options
search icon
email icon
EU
rrss gif icons
twitter icon
linkedin icon youtube icon

“Euskal enpresei lagundu nahi diegu zibersegurtasun industrialeko teknologiatan erreferente izan daitezen”

shape


shape

Zer rol du zibersegurtasunak egungo munduan?

Internet pertsonek esparru pertsonalean zein profesionalean egunero darabilten tresna da. Errotik aldatu da inguruarekin harremanak izateko era: online dendak, lantegi konektatuak, ibilgailu konektatuak, pertsona konektatuak, etab.

Gero eta ohikoagoa da enpresen negozioa internet teknologiatan oinarrituta egotea. Era berean, gero eta ohikoagoa da sistema industrialak internetera konektatuta egotea, funtzionalitate berriak eskaintzeko.

Adibidez, elektrizitatea banatzen duen konpainiak urrunetik ezagutu dezake gure etxeetako argindar kontsumoa. Kontagailu adimendunetan bidegabe sartzeak eragin negatiboa sor dezake negozioan eta azken erabiltzailean. Horrenbestez, zibersegurtasuna faktore gakoa da produktu elektronikoak, konexioak eta informazio fluxua seguruak direla bermatzeko.

 

Eta zer eragin du horrek guztiak euskal industrian?

Euskadiko enpresa industrialek, batez ere handienek, badakite ezin dutela digitalizazioaren trena galdu eta teknologia horien aldeko apustu sendoa egin dute, euren produktuei eta prozesuei balio erantsia eskaintzeko, baita euren zerbitzu gaitasuna hobetzeko ere.

Adibidez, guztiok ezagutzen dugu zer-nolako garrantzia duen segurtasun alderdiak trenbideen esparruan: pasonibelak, seinaleztapenak, trenera sartzeak, potentzia eta abiadura kontrola… Gaur egun, sistema horiek guztiak gailu elektronikoen bidez kontrolatzen dira eta gailu horien zibersegurtasuna bermatzea oinarri-oinarrizkoa da.

 

Zer-nolako enpresak edo sektoreak dira ahulenak erasoak jasotzeko orduan?

Edozein sektoretako edozein enpresak jaso dezake erasoren bat. Erasoa jasotzeko arrisku mailaz haratago, eraso horien arriskua ekintza horrekin norbaitek lor dezakeen onura zuzen edo zeharkakoaren menpe dago. Zibersegurtasunaren esparrua oso zabala da eta IKERLANen gure lana bereziki arlo industrialera bideratzen dugu.  

Gure bezero industrialekin izan dugun esperientziak erakusten digu eman beharreko lehen urratsa dela mehatxuak eta ahultasunak detektatzeko mekanismoak jartzea. Hau da, ez da zerbait gertatu arte zain egon behar, aurre hartu behar zaie gerta litezkeen gorabeherei. Gorabehera horiek hainbat motatakoak izan daitezke: makinak gelditzea, produkzio prozesua nahi gabe aldatzea, datu lapurreta, etab. Enpresa bakoitzaren errealitatea eta beharrak kontuan izanda, IKERLANen pertsonalizatu egiten ditugu soluzio egokienak.

 

Zer esango zenieke zibersegurtasunean inbertitzeko oraindik eszeptikoak diren enpresaburuei?

Egia da arriskuak beti hor daudela; hala ere, IKERLANen ez dugu beldurraren kulturaren alde egiten. Gure apustua da aurre hartzea eta planifikazioa egitea, zibersegurtasuneko estrategiak ezartzeko orduan, horrek ahalbidetzen baitie enpresei hobeto prestatuak egotea arrisku horri aurre egin ahal izateko.

Gainera, nazioarteko esparruan, ikusi dugu ezaugarri ziberseguruak dituzten produktu elektronikoak edukitzea lehiarako abantaila izaten hasia dela, zenbait sektore eta herrialdetan. Gure ustez, Euskadiko enpresak ondo posizionatuta daude aukera hori baliatzeko.

Era berean, zibersegurtasuna ez da bakarrik babes elementu bat, funtzionalitate berriak sortzea ere ahalbidetzen du eta; adibidez, blockchain izeneko teknologia berriek hornidura katean konfiantza harremanak ezartzea ahalbidetzen dute. Horrek ekarri du euskal industrian negozio disruptiboen eredu berriak agertzea. Balio erantsi berria sortzeak zibersegurtasunean egindako inbertsioa berez justifikatzen du.

 

Zein ikuspegitatik heltzen diozue gaiari IKERLANen?

Zibersegurtasun industrialean egiten ari garen ahaleginak sistema elektronikoak eta horien plataforma digitalak babestera bideratuta daude. Gure filosofia da zibersegurtasuna sistema elektronikoen eta produktu industrialen bizitza zikloaren diseinu hasieratik txertatzea. Ondoren, saiatzen gara soluzioak eskaintzen digitalizazioaren balio katearen fase guztietan, sentsoretik hodeiraino, IKERLAN KONNEKT gure plataformaren barruan.

Era berean, zibersegurtasuneko egiaztagirien rola gero eta garrantzitsuagoa da enpresentzako. Egiaztagiri horiek gida gisa balio dute eta jarraibideak jartzen dituzte zibersegurtasuneko teknologiak eskuratzeko orduan. 

Hori guztiari erantzuna eman ahal izateko, IKERLANen egiaztagiridun pertsonak eta punta-puntako azpiegiturak ditugu, Zibersegurtasun Industrialeko Laborategia esaterako.

 

Euskadin ba al ditugu gai honetan prestatutako profesionalak?

Euskadin, sektore publikotik (BCSC, Basque Cybersecurity Center, ZIUR) eta pribatutik (CYBASQUE kluster berria) bultzatzen ari diren Zibersegurtasuneko ekosistemak sortu dira.

IKERLANen Euskadin zibersegurtasun industrialaren arloko I+G talderik handiena daukagu, sistema elektronikoen eta horien plataforma digitalen esparruan. Azken aldian zailtasunak badaude ere profesional espezializatuak erakartzeko, egiten dugun harrobi lanari eta espezializazioan egiten dugun etengabeko inbertsioari esker, gaur egun esan dezakegu zibersegurtasunean ikertzen ari diren 35 ikertzaileko taldea dugula.  IKERLANen espezializazio jarraituaren aldeko apustua egiten dugu eta, gainera, ia euskal unibertsitate guztiekin elkarlanean ari gara, doktore tesi eta ikerketako beste mekanismo batzuen bitartez.

Prestakuntzaren eta espezializazioaren aldeko apustu horren helburua, enpresekin, unibertsitateekin eta beste eragile batzuekin dugun lankidetza estuarekin batera, euskal enpresei laguntzea da erreferente izan daitezen zibersegurtasun industrialean.

Diario Vasco-ko zibersegurtasunari buruzko gehigarri berezian argitaratutako elkarrizketa.

close overlay