IK4-IKERLANek 2003. urteaz geroztik dihardu konpainia horrekin lankidetzan. Alstom Powereko 'real-time systems'-eko arduradun Ton Trapmanekin hitz egin dugu, sistema txertatuek bere sektorean duten garrantziaz eta zentroaren eta bere enpresaren arteko harremanez.
Gizarteak aerosorgailu batez duen irudia oso lotuta dago mekanikari, eta ez hainbeste hura gobernatzen duen elektronikari. Aerosorgailu batean, zein da sistema sistema elektroniko txertatuen eginkizuna?
Historikoki, aerosorgailuak sistema mekanikoz eta potentzi elektronikako hainbat osagaiz osatuta zeuden. Azken urteetan, osagai elektronikoen erabilera handitu egin da, eta orain kontrol aurreratuko sistemak erabiltzen dira, produkzioa handitzeko eta, aldi berean, produktuaren kostua murrizteko helburuarekin. Sistema adimendun horien adibideak dira, besteak beste, bihurgailuaren sistema, palak posizionatzeko sistema eta sentsorerik sofistikatuenak.
Adibidez, bihurgailuak aukera ematen du transmisio trenaren gaineko karga elektrikoak eta mekanikoak murriztea (palen multzoa, biderkagailua eta generadorea), eta horrek lagundu egiten du energiaren produkzioa areagotzen eta osagaien neurriak murrizten. Aldi berean, aukera ematen du aerosorgailuen parke batek rol aktiboa izateko sare elektrikoa egonkortzeari dagokionez, eta horrek, halaber, handitu egiten du parke eolikoen jabearen etekina.
Zein dira sistema txertatuek aerosorgailuetan dituzten eginkizunik kritikoenak?
Aerosorgailu baten eginkizun nagusia, hau da, energia ekoiztea, sistema txertatuen bidez kontrolatzen da. Horiek oso rol garrantzitsua jokatzen dute, izan ere, aerosorgailuek ekoitzitako energia ahalik eta gehien optimizatzea ahalbidetzen dute, diseinuak ezarritako mugen barruan.
Gainera, beste eginkizun kritiko batzuez ere arduratzen dira, horien artean egonik biraketaren abiadura kontrolatzea, haizeari begira egoki lerratzea, edo bibrazio maila kontrolatzea.
Etorkizunean, sistema txertatuek zer erronkari egin beharko diete aurre sektore eolikoaren beharrei erantzuteko?
Energiaren kostuak faktorerik garrantzitsuenetako izaten jarraitzen du eta, ildo horretan hobetzeko, osagaiek muga fisikoetatik gero eta hurbilago ibili beharko dute. Hori egiteko modu bakarra da kontrol sistemak erabiltzea, hau da, sentsore kontrolagailu eta aktuadore adimentsuagoak eta azkarragoak, segurtasun funtzio konplexuagoz hornituak.
Aldi berean, interakzio handiagoa egongo da parkeetako aerosorgailuen eta operazio zentroen artean, arazoen detekzio prebentiboa egiteko eta parke osoaren ekoizpena optimizatzeko.
Alstomek harreman sendoa du IK4-IKERLANekin. Zer nabarmenduko zenuke arlo horretan zentroak egiten duen ekarpenetik?
Bereziki estimatzen dugu IK4-IKERLANek teknologia berriez duen ezagutza, baita beste sektore batzuei buruzkoa ere, horri esker gure produktuetarako soluziorik egokienak eskaintzen dizkigulako.
Azkenik, beste zer diziplinatan lan egiten duzue IK4-IKERLANekin lankidetzan?
Lankidetza sendoa dugu arlo estrukturalean eta mekanikoan, horien direlarik berrikuntzarako oinarrizko zutabeak aerosorgailuen arloan. Baita ere kontroleko ingeniaritzaren arloan, funtsezkoa baita aerosorgailua bezalako sistema mekatroniko bat efizientziaz gobernatzeko.
Aerosorgailuaren kudeaketa termikoaren esparruetan ere lankidetzak abiarazi berri ditugu, baita ere aerosorgailu, parke eoliko eta parkeen floten monitorizazioaren eta ikuskapenaren arloan ere, akatsak iragartzeko eta zerbitzuaren kontzeptua sartzeko helburuarekin.
Alstomeko eta IK4-IKERLANeko teknikariek oso sintonia lortu dute, eta hori funtsezkoa da ahalik eta baliorik handiena ekartzeko, eta horri esker lankidetzak oso emaitza onak ematen ditu bientzat.