta Fabrikazio Digitala edo 4.0 Industria agertzea ekarri dute.
Zein dira EIKT teknologiek zuen sektorean sartzeak ekarritako erronka nagusiak?
Hasteko, gure kontrol sistemak prest egon behar dira fabrikatzeko modu berritzaile horretan berehala eta oso modu errazean txertatuak izateko. Horretaz aparte, gai izan behar gara balio erantsi handiko zerbitzuak eskaintzeko EIKT teknologiek ekoizpen sisteman txertatuta ematen dituzten aukera bikainak eta ematen duten informazio ugaria aprobetxatuta. Horrek ahalbidetuko digu bai makinen fabrikatzaileei bai makinen erabiltzaileei soluzioak eskaintzea.
Nola ikusten du Fagor Automationek teknologia hauek etorkizunean gure ingurunean beharko duten garapena?
Uste dugu oinarrizko teknologiak behar beste garatuta daudela. Baina, teknologia horiek ahalik eta lasterren enpresetan sartzeko, bai enpresa handietan bai txikietan, eta bereziki azken horietan, beharrezkoa da erraz eta modu intuitiboan hedatu ahal izatea, ezagutza tekniko handirik eduki beharrik gabe. Gainera, lan egiteko modu berri hau enpresetan orokortu dadin, beharrezkoa da zibersegurtasunaren erronka handia konpontzea.
Zer beste erronka ditu Fagor Automationek berrikuntzaren eremuan?
Gure sarea eta gure bezeroak trebatu behar ditugu teknologia horien erabileran, eta trebatutako langileak eskuratu behar ditugu, hau da, diziplina askotan prestatuta dauden eta teknologia berriek eskaintzen dituzten aukera guztiekin modu naturalean lan egiteko gai diren profesionalak.
Zer baloratzen du gehien zure enpresak IK4-IKERLANen ekarpenari dagokionez?
Nik esango nuke bezeroarekiko hurbiltasuna eta industriak benetan dituen arazoen ezagutza direla IK4-IKERLANetik gehien baloratzen duguna.